Simply-ko langileen grebak jarraipen zabala izan du, supermerkatuak jai egunetan ateak irekiko dituela salatzeko
Enpresa Komiteak hala erabakita, Gasteizko Simply supermerkatu guztietan greba egin dute urriaren 18an, supermerkatu asko ixtea lortuz. Gasteiz Hiribidean kokatuta dagoen supermerkatuak igandero, urteko 365 egunetan eta 07:00etatik 01:00ak arte ireki nahi ditu ateak: bertako langileek igandero egingo dute greba, supermerkatua itxita mantentzeko asmoarekin.
Gasteiz Hiribidean kokatuta dagoen Simply supermerkatuko langileek argi dute: ez dute supermerkatu honek igandetan ateak irekitzerik nahi. Hori ekiditzeko formuletako bat, Enpresa Komiteak (CGT, ESK, UGT) hartutako erabakia izan daiteke: urriaren 18an, ostegunean, marka bereko Gasteizko supermerkatu guztietan greba egin dute, hauetako asko itxita mantenduz (aipatutako, kasu). Izan ere, Gasteiz Hiribidean kokatuta dagoenean, abenduaren 31ra arte igandero greba egiteko proposamena luzatu dute.
SuperCor Express izeneko denda zabaldu zuten ekainean Zulaika kirol-denda zegoen lokalean, Gasteizen. Urteko 365 egunetan zabalik egongo da, ordutegi zabala duena: goizean goizetik gaueko ordu txikiak arte egoten da zabalik El Corte Inglés taldearen parte den denda. Orain, ikasturte berriaren hasierarekin jakin dugu Gasteizko hiribidean dagoen Simply izeneko supermerkatuak ere antzeko ordutegia izango duela.
Urriaren 18tik aurrera Simply supermerkatuak ordutegi berria izango du: igandetan eta jai egunetan ireki nahi ditu ateak. Gainera, urteko 365 egunetan egongo da zabalik, 07:00etik 01:00ak arte. Hau da, soilik sei orduz egongo da itxita.
Enpresa Komitetik salatu dutenez, langileek 800 euro kobratzen dituzte hilabetean. “Orain, hori gutxi balitz, igandetan eta jai egunetan ere lan egingo dute, marka handiak gehiago aberasteko. Horren atzean jartzen duten aitzakia, gizarteari zerbitzu hobe bat eskaini nahi dietela da, baina bizi-kalitatearen aurkako eraso bat baino ez da hau”. Gainera, Enpresa Komitearen ustez, jendarteak ez du ordutegi zabal hauen beharrik: “Gasteiztarrek ez dute ordutegi zabal hau eskatu”.
Urriaren 21ean eta 28an ere elkarretaratzeak errepikatuko dituzte, greba egunarekin batera.
Denda txikiak, kaltetuenak
Sindikatuen ustez, Gasteiz Hiribideko ordutegi berri hau ez da salbuespen bat izango. Hauen ustez, komertzio hauen estrategia ez da isolatua eta beste marka batzuetan hedatuko da hemendik gutxira. “Langileak izango dira kaltetuenak, beti. Langileok atsedenerako eta kontziliaziorako dugun eskubidea urratzen dute igande eta jaiegunetan irekitzen dituzten komertzioek”, salatu du LAB sindikatuak.
Baina arazo handienetako bat baliteke alboko denda eta komertzio txikietara iristea. Hala uste dute sindikatuek eta Enpresa Komiteak. “Ezinezkoa egingo zaie enpresa handiekin lehiatzea”. Hala ere, hau ez da nobedade bat. Ekainena jada protestak egon ziren SuperCor dendaren aurrean, eta sindikatuek gogor kritikatu zituzten ordutegi berria eta langileen lan baldintzak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!