Polizia gehiegikeriari aurre egiteko tresnak bilatzen
Txago ekimena 2021an Gipuzkoan sortutako taldea da, eta estatu indarkeriaren erregistroa dokumentatzea du helburu: indarkeria poliziala jaso, gorde eta zabaltzeko tresna gisa aurkezten du bere burua. Polizia indarkeriaren 2025eko urteko txostena, Karrikaratu txostenaren hirugarren lana, aurkeztu zuten Errekaleorren joan den irailean.
Nola definituko zenukete Txago ekimena?
Taldearen izaera eta ekiteko moduak aldatuz joan dira urteen poderioz, bertako kideen izaerarekin eta hiriko eta inguruko errealitatearekin batera. Txago, talde baten moduan baino, tresna gisa ere irudikatzen dugulako, neurri batean: egungo indarkeria poliziala jaso, gorde eta zabaltzeko tresna. Eta erabili nahi duen orori zabaldu eta egokitu beharrekoa.Alabaina, taldearen ekiteko moduei dagokionez, baditugu, gutxi gora behera, oinarri batzuk:
1. Autonomia eta horizontaltasuna. Erakukunde instituzionaletatik at antolatu eta botere harremanak lantzeko konpromisoa hartzen dugu; betiere transfeminismoa, antiarrazakeria eta klasea kontuan hartuta.
2. Militantzia. Soldatapeko lanaren logikatik at ekin nahi diogu proiektuari. Diru-sarrerak izatekotan kolektiboentzat bideratzen dira (erresistentzia kutxa, adibidez).
3. Zaintza. Bizipen bortitz eta traumatikoen lekuko garenez, ezinbestekoa zaigu zaintzarako tresnak garatzea.
4. Zintzotasuna. Kideen arteko erregistro prozesuan, parte hartzen duten pertsonenganako zintzotasuna ezinbestekoa zaigu. Gure indargune eta mugak mahai gainean jartzen ditugu.
5. Konfidentzialtasuna. Bizipenak konpartitzen dizkiguten pertsonen babesa erdigunan jartzen dugu eta inolaz ere ez ditugu horiexek agerian utziko.
6. Saretzea. Errepresio zein estatu indarkeria mota ororen aurka diharduten taldeen arteko saretzean sinesten dugu.
Zuen funtsezko tresnetako bat polizia-jardueren erregistroa eta dokumentazioa da. Zein helbururekin egiten duzue hau?
Batetik, uste dugu indarkeria poliziala erregistratzeak balio duela berau eta, oro har, poliziaren presentzia desnaturalizatzeko. Ohituta gaude gure kaleetan poliziaren jardun etengabea ikustera, hainbeste, ezen biolentzia forma asko egunerokoaren parte gisa hautematen ditugun eta ez garen geratu ere egiten horietakoren bat kalean ikustean. Uste dugu hori aldatu beharreko zerbait dela. Gainera, hastapenetan, intuizioa genuen memoria historikoari loturiko jardun bat ere egin behar zela gaurkotasunetik eta gertutasunetik. Euskal Herrian sekulako lana egin da memoria historikoari dagokionez, esate baterako, torturari lotuta. Horrez gain, uste dugu egunerokotasunean kalean gertatzen denari erreparatzeak ere kate begi bat gehitu dakiokeela orain arte egin den lan horri guztiari. Inportantea da jakitea gaur gaurkoz zertan dabilen polizia gure kaleetan, nola jarduten duen, zein subjektu jazartzen dituen, zein baliabide dituen… Hirugarrenik, poliziaren jarduna ezagutzeak geure buruak babesteko eta erresistentziarako tresnak sortzeko informazioa eman dakigukeela. Azkenik, gure artean ere aipatu izan dugu Txagok, salaketaz harago, balio lezakeela nolabait errepresioak dakarren “motxila arintzeko”. Une batzuetan, indarkeria egoera baten ondotik, hori norbaitekin konpartitzeak, errelato komuna sortzeak… balio du emozionalki bada ere bizkarrean duzun pisua apur bat arintzeko.
Zergatik da hain garrantzitsua herritarrek indar polizialen esku-hartzeak grabatzea? Ikuspegi legal eta praktiko batetik, zein dira jende arruntak abusu bat dokumentatzeko aurkitzen dituen oztopo edo beldur nagusiak?
Erantzun konplexua eskatzen du honek, baina indarkeria erreaktiboaz hitz egin genezake. Hau da, indarkeria poliziala salatzeagatik edo horri aurka egiteagatik jasaten den indarkeria polizial mota. Adibidez, kaletik zoazela ikus dezakezu nola agente batzuk pertsona bat humilatzen edo jipoitzen ari diren. Hori salatzera edo pertsonari babesa erakustera hurbildu, eta erabakitzen duzu egoera grabatzea edota zerbait esatea. Polizia zure aurka oldartu daiteke, edo zeuri ere isunen bat jarri, esaterako desobedientzia leporatuta. Horixe da bada, indarkeria erreaktiboaz hitz egiten dugunean buruan duguna. Zigor eta kalte posible horrek beldurra eragiten du jendearengan, baita ziurgabetasuna ere, egoeraren aurrean erreakzionatzeak ekar ditzakeen ondorioak ez direlako erabat ongi ezagutzen.
Txostenean aipatzen dugun bezela, 2025ean 10 urte bete ziren Espaniar Estatuak Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa (Mozal Legea) indarrean jarri zuenetik. 10 urte hauetan, 2.155.990 isun jarri dituzte, 1.300 milioi euro ingurukoak, Espainiako Barne Ministerioaren datu ofizialen eta No Somos Delito eta Amnesty International erakundeen bilketen arabera.
Indarkeria polizialak elkarrekiko babesa eta erresistentzia ahultzea ditu helburu. Baita indarkeria polizialaren salaketak eta horien hedapena geldiaraztea ere.
Azken ideia horri jarraiki, Txagotik gogora ekarri nahi dugu “debekatuta dago polizia grabatzea” ideia faltsua dela. Mozal Legearen onarpenaz geroztik, hauxe da legeak debekatzen duena: “ “irudi, datu pertsonal edo profesionalen zabalkundea”, baldin eta “agenteen segurtasun pertsonal edo familiarra kalte badezakete”, eta betiere “informaziorako eskubidea errespetatuz” (4/2015 Lege Organikoa, 36.23. artikulua). Horrexegatik, grabatzen ari garenean identifikatzeko eska dakiguketen arren, salaketa soilik legezkoa litzateke difusioa egin izana edota agenteen segurtasuna arriskuan jarri izana frogatuko balitz.
Grabatzearen garrantziari dagokionez, indarkeria polizial baten aurrean frogarik egon ezean, poliziari emango diote arrazoia. Adibide asko daude azken aldian bideoei esker polizien gezurrak destapatzen dituztenak.
Zein dira zuen ingurune hurbilean antzeman dituzuen polizia-indarkeria mota ohikoenak? Eta ikusezinenak?
Hemen, komeni da argitzea gure jarduna erabat baldintzatzen duela gure kokapenak. Gu, batik bat, kalean, espazio publikoan, gertatzen den horretara iritsi izan gara. Egunerokoan ikusten den horretara. Hor, galdetzen duzuena “kopuruei” buruz baldin bada, identifikazioak, inkautazioak, miaketak… Eta halakoak izaten dira gehien. Batez ere, indarkeria poliziala arrazakeriarekin gurutatzen da testuinguru horretan.
Horrez gain, ordea, isilpeko indarkeria ugari dago, gu geu zuzenean erregistratzera ailegatzen ez garena. Kaleko adibidera bueltatuz, gorputz ugarik, bereziki zismaskulinitatetik aldentzen direnek, ez dute espazio publikoa okupatzeko legitimitaterik apenas. Gu ez gara iritsi gorputz horiek pairatzen duten eguneroko indarkeria zuzenean erregistratzera, baina horrek ez du esan nahi existitzen ez denik. Are, bortizkeria bikoiztu egin daiteke, ikusezin eta, hortaz, salaezin bilakatzen delako sarri. Horregatik, urtetik urtera aldatu egin dugu txostenaren osaera eta indarkeria mota hauei ere lekua egin diegu, erregistrotik ez bada ere, modu kualitatiboan horien berri emateko. Adibibidez, Karrikaratuko azken alean puten aurkako indarkeriaren eta LGTBIQ+ komunitatearen aurkako indarkeriaren inguruko atal bi sartu ditugu.
Karrikaratu txostena bezalako materialak zabaldu dituzue. Zer aurkitu daiteke dokumentu honetan?
Txagoko karrikaratu txostenak esperientzen eta bizipenen erregistroa izan nahi du, batez ere. Txostenak aldaketa dexente eduki ditu, nahiz eta lehentasunak berdina izaten jarraitzen duen.
Herritar batek arbitrariotzat edo neurriz kanpokotzat jotzen duen atxiloketa edo identifikazio bat ikusten badu, zein izan beharko litzateke bere lehen erreakzioa zuen irizpidearen arabera?
Ez dugu uste erreakzio on edo irizpide bat eta bakarra dagoenik. Txagok ez du indarkeriaren aurrean jarduteko irizpide sorta edo “gida” bat ematen.
Lehenik, guk edozein erreakzio jotzen dugu zilegitzat indarkeria poliziala jasan edo lekuko izandakoan. Gure ustez gaur egun gehienok ez dugu tresna nahikorik jasan edo ikusten dugun indarkeriari aurre egiteko, eta beraz guk egiten duguna horiei erantzuteko tresnak eskaintzea da.
Egoerak desberdinak izan daitezke, eta zaurgarritasun eta gorputz ezberdinek har dezakete parte horietan. Egoera, esperientzia edo bizipen bakoitza bakarra da bere horretan. Horrekin ez dugu esan nahi zailtasuna egoera edo patroi batzuk ez errepikatzea denik, jakin badakigu hori gertatzen dela. Baina ezin dugu aurrez erabaki nola erreakzionatu behar dugun, jasandako egoera bakoitzak erreakzio desberdin bat eskatzen du. Gure ustez, lehentasunezkoa da indarkeria poliziala jasan duten horiek zaindu eta egoera horiek aitortzen ikastea.
Adibide bat ematerako, pertsona batentzat erabilgarria izan daiteke legea ezagutzea horren barruan zer egin jakiteko (legea jarraitu nahi izanez gero).
Uda honetan Donostia inguruan izan diren gertakarien berri zerbait aipatu nahi duzue? Kaleko Afari solidarioak, etorkinen aurkako erasoak…
krisi testuinguruan gaude, eta horrek diskurtso eta ekintza filofaxistak bultzatu eta normalizatu ditzake. Udarekin batera Donostia erakusleiho hiri bihurtzen da, neguan baino gehiago, turistifikazioa eta espekulazioa bidelagun. Badira marginalizatu eta estigmatizatu egiten diren gorputzak, bizilagunek kanporaketa eskatzera arte; edo hobeto esanda, eragile ezberdinak kanporaketaren konplize diren heinean, marginalizatu eta estigmatizatzen dira gorputz horiek. Guk polizian jartzen dugu arreta, gure lana poliziaren indarkeria eta funtzioak izaera berezia dutela ezagutaraztea da, baina poliziak ez du independenteki jarduten.
Afarien debekuari buruz hitz egin genezake, ez baita lehen aldia errepresioa jasaten dutena. Hainbat eragile politikoren arteko komunikazioak (instituzioak, udala, polizia, bizilagunak…) diskurtso arrazista eta matxistak indartzen ditu: “osasungaizatasunari”, “gaixotasunei” (estigmatizazioa) edo “ziurgabetasunari” (kriminalizazioa) buruz hitz egiten dute. Ceutan are agerikoagoa da arrazista eta matxista den lotura eta deshumanizazio hori. “Lo que no te cuentan de Donosti” moduko taldeetan kalean lo egiten duten pertsonak deshumanizatzen dituzten mezuak bidaltzea normalizatzen dela ikusi dugu. Izan ere, haien presentzia eta existentziak gogaitu egiten ditu. Pertsona horien bizi-baldintzei buruz hitz egitean, solidaritaterik gabe egiten dute, hiriarentzat gogaikarriak balira bezala.
Gure ustez hiriak oikos bat izan beharko luke, sutondo bat, bizitzeko leku bat, bizitzaren zerbitzura, eta ez kapitalarenera; baina Donostia horretatik oso urrun dago.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
