UHINTIFADA 459. Datorren ekainaren 10ean CAF trengintza konpainiak urteroko Akziodunen Batzar Orokorra antolatu du bere Beasaingo egoitzan. Espero liteke topagune hori foro egokia izatea enpresako zuzendaritzak azalpenak eman ziezaien akziodun eta inbertsiogileei nazioarte mailan eskuartean darabiltzan proiektuen inguruan; besteak beste; nazioarteko legedia urratuz, eta okupaziopeko eremuetan zehar, konpainia gipuzkoarra Jerusalem Ekialdearen eta Jerusalemeko hirigunearen artean eraikitzen ari den tranbia linearen inguruan. Baina, zantzu guztien arabera, beste behin ere, seguruenik, ezikusiarena egingo dute etxeko korridorean duten elefantearen aurrean. Kontu honetaz hitz egiteko Amaia Elorza abokatu beasaindarra gonbidatu dugu Uhintifadako mikrofonootara. Elorza sei urte luzez aritu da Palestinan bizitzen eta lanean, hain zuzen ere, Bethlehem eskualdeko Aida errefuxiatuen kanpamenduan. Orain, berriz, Beasainen bizi da, txanponaren ifrentzuan, kolonizazioaren azpiegiturak eraikitzen ari den konpainia hain errotuta dagoen eskualdean.