Arabako aeronautika sektorea kalera aterako da larunbatean
Kinka larrian aurkitzen da aeronautika sektorea Araban. Alestis eta Aernova bezalako enpresek kaleratze ugari iragarri dituzte. Sektorearen eta enpleguaren defentsan manifestazioa burutuko dute langileek irailaren 26an Gasteizen.
Kaleratzeen aurka ALESTIS enpresako langileek iragan irailaren 12an egindako manifestazioa
Arabako aeronautika sektoreak Gasteizko kaleak hartuko ditu larunbatean, irailak 26, eguerdiko 12:00etan Andra Mari Zuriaren Plazatik abiatuko den manifestazioan. Sektoreko enpresa ugarik kaleratzeak eta Enplegu Erregulazio Espedienteak iragarri dituzte.
Enpresetako zuzendaritzek aeronautika sektoreak bizi dituen galerak erabili dituzte kaleratzeak argudiatzeko. Sindikatuek, kontrara, egoera “koiunturala dela eta ez estrukturala” dela defendatu dute eta produkzioak aurrera egin dezakeela defendatu dute “langilerik atzean utzi gabe”.
Alestis eta Aernova dira sektoreak Araban bizi duen egoera estuaren adibideetako bi. Uztailean iragarri zuen Aernovak nazioarteko plantilla %20 murrizteko asmoa, taldeak dituen lantegi guztietako 950 behargin kaleratuz. Aernovak 450 langile ditu Berantevillako fabrikan eta kaleratzeek ere eragina izango dute Arabako plantan.
Alestisek ere bide beretik jo nahi du. Abuztuan iragarri zuen zuzendaritzak Estatu mailako 585 langileren kaleratzea, 87 enpresak Miñanoko Parke Teknologikoan duen plantan, plantillaren %46. Sindikatuek gogor kritikatu dute kaleratzeak eta Enplegu Erregulazio Espedientea estatu mailako prozedura baten baitan kokatzea, Miñanoko langileei euren etorkizun laboralaren gainean negoziatzeko eta ebakitzeko ahalmena kenduz.
Sektoreko enpresa asko administrazio publikoaren eskutan daude, horregatik instituzioen inplikazio zuzena eskatu dute lanpostuen defentsan jardun dezaten.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!