La Encina egoitzako arduradunek kaleratutako langileen aurkako eskuorriak banatu dituzte Artziniegako komertzioetatik
Bi langile kaleratu dituzte La Encina egoitzatik lan eskubideak defendatzeko hauteskunde sindikalak egin ostean. Atzo bertan -maiatzak 20- kaleratzeak salatzeko elkarretaratzea egin zuten Artziniegan. through Aiaraldea.eus
Zuzendaritzarekin lan egutegia adosteko ezintasunen aurrean eta lan eskubideak defendatzeko helburuarekin, hauteskunde sindikalak egin zituzten iragan abenduan Artziniegako La Encina nagusien egoitzako langileek. Geroztik, enpresak langileen aurkako jazarpen kanpaina bat abiatu du eta bi zaintzaile kaleratu ditu, salatu dutenez.
Bide horretan, egoitzako arduradunek kaleratutako langileen aurkako eskuorriak banatu dituzte herriko taberna eta saltokietatik. Langileak “fede txarrarekin” jokatzeagatik eta “jarrera desegokiak” eta “deitoragarriak” izateagatik kaleratu dituztela azaltzen du eskuorriak, ez lan baldintzen alde borrokatzeagatik.
Langileek ukatu egin dituzte akusazio horiek, eta “erabat faltsuak” direla adierazi dute: “Lan eskubideen alde borrokan ari ginenak jazarriz, zigor eredugarri bat ezarri nahi izan dute arduradunek”.
Elkarretaratzea
Azken asteetan bezala, atzo ere elkarretaratzea deitu zuten La Encina egoitzaren aurrean kaleratzeak salatzeko. Arratsaldeko bostetan elkartuko ziren egoitzaren aurrean. Aiaraldeko Greba Batzordeak eta mugimendu feministak bertaratzeko deia luzatu zuten.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!