Aske utzi dituzte Labraza makrozentraleko lanetan kateatu diren ekintzaileak
EH Bizirik-ek salatu du atxiloketa eta inkomunikazioa "behar baino gehiago" luzatu nahi izan dutela ertzainek, "ezinegona eta mina eragiteko". 21:30etan askatu dute atxilotuetako azkena.
Irudia: ARGIA
Gaur goizean Labrazako makrozentral eolikoaren obrak gelditzea lortu dute bost ekintzailek, eraikitzen ari diren haize errotetako batean kateatuta. ARGIAk jakinarazi duenez, langileei ekintza desobediente baketsua izango dela jakinarazi diete, eta oztoporik jarri gabe utzi dute horiek espazioa. 11:00ak pasata ertzainak bertaratu dira, ekintzaileak askatu eta atxilo eraman dituzte horietako lau, azkena 13.30etan.
Hedabideei helarazitako adierazpen batean, ekintzaile taldeak azaldu du bidegabekeriaren aurrean gorputza jartzea erabaki dutela, “lurrarekiko duten atxikimenduagatik”. Makrozentrala inposaketa dela azaldu dute Labrazakoa bezalako herri txiki batean, eta ingurune natural aberatsak suntsitzea dakarrela. Ez da kasu bakarra. Salatu dutenez, beste milaka lur eta mendi daude arriskuan, Labrazakoa “oldarraldi berriaren hasiera” baita.
Iberdrola eta Eusko Jaurlaritza ere seinalatu dituzte oharrean: “Kapitalismo ‘berdea’ deiturikoaren izenean, denon mendi eta nekazal lur komunalez jabetzen ari dira. Bitartean, instituzioetan ardurak dituzten politikariek men egin dute, eta, gehienez ere, herritarrei negozio txikitzaile honetan partehartze ekonomikoa eskaintzera mugatu dira”.
EH Bizirikek elkarretaratzeak deitu ditu arratsaldean
13.30etan eraman dute azken atxilotua Gasteizko ertzain-etxera. Babesa erakustera bertaratu diren bi herritar identifikatu dituzte han ertzainek. Arratsaldean elkarretaratzeak egin dituzte Donostian eta Gasteizen, EH Bizirikek deituta.
Elkarretaratzean, kolektiboak Ertzaintzaren interbentzioa gaitzetsi du: “Ez dute zilegitasunik horrelako egitasmo pribatu baten aurrean protesta baketsu batengatik jendea identifikatu eta atxilotzeko.
Bestalde, bat egiten dutela adierazi dute aurrera eraman den ekimenaren arrazoiekin. Herritarrak hasieratik proiektuaren aurka egon direla baieztatu dute: Oiongo Udalari egotzi diote “herritarrei bizkarra ematea”, kontzejuak erabakitakoaren aurka jokatzeagatik.
Makroberriztagarrien industriaren zabalpen masiboak enpresen interes ekonomikoei erantzuten diela salatu dute, eta instituzio eta alderdiek aurpegi zuriketarako erabiltzen dutela. “Berriztagarritzat duten energia honen sorkuntzak, sistema ekonomikoa eraldatu gabe, bizi dugun larrialdi ekologiko eta klimatikoa areagotu besterik ez du egiten”. Herritarrei maiatzaren 23an Gasteizen egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu diete.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
