Fronte Polisarioaren 50. urteurrenak islada izango du Gasteizen
Mendebaldeko Saharako Nazio Askapen Mugimendua omenduko dute Euskal Herri osoan zehar. Maiatzaren 18an eta 20an Gasteizen.
1973an sortu zen Fronte Polisarioa erbestean, Zueraten, Mauritanian. Mendebaldeko Sahara kolonia espainiarra zen oraindik, eta beste lurralde batzuekin gertatu bezala, beldur ziren Francok Marokori oparituko ziola kolonia. Askapen mugimenduaren ikur bilakatuko zen Fronte Polisarioa sortu zuten orduan 17 pertsonak 1973ko maiatzaren 10ean, eta bost hamarkada eman dituzte ordutik borrokan, lehenik espainiar kolonialismoaren aurka, eta Marokoren aurka ondoren.
“Kolonialismoaren aurka borrokatu eta herri oso baten askatasunaren esperantza” mantendu izana eskertuko diote Fronte Polisarioari bere sorreratik 50 urtera. Horretarako maiatzaren 10etik 20ra ekimen ezberdinak antolatu dituzte saharar diasporak eta Sahararekikok elkartasun elkarteek Euskal Herri osoan zehar.
Bi ekimen antolatu dituzte Gasteizen, aste honetarako. Lehena Maiatzaren 18an izango da, Arabako SEADen Lagunak elkarteak antolatuta. Judimendiko auzo elkartearen lokalean egongo dira (Cola y Goiti, 2), arratsaldeko 19:15etan hasita, “El Frente Polisario, desde los orígenes hasta la actualidad” liburuaren aurkezpena izango da bertan, eta mahai ingurua ondoren. Liburuaren egilea, Carlos Ruiz Miguel, Tesh Sidi ekintzaile sahararra, Jadiyetu el Mothar EAEko Fronte Polisarioaren ordezkaria eta Salamu Brahim Salem filologoa izango dira elkarrizketan.
Maiatzaren 20an, berriz, saharar diasporak Arriaga Parkean antolatu du “Jaima sahararretan kultur ekintzak” ekimena. Goizeko 11:00tatik gaueko 21:00etara izango dira Arriagan, eta bertan tea, kus-kusa, henna, musika eta dantza izango dira egun osoan zehar.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!