Urte hasierako lan heriotza salatu dute sindikatuek patronalaren aurrean
Urtarrilaren 2an gertatutako lan heriotzari erantzunez, elkarretaratzea egin du Euskal Herriko gehiengo sindikalak SEA patronalaren egoitzaren aurrean. Arratsaldean ere elkarretaratzea burutuko dute, Greba Komiteek deituta, Hegoladeko Gizarte Etxearen aurrean.
Urtarrilaren 2an jaso zen urteko lehen lan istripua. Olarizuko eraikuntza batean lanean ari zela 54 urteko behargina aldamiotik erori eta bizia galdu zuen. Langileak hilabete gutxi zeramatzan lanean Arnaiz Asc 21 eraikuntza enpresan. Sindikatuek salatu dutenez laneguna ez zen egun batean gertatu zen heriotza, enpresak lan egitera behartu zituen langileak.
Euskal Herriko gehiengo sindikala osatzen duten ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHENE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur goizean SEA patronalaren egoitzaren aurrean. Patronalak ardura zuzena duela azaldu dute eta urteko lehenengo istripu hilgarriaren erantzukizunak argitzea exijitu dute.
Osalanek osatutako informeak babes neurri ezaren ondorio zuzentzat jotzen du langile gasteiztarraren heriotza eta sindikatuek jai-egun bat izanda lanena zergaitk zegoen argitzea eskatu dute. Istripu hilgarriek “prekarietatearen aurpegirik bortitzena” erakusten dutela azpimarratu dute goizeko elkarretaratzean. Instituzioei ere esku hartzea eskatu diete, bereziki Eusko Jaurlaritzari, “beste aldera begiratzeari utzi” eta lan osasun politikak errotik aldatzeko.
Urte hasiera beltza
Urte hasierarekin gertatu da lehenengo lan heriotza Euskal Herrian. Joan den 2019. urtean 44 langile hil ziren beraien lanpostuan Euskal Herrian, horietatik bost Araban. Sindikatuen iritziz onartezinak dira heriotza guzti horiek eta, oinarrizko segurtasun neurriak aplikatuz, ekidin zitezkeela ohartarazi dute.
Arratsaldean mobilizazio gehiago
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak datorren urtarrilaren 30erako deitu duen Greba Orokorraren baitan sortu diren Greba Batzordeek elkarretaratzea deitu dute arratsalde honetarako azken lan heriotza salatzeko. Hegoladeko Gizarte Etxearen aurrean, arratsaldeko 19:00etan, elkartuko dira urtarrilaren 2koa azken lan istripua izan dadin aldarrikatzeko.
Aurreko astean prekarietateak beste bizitza bat eraman zuen hori salatzeko asmoz, gaur, urtarrilak 7, arratsaldeko 19:00etan Hegoaldeko Gizartetxean elkartaratzera deitzen dugu. pic.twitter.com/bEuj9Dl1mJ
— Olarizuko Gazteak (@OlarizukoGM) January 7, 2020
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!