Aldarriz bete dira Gasteizko kaleak martxoaren 8an
Emakume Langileon Nazioarteko Egunean, Mugimendu Feministak eta Itaiak mobilizazioak egin dituzte Gasteizko kaleetan zehar.
Gasteizko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa San Anton Plazatik atera da, 12:30ak pasata. “Beste mundu bat feminismotik. Frente a los sistemas de dominación: lucha y organización” lelopean. Andra Mari Zuriaren plazan amaitu da mobilizazioa, eta hamaika kolektibo sinatutako manifestu bat irakurri dute.
Azaldu dutenez, aurten ere, “desberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi diren testuinguruan” ailegatu gara martxoaren 8ra, eta horregatik hainbat dira kalera ateratzeko arrazoiak. Kolektibo guztiek justizia sozialean eta feminismoan oinarritutako “beste mundu bat” eraikitzearen alde borrokatzeko deia luzatu dute.
Esku hartze sozialeko langileek hitza hartu dute eta “instituzioen aurpegi zuriketa” salatu dute. Zaintza sistema publikoa eta baldintzen ekiparazioa exijitu dute: “Berdintasuna ez da keinu sinbolikoen bidez frogatzen: politika publikoen eta baliabideen bidez bermatzen da”. Bide beretik, Hazten eta Sortuleku errekurtsoko langileek pairatzen duten utzikeria instituzionala seinalatu dute eta “zutik” jarraituko dutela azaldu dute.
Gasteizko Mugimendu Feministak aliantzak eta sare sendoak eraikitzera dei egin du, nork bere lekutik: “Askotariko zapalkuntzen bitartez sostengatzen den sistema honi erantzun diezaiogun askotariko gorputz eta borroketatik”. Bide horretan antolakuntza eta borroka “armarik indartsuenak” direla adierazi dute.

Ordu erdi lehenago, Gasteizko Itaiak deitutako manifestazioa izan da. 12:00etan abiatu da Andra Mari Zuriaren plazatik, “Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki” lelopean. Martxoaren 8a borroka eguna bezala izendatu dute Itaiako kideek; egunak “zapalkuntzaren arduradunak seinalatzeko” eta “antolakuntza iraultzailea indartzeko” balio behar duela azpimarratu dute.
Emakume langileen egoera salatu du Itaiak, “sektore feminizatuetako lan baldintzen egoera penagarria, emakume etorkinek bizi duten pobrezia, zaintza zerbitzuen murrizketak eta pribatizazioak eta horrek emakumeon gain jartzen duen zaintza ardura gehigarria”.
Honekin batera, faxismoaren eta matxismoaren gorakada ere seinalatu ditu Itaiak. Ideia eta jarrera matxistak normalizatzen ari direla ohartarazi du Emakumeen Antolakunde Sozialistak, eta “faxismoari eta matxismoari aurre egitea” ezinbestekotzat jo du.
Emakume langileek pairatzen duten zapalkuntzarekin amaitzeko, Itaiak alternatiba iraultzaile bat eraikitzearen beharra mahaigaineratu du, eta bide horretan bi erronka nagusi izendatu ditu: “Batetik, faxismoaren eta matxismoaren aurka antolakuntza eta militantzia politikoa sustatu behar ditugu, eta borroka horretan emakumeok lehen lerroan egon behar dugu. Matxismoaren aurkako kontzientzia zabaltzeko lanean jarraitu behar dugu. Bestetik, emakume langileon interesak eta problematikak lehen lerroan jarriko dituen bide-orri iraultzailea garatu behar dugu, modu horretan, gero eta emakume gehiagorengan kontzientzia sozialista zabalduz eta antolakuntza politikoa hedatuz”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
