Hainbat nobedade iragarri dituzte Gasteizko Txosnek
Txosna Batzordeak hainbat berrikuntza iragarri ditu ostiralean irekiko den txosnagunerako, besteak beste, 'Gasteizko Herri Mugimenduaren pasaportea' eta aniztasun funtzionalari erantzuteko gune egokitua.
Abuztuaren 2an, ostiralean, irekiko dira Gasteizko Txosnak, Zeledonen jaitsiera iragartzen duen txupinazoaren zain egon gabe. Urteroko irekiera ekitaldiaren ostean irekiko dira hauek; horren aurretik, kalejiran joango dira 20:30ean, Andra Mari Zuriaren enparantzatik abiatuta.
Urtean zehar eragile edo norbanakoek egindako lana aitortzeko banatzen den Txosnisariari dagokionez, aurtengoa “berezia” izango dela esan dute: azken urteetan Gasteizko Txosnak ere posible egin dituen lantaldeak jasoko du hau, erreleboa ematea erabaki duelako.
Gainera, aurten joko berri bat jarriko dute martxan:Gasteizko herri mugimenduaren pasaportea. Prentsaurrekoan adierazi dutenez, Entxosnazio egunean -aburuztuaren 3an- emango dituzte jolasaren inguruko zehaztasun guztiak.
Beste nobedade bat aniztasun funtzionalari erantzuteko gune egokitua da: eszenatoki nagusiko soinu-mahairen alboan egongo da hau, kontzertuak erosotasunez ikusteko aukera izateko.
Zazpi txosna eta hiru karpa
Urtero legez, Ai laket-eko lagunek droga testajea eta informazio gunea abuztuaren 2an jarriko dute eta, bigarren urtez, zabor organikoaren kudeaketa berezia ere egingo da jasotako hondakin organikoarekin konposta eginez. Plastiko erabilera murrizteari begira, txorrotako ura izango da lehen aukera.
Egitarau orokorrari dagokionez, urtero bezala, egun bakoitzak izaera berezia izango du, herri-mugimenduaren aniztasunaren isla. Hala, abuztuaren 3a entxosnazio eguna izango da, abuztuaren 5a elkartasun eguna, abuztuaren 6a, egun feminista, abuztuaren 7a, gazte eguna, eta azkenik, abuztuaren 8a, ikasle eguna.
Izan ere, Gasteizko txosnak bezalako jai herrikoien espazio bat posible egiteko, hainbat eragile egon dira lanean urtean zehar, hala nola, Askapena, Errekaleor Bizirik, Gasteizko Mugimendu Feminista, Gazte Karpa, Hala Bedi, Ikasle Abertzaleak, Iraultza 1921, Kalera eta Sukalde-gerrilla. Txosnagunean 7 txosna, bi karpa eta karpa komun bat egongo dira. Egitarau komunaz gain, eragileek ere egitarau propioa proposatuko dute.
Erasorik gabeko gunea
Txosnagunean ez dute inongo erasorik onartuko. Hala, Gasteizko Txosna Batzordeak bere egiten du Gasteizko Mugimendu Feministaren eraso sexisten aurkako protokoloa: “Eraso horien aurrean, autodefentsarako deia egiten diegu emakume guztiei, eta oro har, jendarte osoari, jai- gunean gerta litekeen edozein erasoren aurrean batera erantzuteko. Protokoloa aktibatzeko mekanismoak prest ditugu, eta ez dugu zalantzarik izango hori abiarazteko”, ohartarazi dute.
Erasotzaileei argi eta garbi adierazi diete ez direla ongi etorriak txosnen gunean, eta edozein erasoren aurrean txosna-batzorde osoa izango dutela aurrez aurre, gunetik kanporatzeko.
Horrez gain, Gasteizko jendarteari dei bat luzatu diete, erasorik pairatu edo ikusiz gero, Gasteizko Mugimendu Feministaren telefonora jotzeko: 688 744 411.
Egitaraua, egunez-egun
Abuztuak 2, ostirala
- 20:30 Txosnagunera kalejira Andra Mari Zuriaren plazatik.
- 21:30 Inaugurazio ekitaldia eta txosnisaria.
- 22:00 Kontzertuak: ALDAKAN BELTZ, ERATU, SU TA GAR eta DJ PEREZ TROIKA SOBIET.
Abuztuak 3, larunbata | Entxosnatu Eguna
- 10:00 Irrien Lagunak ikuskizuna.
- 12:00 Bertso Saioa.
- 13:00 Herri Kirolak.
- 14:30 Entxosnatu eguneko Bazkari Herrikoia.
- 17:00 Dantza plaza eta umeen txokoak: jolasak, ginkana, ipuin kontalaria, magoa, puxikak…
- 22:00 Kontzertuak: GARILAK 26 eta DJ MALANDRO
Abuztuak 4, igandea
- 22:00 Kontzertuak: TARA, TRIKOMA, SKABIDEAN & THE BLACK BIRDS eta AIARALDEKO SOUND SYSTEM.
Abuztuak 5, astelehena | Elkartasun eguna
- 15:00 Herri bazkaria.
- 21:30 Elkartasun eguneko ekitaldia.
- 22:00 Kontzertuak: DUPLA, ZEA MAYS eta DJ ELEPUNTO.
Abuztuak 6, asteartea | Egun Feminista
- 13:30 Marianitada.
- 15:00 Bazkari feminista.
- 16:00 Bazkaloste musikatua.
- 22:00 Kontzertuak: NERABE, TRIBADE, THE BABOON SHOW eta DJ KOMANDO KLITORIX.
- 23:30 Egun feministako ekitaldia.
Abuztuak 7, asteazkena | Gazte Eguna
- 14:30 Gazte bazkaria.
- 22:00 Kontzertuak: ANITA PARKER, ESNE BELTZA eta DJ GIMBLEE (bitsa jaia – fiesta de la espuma).
- 23:30 Gazte eguneko ekitaldia.
Abuztuak 8, osteguna – Ikasle eguna
- 14:30 Ikasle bazkaria.
- 16:30 Bertso saioa.
- 17:30 Karrikan saioa.
- 22:00 Kontzertuak: NAFARROA 1512, KOP, KALEKO URDANGAK eta ELKARR KOLEKTIBOA.
- 23:30 Ikasle eguneko ekitaldia.
Abuztuak 9, ostirala
- 22:00 Kontzertuak: GORPUZKINGZ, MAFALDA eta DJ IRREGULAR.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
1 thought on “Hainbat nobedade iragarri dituzte Gasteizko Txosnek”