Prekaritatearen negozioa dokumentala aurkeztuko du LASek
Udal azpikontraten inguruko bideo erreportajea aurkeztuko dute hurrengo hilabetean zehar. Arana, Zabalganan eta Aldaben proiektatuko dute.
Prekaritatearen negozioa: luchando contra la subcontratación municipal en Vitoria-Gasteiz bideo erreportajea kaleratuko du Gasteizko Langile Autodefentsa Sareak (LAS) hurrengo asteetan zehar Gasteizko hainbat auzotan. Dokumentalean Gasteizko udal azpikontraten analisia egin dute, langileen testigantza zuzenak jasoz eta haiekin batera hirian gertatutako borroka prozesu ezberdinetan parte hartuz.
Abenduaren hamarrean izango da lehen proiekzioa, Aranako auzo elkartean 18:30etan. Bigarrena, abenduaren hemezortzian Zabalganako auzo elkartean, 18:30etan, eta rokodromoko langileekin solasaldi bat antolatu dute haien esperientziak partekatzeko. Azkenik, Aldabe Gizarte Etxean aurkeztuko dute dokumentala, urtarrilaren hiruan goizeko 11:30etan. Bertan, Enviserreko lorezainek “greba baten irakaspenak” partekatuko dituzte.
Egileek azaldu dutenez LAS eta Kontseilu Sozialistak bi urte daramatzate udal azpikontraten aurka borrokatzen. LASen arabera, azpikontratazioak “prekaritatea eta langileon zatiketa” sortzen du, eta erreportajea udal azpikontraten aurkako borrokaren baitan kokatzen dute. Egindako lanarekin udalaren eta enpresen arteko konplizitatea salatu nahi izan dute. Behin aurkezpenak eginda, sareetan ikusgai egongo da dokumentala.

Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
