URSSA eta EGAko fabrikak hartu ditu poliziak
Izugarrizko dispositibo polizial bat egin dute URSSA eta EGA fabriketan. Poliziaren hitzetan "lapurretak prebenitzeko dispositiboa" izan da baina bizilagunak beldur dira beraien jatorriko herrialdera kanporatzeko prozesuaren hasiera izan daitekeelakoan.
Gasteizen egoera zaurgarrian dauden etorkinen aurkako oldarraldiak ez du etenik. Gaur goizeko 06:00ak pasa direnean Ertzaintza, Polizia Nazionala eta udaltzainak gerturatu dira Gasteizko hegoaldean kokatuta dauden URSSA eta EGA fabriketara. Bertan bizi diren pertsonak ohetik altxatu eta banan banan identifikatu dituzte. Fabrikan bizi direnek azaldu dute Polizia Nazionalak beraietako batzuei pasaportea eta dokumentazioa konfiskatu dietela eta hau berreskuratu nahi izanez gero Atzerritartasun eta Muga arloko Polizia Nazionalaren komisaldegira joan behar diela esan dietela.
Fabrika hauetan egin den dispositiboari “lapurretak prebenitzeko dispositiboa” deitu diote, Fabrikak arakatu dituzte eta bertan zeuden zenbait objektu atzeman dituzte uztez lapurtuak izan daitezkeelakoan.
Ez da ordea argi geratu zertarako deitu dituzten bertan bizi diren pertsonak Polizia Nazionalak Gasteizen duen egoitzara. Poliziak NIEa (Atzerritarren Identifikazio Zenbakia) tramitatzeko hitzordua dela esan die hasiera batean baina batzuk beldur dira beraien jatorrizko herrialdera kaleratuak izan daitezkeela pentsatzen dutelako.
Poliziaren arabera zenbait pertsona komisaldegira eraman dituzte beraien egoera juridikoa aztertzeko.
Azken asteetan Espainiar estatuak berriro heldu dio Aljeriarekin zuen lankidetza akordioari eta honek kaleratzeak erraztu ahal dituela diote zenbait iturrik. Bertan zegoen polizia batek esan du helburua pertsona hauek kaleratzea dela.

Beldurra eta urduritasuna
Egoera honen aurrean fabriketan bizi diren pertsonek nekea beldurra eta urduritasuna azaldu dute. Batzuek aipatu dute ez dutela fabrikan lo egingo polizia berriro etorriko den edo kaleratuak izateko beldurragatik. Gainera beraietako batzuk dokumentazio gabe geratu dira horrek izan ditzakeen ondorioekin. Hala Bedi eta Arabako Alea-ren artean elkarlanean egindako lanean URSSAko bizilagun batek fabrikako egoera txarraren inguruan hitz egin zigun. Gaur berdina adierazi digute beste lekuko batzuek, bertan arratoiak, sarna eta zikinkeria ugari dagoela eta horren artean bizi behar direla. Salatu dute baita ere Ertzaintzak neguan argia moztu eta ordutik hotza pasatzen daudela.
Azken asteetako gertakariak
Operatibo polizial hau azken asteetako gertakarien baitan kokatzen da. Errekaleor Auzo Askeak zenbait komunikatutan salatu zuen poliziak (VOXen diskurtsoarekin bat eginez) URSSA fabrikan zeuden pertsonak instrumentalizatu zituela proiektu politikoa kaltetzeko. Astelehenean Gasteizko Herri mugimendua kalera irten zen faxismoaren eta oldarraldi polizialari aurre egiteko eta fabriketan bizi diren pertsonentzat irtenbide duin bat aldarrikatzeko.
Gaur bertan kaleratutako komunikatu berri batean, Errekaleor Bizirik-etik elkartasunerako deialdia zabaldu dute fabriketako bizilagunek poliziaren eskutik jasandako erasoaren aurrean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
