Uhintifada 436. Uhintifadako denboraldi berri bati hasiera eman diogu historia garaikideko gertakari lazgarrienetako bat oroitzen dugun aste berean. Izan ere, iragan irailaren 16an 40 urte bete ziren Sabra eta Chatilako sarraskietatik. 1982ko egun haietan Libanoko Falange Kristauaren miliziek, Israelgo armadarekin elkarlanean, Beirut mendebaldeko errefuxiatuen kanpamendu horietan sartu eta 3500 herritaretik gora erail zituzten. Handik hilabete batzuetara NBEko Batzar Nagusiak berak genozidio krimen izendatu zuen triskantza hura, baina lau hamarkada geroago oraindik ez dira zuritu hilketa haren inguruko erantzunkizunak.