Mugimendu Feministak martxan du protokolo feminista aurtengo jaietan ere
Gasteizko Mugimendu Feministak telefono zenbaki bat abiarazi du jaietan eman daitezkeen erasoei erantzuna emateko eta erasotuak izan diren horiei akonpainamendua egiteko: 747 414 834.
Gasteizko Mugimendu Feministak urte asko daramatza jaietan ere presente dagoen indarkeria matxistari aurre egiteko mekanismoak sortzen. Horren adibide da eraso matxisten aurkako protokoloa. «Prozesu dinamiko eta aldakor moduan» ulertzen dute protokoloaren eraketa, esperientziaren bidez eguneratzen joan direna. Aurtengo protokoloa urte hauetan zehar izandako saiakera eta akatsen ikaskuntza eta hausnarketa kolektibotik sortu dela adierazi dute, hain zuzen ere.
Protokolo honen helburua erasoei aurre egiten laguntzeko printzipio, oinarri eta balio komun batzuk zehaztea da. «Tresna irekia da, tokian tokiko egoerak eta baldintzak anitzak direlako eta, beraz, eraso baten aurrean protokolo arduradunek momentuan nola erantzun erabakitzeko zilegitasun osoa dute», azaldu dute.
Egitura sistemikoen intersekzioan garatzen diren indarkeriei erantzuna emateko asmoa dauka protokoloak, guztiontzako seguruak izango diren espazioak bultzatuz. Egitura sistemiko horiek dira, besteak beste, generoa, adina, arraza edo jatorria, aniztasun funtzionala, klase soziala eta baliabide ekonomikoak.
Jaietan parte hartzen dugun guztion ardura
Mugimendu Feministak azpimarratu du erasoak egiten dituzten pertsonak «ez direla isolatuta bizi» eta, askotan, jarrera oldarkorrak eta zuzeneko erasoak ingurune hurbilenean identifika daitezkeela, talde-lanean geldiarazi, laguna, behar izanez gero, jai-girotik aldenduz.
Zentzu horretan, protokoloarekiko konpromisoa Mugimendu Feministatik haratago joan behar dela uste dute eta erasoen prebentzioan gizonek zeregin berezia dutela nabarmendu dute.
Pedagogia, prebentzioa eta erantzuna
Hiru arlo hartzen ditu protokoloak bere gain: pedagogia, prebentzioa eta erantzuna.
– Arlo pedagogikoa. Protokoloa martxan jartzerakoan eta sozializatzekoan erasoen aurkako kulturan murgiltzen gara, esperientziaren bidez ikasiz, errebisatuz, eta erasoei erantzuteko dugun zilegitasuna gure eginez. Protokolo honek beraz indarkerien gaineko hausnarketa, formazio eta lanketa kolektiboa egitea du helburua.
– Arlo prebentiboa. Protokoloaren existentziak berak erasoen aurkako prebentzio erraminta gisa funtzionatu dezake bere horretan disuasio-funtzioaren bidez. Izan ere, protokoloa eraso egoera bat salatu edo aurre egiterakoan komunitatearen babesa ziurtatzeko tresna da.
– Erantzuna. Indarkeriarik gabeko espazio eta jai guneak bultzatzera bidean, erasoen aurkako jarrera irmoaren adierazle da protokoloarekiko konpromisoa. Erantzun kolektiboa artikulatzeko baliabide eta erramintak sortzen dituelako.
Protokoloa erabilgarri eragile eta komertzioentzako
Aurten, Gasteizko Jaiei begira, protokoloa elkarbanatu, landu eta aurrera eramango da hainbat guneetan: herri mugimenduarekin Txosnagunean, GEU elkartearekin Aihotz plazan, erdiguneko hainbat tabernetan… parranda eta txosnaguneak espazio seguru, anitz eta feminista izan daitezen. Zentzu honetan, protokoloa elkarbanatzeko prest egon daitekeen beste edozein eragile edo komertziorekin hau elkarbanatzeko prestutasuna azaldu du Mugimendu Feministak. Ezinbestez, gogora ekarri dute pertsona orok jai espazioak zaintzeko ardura dutela, ez soilik sexu disidente eta emakumeek.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!