Gasteizko  gazte  talde  batek  “Corre”  kaleko  127.  blokea  okupatu  du

Gasteizko gazte talde batek “Corre” kaleko 127. blokea okupatu du

35 gazte inguru bizi daitezke Alde Zaharrean okupatu duten bloke berri honetan. Hamar urte daramatza hutsik eraikinak eta “etxebizitzaren inguruko arazo kolektiboari erantzun kolektibo bat” eman nahi diote okupazio berri honekin.

Gasteizko gazte talde batek “Corre” (Hedegile”) kaleko 127. blokea okupatu du, Hala Bediri jakinarazi diotenez. Azken aste hauetan zehar okupatu dute bloke hau, eta 35 pertsona inguru bizi daitezke eraikin honetan. Azaldu dutenez, “etxebizitzaren inguruko arazo kolektiboari erantzun kolektibo bat” eman nahi diote okupazio berri honekin. Gogoratu beharra dago, ikasturte honetan zehar “Pinto”, Txikita eta “Kutxi” kaleetan blokeak okupatu dituztela helburu berdinarekin.

Gazteek azaldu dutenez, “bloke honen utzikeriagatik, alkateak, aurreko udal gobernua eta berea salatu eta akatsak onartu ordez, gure portaera kriminalizatzera joko duela badakigu”. Zentzu honetan, “hiritarron interes eta beharrak asetzeko borondate eza” leporatu diote Urtaranen gobernuari.

Gazte Emantzipaziorako Saretik argitu dutenez, sarea zabaltzen jarraitzeko asmoa dute: “Txikitatik hasita, Pinto, Kutxi, eta Hedegile kaleko etxebizitzak pizten eta berpizten jarraituko dugu”. 

Abuztuaren 3ko goizean, Ertzaintza eta Udaltzaingoa agertu dira blokean. Azkenean, biek ala biek ospa egin dute, gazteak identifikatu gabe.

Etxebizitzaren desjabetze prozesua

Bloke honek hamar urte daramatza hutsik. Izan ere, 2008. urtean, ARICH (Agencia de Revitalizacion Integral del Casco Historico) enpresa sortu eta etxebizitza honen tankerako blokeak kudeatzen hasi zen. Hala ere, nahaspila  urbanistiko ugari sortu zituen enpresa honek, eta egun, zorrak kitatu gabe ditu oraindik.

Blokeak 10 urte daramatza hutsik eta zorrak oraindu gabe ditu oraindik

Etxebizitza honen desjabetze prozesua ulertzeko luze jo behar dugu atzera. ARICH enpresak, tutoretzapeko apartamentu batzuk sortu nahi zituen, baina ez zen inolako mugimendurik egon. Ezarritako datak igarota, proiektu honen eskumena Ensanche 21en eskuetara igaro zen eta 2012. urtean, arrazoi ekonomikoengatik, kudeaketa bertan behera geratu zen.

Auzolana  botatzea  baztertu  du  Urtaranek,  Gasteiz  Antzokia  eraikitzeko

Auzolana botatzea baztertu du Urtaranek, Gasteiz Antzokia eraikitzeko

“Gasteiz Antzokia errealitate bihurtzeko frontoia mantendu behar bada, hala izango da”, adierazi du alkateak. Oihaneder Euskararen Etxea kudeatzen duen Lazarraga elkarteak begi onez ikusi du erabakia.

Alea.eus bidez

 

Udalak Gasteiz Antzokia diseinatzeko antolatutako ideia-lehiaketako proiektu irabazlea Il Sogno del Palazzo izan da, Taller Basico de Arquitectura taldearena. Proiektuak proposatzen du Auzolana frontoia botatzea, eta lurpeko frontoi bat eraikitzea; horren gainean, antzokia eraikiko litzateke.

Dena dela, Udalak gogoratu du proiektutik zenbait gauza aprobetxatu ditzakeela, eta beste batzuk ez; eta Gorka Urtaran alkateak esan du Auzolana mantenduz Gasteiz Antzokia eraikitzeko prest dagoela. Hala jakinarazi zuen atzo udaletxean egin zen Euskararen Elkargunean. Gasteiz Antzokia eraikitzeko proiektua “guztiona” izan behar duela adierazi zuen alkateak, “eta guztion artean aztertu beharko dugu Eskoriatza Eskibele etxadiko espazioan non kokatzen dugun Gasteiz Antzokia”.

Horrez gain, Udalak proiektuaren zirriborro bat aurkeztea proposatu du Urtaranek, ondoren Elkargunean landuko dena.

Alkatearentzat proiektu hau lehentasunezkoa da, “baina euskara arloko eragile sozial eta kulturalen adostasunarekin egin behar da. Ez badago adostasunik, porrot egingo du, eta hori da, hain zuzen ere, ekidin nahi duguna”,  gaineratu du. “Gasteiz Antzokia errealitate bihurtzeko frontoia mantendu behar bada, hala izango da”.

Lazarraga elkartea, konforme

Oihaneder Euskararen Etxeak kudeatzen duen Lazarraga elkarteak begi onez ikusi du “udal gobernuak Gasteizko euskalgintzako eta Alde Zaharreko eragileen iritzia eta eskaera aintzat hartu izana”.

“Fase bat itxi da, auzolana pilotalekua alde batean utzi da”, adierazi du elkarteak, eta orain beste fase bati ekiteko unea dela gaineratu du, “guztion artean egitasmoa lantzea eta adostea”, hain zuzen ere.

Zentzu horretan, bi dira hemendik aurrera egin beharreko lanak. Batetik, etorkizuneko proiektu arkitektonikoaren oinarriak adostu behar dituzte, eta horretarako ideia lehiaketara aurkeztutako proiektuen ideiak aztertuko dituzte. Bestetik izaera juridikoa, kudeaketa eta baliabide ekonomikoak adostu behar dira. Horretarako dagoeneko lan-talde bat martxan da udaletxean. Hala, abendura bitartean lanketa egingo dute, eta 2018an proiektuaren lizitazioarekin hastea da asmoa.

“Gasteizko Kafe Antzokia Auzolana Pilotalekuan?” erreportajea

 

Auzolana  Pilotalekua,  bederatzi  urte  “frontoia  berreskuratzetik,  frontoia  defendatzera”

Auzolana Pilotalekua, bederatzi urte “frontoia berreskuratzetik, frontoia defendatzera”

Bederatzi urte bete dira Gasteizko Alde Zaharreko zenbait bizilagunek Auzolana Pilotalekua okupatu zutenetik. Inongo erabilerarik ez zuen San Jose pilotalekua okupatu zuten 2008an, eta izenari men eginez, auzolan potente baten ostean hau konpontzea lortu zuten.

Ordutik, pilota eta pala partidak, bazkari herrikoiak, ekitaldi ezberdinak… etengabeko bizitza izan du frontoiak. Bederatzi urteren ostean, ordea, arriskuan dago. Frontoia kudeatzen duen Txapa Ahotsa asanbladak adierazi duenez, orain dela bederatzi urteko “Baietz auzoak frontoia berreskuratu”  lelotik, “Baietz auzoak frontoia defendatu” lelora pasa behar izan dira.

Auzolana Pilotalekua kudeatzen duen Txapa Ahotsa Asanbladaren iritzi artikulua

“Gozatuz maite dugun hori…bederatzi urte jada” – Txapa Ahotsa Asanblada –

Bederatzi urte honezkero. Bederatzi urte Gasteizko Alde Zaharreko hainbat pertsona eta mugimenduren artean ideia bat zabaltzen hasi zela ahopeka: “Lotsagarria da nola ari diren pilotalekua usteltzen uzten… eta zer edo zer egiten badugu?”. Turistifikazioak oparitzen digun auzokideentzako espazio publikoen galeraren aurrean, auzoarekiko ardura eta maitasuna antolatzen hasi ginen. Eskolako Gurasoen Elkartea, Gaztetxea, Gao Lacho Drom ijitoen elkartea, Campillo Kirol eta Kultura Elkartea, Egin Ayllu, auzotarrak… entsalada askotariko hartatik, pilotalekuaren okupazioan amaituko zuen kanpaina jaio zen, erronka kutsuko bere lelo nagusiarekin: “Mila gorri!! Baietz auzoak frontoia berreskuratu!!” Hilabete pare batera, hainbat ekimen publikoren zein isilpeko konponketa lanen ondoren, kalejira batek San Jose pilotalekua okupatu eta Auzolana Pilotaleku birbataiatu zuen.

Estreinako erronka berreskuratzearena izan bazen, bigarrena bizi-berritzearena. Are gehiago, auzoa eginaz bizi-berritzearena. Asanblea ireki baten bidez kudeatuz; erabiltzaileak mantenuaren arduradun ere eginaz, auzoaren (eta gure aurreikuspenak gaindituz baita ere hiriaren) edozein beharri ateak zabalduz, burutu behar izan diren konponketa lan ugarientzako dirua eta jakintzak geure kabuz lortuz… Autoantolaketa, autogestioa finean. Erabileraren zenbatekoak eta bere aniztasunak gu geu harritu gintuen hasiera-hasieratik: kirolak eta jolasak, ekimen politiko zein kulturalak, langile komiteen asanbleak, herri bazkariak, GOIAN egitasmoaren eskolaz kanpoko jarduerak, pilota txapelketak.. Udalak berak ez ditu ba hainbat talde eta ekimen gurera bideratu urteotan horrela interesatu zaionean!

Eta hara non gurean, eguneroko auzogintzan ari ginela, udaletik berria heldu zitzaigun. Kafe Antzokia eraiki nahi zuen udal gobernuak Auzolana pilotalekuaren gainean. Gure hasierako galderak erantzunik gabe jarraitzen du ordudanik: Zergatik altxatu proiektu bat beste bat eraitsiz? Zergatik euskaren aldeko proiektua altxatu nagusiki euskaraz aritzen den eta euskara ere bultzatzen duen proiektu baten kaltetan? Erantzun fundamentuzkorik bat ere ez, baina inposaketak nahi beste. Azkena iragan otsailekoa. Auzoko hainbat eragilek, Antzokiaren elkarte sustatzaileak, oposizioko udal talde ezberdinek edo guk geuk prozesua gelditu eta beste modu batean ekiteko eskaerei entzungor eginaz, Kafe Antzokirako ideia lehiaketa abiatu zuen udal gobernuak. Orain dela bi aste jakinarazi zen epaia. Eta lehiaketaren oinarriek ezinbesteko egiten zuten moduan, proiektu irabazleak Auzolanaren eraisketa aurreikusten du. Ez gara horren analisian luzatuko. Proiektuaren informazio zehatzik ez dugulako, eta ez diogulako urrats honi behar baino garrantzi gehiagorik eman nahi. Izan ere, lehiaketaren oinarriek zehazten zuten proiektu irabazlea ez dela zertan izan gerora gauzatuko dena. Lehen bezala orain, hortaz, erabaki politiko hutsa izaten jarraitzen du.

Baina bada azpimarratu nahi dugun kontutxoa. Hasieratik azaldu dugu susmo bat egitasmo guzti honen inguruan: Antzokia eraikitzearen atzean auzoaren turistifikazioari bultzada berria emateko nahi ezkutua, Paseo de Ronda delakoarentzako espazioa irabaziz besteak beste (kasualitatea: turistei zabalik eta auzokideei itxia dagoen espazio… publikoa?). Bada, hara zer ohartarazpenekin hasten den epaimahaiak epaia ezagutzeko txostena: aurkeztutako proiektuei errieta egiten die, zeren eta “…han sido relativamente escasos los participantes que han sido verdaderamente conscientes del alcance y trascendencia de la ubicación sobre la que se plantea esta intervención, a pesar del esfuerzo realizado en aportar documentación relativa al valor documental e histórico de sus preexistencias y de sus potencialidades”. Zehatzago: “…la metodología de estudio de los paños exteriores del conjunto de la muralla para su puesta en valor, ha sido muy limitado en la mayor parte de los equipos”.

Ez al zen Antzokiarena euskara bultzatzeko ezinbesteko egitasmoa? Zertara datoz aurreko ohartarazpenak? Zergatik ez dago inongo aipamenik euskarari dokumentu osoan? Argi dago non dauden batzuen egiazko kezkak eta helburuak.

Tamalez, gure jaiotzako “Mila Gorri! Baietz auzoak frontoia berreskuratu!!” moldatu beharrean izan gara: “Mila gorri!! Baietz auzoak frontoia defendatu!!” Eguneroko auzogintza isilari defentsaren lerro nabarmenagoa gehitu diogu. Baina penarik ez, biak elkar-elikatzeko moduan ari gara eta. Argi dugu frontoia ez ezik auzoko eta hiriko anai-arreba okupatu eta autogestionatu guztiak behar-beharrezkoak ditugula bestelako auzo, hiri eta jendarte ereduen bilaketan. Maite dugun hori gozatzen, esperimentatzen, jolasten, borrokatzen, konpartitzen jarraituko dugu. Maite dugun hori defendatuko dugu.

Iberdrolak  argindarra  moztu  die  Pinto  eta  Txikitako  bloke  okupatuei,  Udaltzaingoaren  laguntzarekin

Iberdrolak argindarra moztu die Pinto eta Txikitako bloke okupatuei, Udaltzaingoaren laguntzarekin

Gasteizko Alde Zaharreko Pinto eta Txikita kaleetan okupatutako bi blokeen argindarra moztu die Iberdrolak uztailaren 4ko goizean, Udaltzaingoaren laguntzarekin. Auzokideek bertaratzeko deialdia egin dute. Astelehenan bertan Pintoko blokearen kontrako epaiketa bertan behera gelditu zen udaltzainak deklaratzera agertu ez zirelako. 

Uztailaren 4ko goizean Alde Zaharreko bi kaleetan Udaltzaingoaren presentzia nabaria izan da, Iberdrolarekin batera. Argia mozteko asmoa zuten, udaberrian okupatutako Pinto eta Txikita kaleko bloke ezberdinetan. Herritar ugari hurbildu dira auzokideei babesa ematera, baina ordubete behar izan dute argi guztia mozteko.

Uztailaren 3an, Pinto 20 blokeko gazteak epaitu behar zituzten eta bertan egon behar ziren udaltzainak. Udaltzaingoa ez zen epaiketara aurkeztu eta epaileak epaiketa urriaren 16ra atzeratu zuen.

Kalejira inprobisatua

Arratsaldean, elkarretaratzea deitu dute 20:00etan Andra Maria Zuriaren enparantzan, baina kalejira zaratsu inprobisatua bilakatu da. Txikita kaleko bloke okupatuan amaitu da kalejira, modu umoretsuan salatuz Gorka Urtaranen eta Iberdrolaren jarrera txio segida honetan mobizlizazioa ikusgai -. Gazte Emantzipaziorako Sareko kide batek Hala Bediri azaldu dionez, aurrera jarraituko dute eta gazteei lanean jarraitzeko deia egin diete.

Gazte Emantzipaziorako Sareko kidearen adierazpenak

Goizeko  argi mozketaren irudiak

Okupazioa  “tresna  erabilgarria  dela”  aldarrikatu  dute  gazteen  blokeen  okupazioaren  aurkako  epaiketan

Okupazioa “tresna erabilgarria dela” aldarrikatu dute gazteen blokeen okupazioaren aurkako epaiketan

Uztailaren 3ko bista bertan behera geratu da, Udaltzaingoa ez delako epaiketara aurkeztu. “Harro eta tinko” lanean jarraituko dutela aldarrikatu dute babesa adierazteko elkarretaratzean. 

GESek deitutako elkarretaratzearen pankarta, epaitegien kanpoaldean

Udaberrian Alde Zaharreko blokeak okupatu zituzten gazteen aurkako epaiketaren bigarren bista ez zen burutu uztailaren 3an. Ekainaren 29an, Kutxi 92ko bi gazte epaitu zituzten; uztailaren 3an, berriz, Pinto 20ko hiru gazte, baina Udaltzaingoa ez da epaiketara aurkeztu. Urriaren 16ra atzeratu du epaileak bista hau. Elkarretaratzea egin du Gazte Emantzipaziorako sareak (GES) epaitegien aurrean.

Elkarretaratzean azaldu dutenez, etxebizitza horiek gazteei zuzendutako etxebizitzak ziren, baina sei urtez hutsik egon zirenez eta “jendeak ez dituenez zuen zurikeriak sinisten”, hauek okupatzeari ekin zioten: “Badakigu etxeak ez direla zerutik eroriko”.

Epaiaren xedea, GESen esanetan, “mugimendua kriminalizatzea eta beldurra sartzea besterik ez da”. “Alternatibak eta aukera ezberdinak erabiltzen dituzte gazteen kontrako beste muntai bat eramateko aurrera, inguruan duten guztia merkantilizatu nahi ez duten gazteak baitira”. Utzita dauden etxe horiei bizi berri bat eman nahi izan diete gazteek, “lapurtutako hori herriari berriz ere bueltatzeko”. Izan ere, erabilera soziala izan behar zuten okupatutako bloke hauek.

Amaitzeko, “espekulazioaren eta burokrazia zikinaren aurrean gure baliabide preziatuena” erabiltzen jarraituko dutela aldarrikatu dute: okupazioa. Ezaguna den leloak esaten duen moduan, gazteek argi utzi dute “huste bat ematen badute, okupazio berri bat” eramango dutela aurrera. “Harro eta tinko” jarraituko du GESek lanean.

Gasteizko  gune  okupatuek  ere  «argi  daukate»

Gasteizko gune okupatuek ere «argi daukate»

Gasteizko 9 puntu okupatu piztu dituzte Errekaleorri babesa adierazteko eta larunbateko mobilizazioan parte hartzeko deia eginez. Hala Bediri helarazi duten bideoan ikus daitekeenez, gune ezberdinek batera argitu dituzte hiriburuko puntu ezberdinak. Bengalen laguntzarekin argitu dituzten guneak dira: Gasteizko Gaztetxea, Auzolana Pilotalekua, Txikita, Kutxi 92, Pinto, Herre 108, Sumendi Gazte Espazioa, Arkillos 10 eta Errekaleor Auzo Askea bera.

Erlazionatutako artikuluak:

SUmendi:  «Urtebeteko  lanari  esker,  auzoa  eraldatzen  jarraitzea  lortu  dugu»

SUmendi: «Urtebeteko lanari esker, auzoa eraldatzen jarraitzea lortu dugu»

Ia urtebete igaro da Judimendi auzoko gazteentzako espazioa den SUmendi lokala berreskuratu zutenetik. Pasa den larunbatean, maiatzak 20, urteurrena jai giroan ospatzeko eta lokaleko ateak parez pare irekitzeko SUmendi Eguna antolatu zuten, egun osoko egitarauarekin. Hala Bideo Markel eta Virginia auzoko gazteekin bildu da, ibilbide honetan topatutako zailtasunen, gorabeheren eta lorpenen inguruan hausnartzeko. Izan ere, lokala zein asanblada egonkortzea lortu dutela, eta horrekin batera, auzoaren onespena eta babesa ere badutela azpimarratu dute.


Erlazionatutako albisteak:

Etxebizitza  politika  salatu  eta  okupatzeko  deia  egin  du  GESek  bere  aurkezpenean

Etxebizitza politika salatu eta okupatzeko deia egin du GESek bere aurkezpenean

Azken okupazioen bitartez, “etxebizitza politika salatu” nahi dutela adierazi dute. Etxebizitza duin bat bermatuta ez duen orori okupatzeko deia luzatu diote, kazetari eta hedabide ezberdinen jarrera salatuz.

Gazte Emantzipaziorako Sarea aurkeztu dute Gasteizen. Duela aste batzuk, Pinto 20, Kutxi 92 eta Txikita 14 kaleetako blokeetan bizi diren gazteetako batzuk dira hauek. Hala ere, badaude beste eragile batzuk, tartean, Errekaleor Bizirik! edo Arkillos. Gainera, alde zaharreko zenbait norbanakoen babesa ere izan dute agerraldian.

Azken mugimenduen aurrean, Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen jarrera salatu dute, Errekaleor auzoan argia mozteagatik: “150 pertsona argirik gabe milioika € irabazten dituen enpresaren onurarako”. Gainera, ekainaren 3an auzo hau defendatzeko deia egin dute gazteek, manifestaziorako deia eginez. 

“Kasualitatez sei urtez blokeaturik egon den proiektua, hiru bloke hauen okupazioa eman eta egun gutxitara jarri nahi izan dute martxan” 

Alde zaharreko blokeei dagokionez, “Ensanche 21ek azken urteetan espekulaziorako erabili dituen alde zaharreko eraikinak” direla gogoratu dute. “Kasualitatez sei urtez blokeaturik egon den proiektua, hiru bloke hauen okupazioa eman eta egun gutxitara jarri nahi izan dute martxan”, salatu dute, “etxebizitza duin bat izateko eskubidea kriminalizatuz”. Gainera, udal taldeen “utzikeria” eta “gazteenganako arduragabekeria” salatu dute. Modu honetan, gazteei geratzen zaien aukera bakarra “gazteoi bideratuta zeuden etxebizitzak gure kabuz haienak egitea dela” aldarrikatu dute. “Nola liteke alokairu sozialerako etxe batzuk sei urtez hutsik egotea?”, gehitu dute.

Uztailak 3, epaiketa

Alde zaharreko blokeak okupatu zituzten gazteak epaituko dituzte uztailaren 3an. Orain dela aste batzuk okupatu zituzten etxebizitza horiek “etxebizitza sozialak” direla esan dute -hori zen ahsiera batean etxebizitza horien funtzioa, Ensanche 21en arabera-. Bitartean, herritarrei proiektua babesteko deia egin diete; gazteei, aldiz, proiektuan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete. Hala ere, kritikak ere izan dituzte: kazetari eta hedabide ezberdinen jarrera salatu dute, “eskubide bat dena kriminalizatzeagatik”.

Amaitzeko, “etxebizitza Gasteizen negozio izan beharrean, behingoz eskubidea den lehenengo hiria izatea” nahi du GESek. Ekubide hori okupazioaren bitartez eskuratuko dutela azpimarratu dute eta desalojatzen saiatzen badira, beste etxebizitza bat okupatuko dutela konfirmatu dute.

Gazte  emantzipazioa,  okupaziotik  haratago

Gazte emantzipazioa, okupaziotik haratago

Apirilean, Gasteizko Alde Zaharrean Ensanche 21 elkarte publikoaren hiru eraikin berreskuratu zituztela jakinarazi zuten hainbat gaztek, etxebizitzak sei urtez hutsik egon ostean. Hala Bideoren erreportaje honetan arazoa hurbiletik ezagutzen duten hiru gazteen testigantzak jaso ditugu, Ensanche 21-en utzikeriaren eta gazteen emantzipazioaren inguruan hausnartzeko.


Alde batetik, Marina Sagastizabal (28 urte, irakaslea), duela hainbat urte bizi da etxebizitza hauetan, ikasleentzako alokairu sozialari esker. Urteak pasa ahala, bere baldintza ekonomikoen aldaketek zein Ensanche 21-en utzikeriak jasanezina bihurtu dute bere egoera.

Bestalde, Ania Rodríguez Besantza (18 urte, ikaslea), gazte askok bizi duten emantzipatzeko ezintasunaren aurrean, etxebizitza eskubidea bere kabuz bermatzeko okupatzea erabaki duten gazteetako bat da.

Azkenik, Marta Sendiu (21 urte, ikaslea), gazteen etxebizitza eskubidearen alde lanean diharduen GES – Gazte Emantzipaziorako Sareko kidea da. Alde Zaharreko okupazioak eta Ensanche 21-en utzikeria problematika zabalago baten baitan kokatzen du Sendiuk, gazteek euren etxebizitza eskubidearen alde antolatzeko deia eginez.


Erlazionatutako albisteak:

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies