Mati Iturralde: “Osasungintza publikoan dauden arazoak konpondu gabe, merkatu pribatuan beste ate bat irekitzen dabiltza”
Ehunka pertsonek Gasteiz, Donostia eta Bilboko kaleak hartu zituzten otsailaren 1ean, pasa den larunbatean, osasungintza publikoaren alde, egiazko konponbide estrukturalak eskatzeko. Aurpegi eta diskurtso berriak dira nagusi osasungintza sailean. Diskurtso berri honen aurrean baina, behin egonezina onartuta, "non kokatzen dituzte agintariek egonezin hauek? Zer aterabide planteatzen dute?" Hauek dira Mati Iturralde mediku ohiaren arabera, larritzekoak diren galdera nagusiak.
Mati Iturraldek lehen arretarako kontsulta atzean utzi badu ere, erretiroak ez du aldendu osasungintza publikoaren aldeko borrokatik. Gorbeialdean Arabako herri eremuetan inposatutako aldaketen aurka mobilizatzen dabiltza, eta bertan da Mati ere. Hilabetero-hilabetero biltzen dira Murgian kalitatezko osasungintza publikoaren alde egiteko.
Aldaketak izan dira osasungintza publikoan, aurpegi eta diskurtso berriak darabiltzate agintariek. Alberto Martínez da osasun sailburu berria, bere aurrekaria aldiz, Gotzone Sagardui, osasun zentro pribatu berri batean jarri dute lanean postua utzi eta gutxira. Kudeatzaile bezala izan da ospetsua Martínez, Gurutzetan izan zuen anestesiologia zuzendari postuagatik bereziki. “Alderdi politikoek badute haien harrobia” dio Mati Iturraldek, “Garzón izan zen lehenengoa, gero Sagardui, eta orain, Martínezen jolasteko txanda da.”
“Partiduaren profila” mantentzen da, baina molde jeltzaleari eutsi badiote ere, diskurtso aldaketa garbia etorri da sailburu aldaketarekin batera. Aurretik zerabilten diskurtsoa ezin izan dute mantendu, “ez zen jasangarria.” Azken bi urtetan, Sagarduiren kudeaketa penagarria izan dela dio Matik. “Jendearen zarata geroz eta altuagoa da, zaila da hori ekiditea.” Pazienteen kexa ohiuak ito ezinik, behin diskurtsoa aldatuta, behin egonezina onartuta, “non kokatzen dituzte agintariek egonezin hauek? Zer aterabide planteatzen dute?” Hauek dira Matiren arabera larritzekoak diren bi kontu nagusiak.
Osasun hitzarmen berria ezinegona baretzeko asmoarekin dator. “EAJ eta PESE-EE konturatu dira jendearen pertzepzioa aldatu egin dela eta ikustenmdute aldaketa bat planteatu behar dela. “Egoera hain larria izanda, beste eragile batzuekin elkarlanean daudela erakutsi nahi zian dute.” Hala ere, aukeratutako eragile sozialak, mediku elkarteak eta erakundeak oso markatuta daude, eta ez dago batere argi zeintzuk diren hauen interesak. Paktua “hankamotz” geratu dela deritzo Mati Iturraldek. “Egoera kafkiarra da: desazkundea, lidergo falta, langileen desmotibazioa…”
“Kanpo auditoria beharko litzateke jakiteko zer gertatu izan den zortzi urte hauetan.” Pandemia inflexio puntu bat izan sen arren, aurretik ere kalitateak modu argian egin zuen behera. “Esperantza gutxi” du Matik hitzarmenean, “ez dut uste hemendik ezer positiborik aterako denik.”
Kanpo auditoria horren faltan, gaur egun osasungintzak negozioa izaten jarraitzen du. Honen erakusle da Mikel Sánchez traumatologoaren ospitale pribatu berriaren proiektua. “Merkatu liberal honen baitan” proiektu hau “legitimoa da merkatu pribatuan geratzen bada. Beste kontu bat da, hau (ospitale pribatu berriaren proiektua) krisialdi momentu orokortu batean planteatzea, hori da arazoa.”
Osakidetzan traumatologiaren egoera, Sánchezen espezialitatea, bereziki negargarria dela azpimarratu du Matik. Itxaron zerrenda luzeak, geroz eta pobreagoa eta zahartuagoa dagoen jendearen haserrea. “Panorama horretan sortzen da enpresa pribatu hau negozioa egiteko, honek ez du osoasun sistema publiko indartsu eta eraginkor baten eraikuntzan laguntzen. Hau da nire kezka, osasun publikoak hainbeste behar duen momentu honetan, merkatuan ate berriak zabaltzea merkatuari.”
Mati Iturralderi egindako elkarrizketa osoa hemen entzungai:
-
Hizpidea: Mati Iturralde: "Osasungintza publikoan dauden arazoak konpondu gabe, merkatu pribatuan beste ate bat irekitzen dabiltza"00:18:23
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!