Gaztela eta Leongo Juntak Trebiñu Araban integratzea bultzatzen zuen abenduko akordioaren zilegitasuna onartu du
Pasa den otsailean Argantzongo Udalak osoko bilkuran baztertuko zuen Gaztela eta Leongo Juntak Trebiñu Araban integratzeko zenbait ekimen bultzatzen zituen erabakia bertan behera uzteko egindako eskaera.
Gaztela eta Leongo Juntak atzera egin du Trebiñu Araban integratzeko abenduko akordioa baliogabetzeko ahaleginean. Horrela jasota dago Argantzongo Udalak Lehendakaritzaren Sailetik gaur jaso duen idazkian. Horren bidez, “Udalbatzaren erabakia bertan behera uzteko errekerimendu-espedientea ebatzi eta amaitutzat ematen da”.
“Berriro diogu Trebiñu eta Argantzon herritarrek eskubidea dugula Trebiñu Araban integratzeko behar diren bide guztiak ireki eta aztertzeko, eta Gaztela eta Leongo Juntari gogorarazten diogu zentzurik gabeko egoera hori enklabeko herritarrei hitza ematen zaienean soilik konponduko dela, euren etorkizuna askatasunez erabaki dezaten”, esan du Argantzongo alkate Pablo Ortiz de Latierrok.
Pasa den otsailaren 18an Argantzongo Udalak osoko bilkuran baztertuko zuen Gaztela eta Leongo Juntak Trebiñu Araban integratzeko zenbait ekimen bultzatzen zituen abenduaren 15eko erabakia bertan behera uzteko egindako eskaera. Orduan, Trebiñuko eta Argantzongo udalek adierazpen bat onartu zuten, “dagoeneko luzea den martxa honetan urratsak egiten jarraitzeko, eta, prozesu historiko honetako beste une batzuetan bezala, Trebiñu Araban sartzeko prozesua suspertzeko, arrazionaltasuna lortzeko eta justifikaziorik gabeko kalteak eta arazoak saihesteko”.
Adierazpen horretan, Trebiñu Araban integratzearen aldeko komunikazio kanpaina bateratua abiaraztea eta lan-mahai bateratua sortzea aurreikusten zen. Era berean, herritarrei dei egiten zitzaien “ekimen honen sustapenean lagundu eta antolatzeko, Trebiñuko enklabea Araban integratzeko helburuarekin herritarren funtsezko eta ezinbesteko motorra izan zitezen”.
Hala ere, 2022ko urtarrilaren 17an, Gaztela eta Leongo Juntak errekerimendu bat egin zion Argantzongo Udalari osoko bilkurak erabaki hori bertan behera uzteko zezan. Gaztela eta Leongo Juntak dio nazioaren interes orokorretan eragin negatiboa duela eta Udalaren eskumenak gainditzen dituela. Argantzongo Udalak, berriz, otsailaren 18an egin osoko bilkuran, berretsi egin zuen Arabako Lurralde Historikoan enklabea integrazioa bultzatzeko asmoa, integrazioaren eskaeraren legitimotasun politikoa ez ezik, udalek onartutako ekimenaren enkaje juridikoan ere sinetsita. Azkenik, Gaztela eta Leongo Juntak ekimenaren zilegitasuna onartu du.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!