Sexu langileen eskubideen alde mobilizatu dira Gasteizen
Feministak, antirrazistak eta antikapitalistak diren heinean eta langileen eskubideen alde borrokatzen dutelako, "ezinbestekoa" ikusten du mugimendu feministak sexu-langileen eskubideen alde borrokatzea.
Sexu langileen nazioarteko egunaren kariaz, sexu langileen eskubideen alde eta estigmatizazioaren kontra mobilizatu da Gasteizko mugimendu feminista. Aliantza prozesu betean dago mugimendu feminista, dituzten “pribilegioen jakitun”, aniztasun zabalagoa lortzeko bidean.
Sexu-lana antolamendu sozial kapitalista eta zisheteropatriarkal kolonialean kokatzen dutela adierazi dute. “Gaur egun Euskal Herrira iristen diren emakume* migratu askok sexu-lanen edo zaintza lanetan aritzearen artean aukeratu behar dute, indarrean jarraitzen duen Atzerritartasun Legeak erregularizatzeko eskubidea ukatzen dielako” ohartarazi dute.
Dena ez da trata
Sexu-esplotazioa, trata edo salerosketa eta sexu-lana bereizi dituzte eta “dena trata da” leloaren aurka egin dute, erabakitako sexu-lanaren existentzia ukatzen duelako eta ez diolako tratari benetako irtenbiderik ematen. Argi adierazi dute, edonola ere, trataren eta “edozein esparrutan ematen diren eraso matxisten aurka” daudela.
Estigmaren kontra
Mugmendu feministaren iritziz, “klase kokapena daukan feminismoak ulertu beharko luke sexu lanaz harago beste lan eta ofizioetan ere genero zapalkuntza, bortizkeria egoerak eta lan esplotazioa sarri gertatzen direla”. Lan esparru bat debekatzeak, estigma berezia jasaten duena gainera, pertsona prekarizatuak klandestinitatera kondenatu besterik egiten ez duela uste dute.
Sexu-langileen eskubideen eta ahotsen aurka doan indarkeriazko diskurtso eta jarrerarik onartuko ez dutela ere esan dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!