Ibilian Ibilian Arabako itzulia aurkeztu du SAREk
Arabako Sare Herritarrak presoen eskubideak aldarrikatzeko lurralde osoa zeharkatuko duen martxa antolatu du. Urriaren 7tik 9ra egingo da, Agurainetik Gasteizera. Hiru egun eta bi gau emango dituzte gelditu gabe.
Araba zeharkatuko duen martxa antolatu du SAREk, urriaren 7tik 9ra bitartean. Helburua bi aldarri nagusi zabaltzea da: euskal preso guztien euskalherriratzea eta graduen progresioa. Izan ere, SAREren arabera, “etapa berri bati hasiera ematen ari gara; urruntze politika atzean utzi eta euskal preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko etapari”, eta hori hauspotu asmoz egingo dute martxa.
Euskal presoen etxeratzea
Sare Herritarrak azaldu du euskal preso politikoak, legez, “Euskal Herritarrak diren heinean, zigorra hemengo espetxeetan betetzea” dagokiela, eta “gainontzeko presoei ezartzen zaien legedi arrunta jarraituz, 3/4ak beteak izatean, baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera” izan beharko luketela. Horixe da mugimendu honek datozen hilabeteetan ahalbidetuko duen bidea, “euskal presoak etxeratzeko jarraitu beharreko” bidea dela defendatzen baitute.
Ibilian Ibilian, etxerako bidean
Ibilbidea urriaren 7an hasiko da Agurainen, eta Gasteizeko Foru Plazan bukatu, urriaren 9an, larunbata, eguerdian. Bi gau eta hiru egunez, etenik gabe egingo da ibilaldia, eta Arabako hamaika herri igaroko ditu: Kanpezu, Argantzun eta Amurrio, besteak beste. Ibilbidea kontsultatu daiteke hemen.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!