Bi adingabe dituen familia bat etxegabetzeko arriskuan dago Alde Zaharrean
Biharko ezarrita dagoen etxegabetzea gelditzera deitu du Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak. Familiak hamalau urte daramatza Nueva Fuera kaleko etxebizitzan, eta 2021etik kaleratze arriskuan dago.
Gasteizko Alde Zaharreko familia bat etxerik gabe geratzeko arriskuan dago. Familiak 14 urte daramatza Nueva Fuera kalean, eta guztira 75.600 euro ordaindu dizkio jabeari alokairuan. Orain, jabeak etxetik bota nahi du 8 eta 10 urteko adingabeak dituen familia.
2021ean familiak transferentzia bidezko ordainketa egitea eskatu zion jabeari, gastuen erregistro bat izateko. Honek eskaerari uko egin zion, eta handik gutxira etxegabetzea agindua jaso zuen familiak. Etxegabetzeen aurkako moratoriaren ondorioz, desalojoa urtero atzeratzea lortu zuten, 2025eko abendura arte. Prozesua maiatzean berraktibatu zen, eta hasiera batean kaleratzea uztailaren 9rako zegoen aurreikusita, baina “auzo antolakuntzari” esker, etxegabetzea irailaren 25era atzeratzea lortu zuten. Etxegabetzeari aurre egiteko deia zabaldu du Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak , eta egoeraren larritasuna azpimarratu du: “familia kalean geratzeko arriskuan dago; izan ere, ez dute nora joan, eta gizarte-zerbitzuek argi utzi digute ez dutela bizitoki-alternatibarik eskainiko”.
Auzoan Bizik, Ramón Bajo eskolako komunitatearekin batera, kalean geratzeko arriskuak familiako bi adingabeen ongizatean eta hezkuntza prozesuan izan dezakeen eragina salatu du. Izan ere, bi haurrak Ramón Bajoko ikasleak dira, eta Alde Zaharreko ikastetxeko guraso elkartearen ustez, “ezin da haurren eta nerabeen ongizatea babestu etxegabetzeen aurka egin gabe”.
Sindikatuak adierazi du familia honen egoera ez dela kasu isolatua, eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunak gero eta handiagoak direla Gasteizen: etxebizitzaren batez besteko prezioa 1.200 eurotik gorakoa da, eta horren ondorioz diru sarrera txikiak dituzten familientzat jasanezina da alokairua ordaintzea. Alokairuen garestitzeaz gain, etxebizitza bat eskuratzeko bestelako oztopo batzuk aurkitzen dituzte familia hauek, hala nola egiturazko trabak edo jatorriaren arabera pairatzen duten diskriminazioa. Era berean, kaleratzeen aurkako moratoria eteteak milaka familia beren etxeak galtzera kondenatzen dituela salatu du Auzoan Bizik.
Egoera honen aurrean, jabeari eta auzitegiei kaleratzea bertan behera uztea eskatu diete, eta Gasteizko Udalari eta Gizarte Zerbitzuei bizitoki alternatiba eskaintzea exijitu diete. Bestalde, Udalaren etxebizitza politikak seinalatu dituzte, bereziki Cubo kaleko etxebizitza publikoen salmenta eta PERI hirigintza-plana, zeinak auzoan 35 hotel eraikitzeko aukera sustatzen duen.
Horregatik, Auzoan Bizi sindikatuak, Ramón Bajo eskolarekin eta guraso elkartearekin batera, etxegabetzea bertan behera uzteko eskatu du. Haien ustez, hezkuntzarako eskubidea bermatzeko ezinbestekoa da haurrek etxebizitza duin eta egonkorra izatea.
Ramon Bajo eskolako komunitatearekin batera, Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak mobilizazioa deitu du bihar, goizeko 9:00etan, Nueva Fuera kaleko 28 bis zenbakian.

Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
