[ARGAZKI GALERIA] Ehunka auzokide mobilizatu ziren atzo Korda espazioaren alde
Bart gauean hasi eta goiz osoan zehar 21 Zabalguneak eta Gasteizko Udaletxeak muntatu zuten polizia-operatiboa salatzeko mobilizazio jendetsua egin zuten bart gauean. Mobilizazioak Faroloiean hasi, eta Alde Zaharra gurutzatuz, Korda espazio aurrean bukatu zuen ibilbidea.
Bart Ertzaintzak Pintore Kalea hartu zuen 12 orduko operatiboan, besteak beste “gutxienez 8 zipayo furgona bi txandetan, dron bat, munipa eta zipayo kotxeak etengabe pasatzen…” izan zirela salatu zuten atzoko mobilizazio amaierako irakurketan. Korda espazioko kideek harrotasunez onartu zuten badakitela “operatiboak Korda espazioak baino balio altuagoa izan duela diruz” eta beraz, badakitela “operatiboak zentzurik badu, Kordak auzoaren behar material eta komunitarioei zuzen erantzuten dielako” dela, hori baita, haien esanetan, haien “benetako balioa.”
Hainbat urtez hutsik egon eta gero, 2022ko ekainaren 27an Zaharraz Harrok, Herrizoma Elikadura Sareak eta Auzoan Bizik “autogestioa, elkarlaguntza eta auzodefentsa ardatz hartuta herri egiturak garatzeko eta indartzeko espazioa” birjabetu zuten “inolako erabilerarik ez zuen espazioa auzoarena eginez.” Apirilean izan zuten Korda espazioko kideek desalojo arriskuaren berri, eta atzo gauerdian, desalojoaren data heldu eta denbora gutxira, jarri zuten martxan 21 Zabalguneak eta Gasteizko Udaletxeak muntatutako operatibo neurrigabea.
Atzoko egunean zehar “gorrotoa oso bizi” izan zutela adierazi zuten: “gorrotoa poliziari, polizia bidaltzen dutenei, jabetza pribatu ziztrinena ere errepresioz eta indarrez defendatzen dutenei baina gero indarkeria gurea bakarrik dela aurpegiratzen digutenei. Gure kide eta lagunak jipoitzen dituztenei, gure bizilagunak etxegabetzen dituztenei eta gure miseriak gure arteko gerra izan daitezen nahi dutenei gorrotoa.” Eta azkenik, berriz azpimarratu dute “poliziari, beti poliziari.”
Gorrotoari aurre hartu zion baina amodioak. “Gaur amodioa ere oso bizi izan dugu: auzo-antolakuntzari amodioa, erresistentziaz eta duintasunez Korda defendatu duten kideei, gaua Santa Maria kantoian pasa duten auzokideei, janaria ekarri dutenei, telefonoari adi goiza pasa duten guztiei.
Auzoa gatazketan eraikitzen dela aldarrikatu dute Kordako kide eta auzokideek, gatazketan azaleratzen delako egia, “gatazketan dakigulako zeintzuk garen auzokide eta zeintzuk ez, gatazketan posizioa hartzen dugulako; eta gaur argi dugu auzokidez inguratuta gaudela.”
Mezu argi batekin bukatu zen bart iluntzeko elkartasun erakustaldia, jabetzen eta bizitzen artean erdibiderik ez dela esanda, erasoen aurrean erasotzen jarraituko dutela baieztatu zuten:”haien jabetzek gure bizitza etengabe erasotzen duten bezala, guk ere haien jabetzak erasotzen jarraituko dugu.” “Gora auzodefentsa!” eta “Gora Korda!” oihu artean txalo zaparrada batez bukatu zen atzoko mobilizazioa.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!