Trilar (Erroldarik gabe izanik ez): “Udalak erroldatzeko eskumena etxejabe eta errentisten esku utzi du”
Erroldarik ez izanik ez plataformatik publiko egin berri dituzte Gasteizko Udalaren bi barne dokumentu. Dokumentu hauek "legez kanpokoak" izateaz gain "gehien behar dutenei errolda ukatzeko erremintak" direla salatu dute.
“Existitzeko errolda izan behar duzu.” Urteak daramatzate Erroldarik gabe izanki ez! plataformatik “salatzen udalaren erroldatzeko irizpideek ehunka pertsonari errolda ukatzen diotela.”
Errolda arazo bilakatu da estatu mailan. Agintariek inolako oztoporik gabe herritar bakoitzak izan beharko lituzkeen “oinarrizko eskubide eta zerbitzuetarako sarbidea” bilakatu bai dute. Auzoan Bizi eta Erroldarik ez izanik ez! plataformako kidea den Trilarrek eman dizkigu gaiaren, eta argitara atera den legez kanpoko errolda protokolaren xehetasun guztiak.
-Zergaitik bilakatu da errolda arazoa gasteizen?
Errolda arazo bilakatu da lehenik, estatu mailan oinarrizko eskubide eta zerbitzuetarako sarbidea bilakatu dutelako. Hau da, existitzeko errolda izan behar duzulako. Eta bigarrenik, Gasteizko udalak errolda lortzeko jartzen dituen zailtasunengatik eta baldintzengatik.
-Norentzat da bereziki handia arazoa? Ze kolektibo da erabaki hau gehien pairatzen duena?
Migranteak eta pobreak dira erabaki hau gehien pairatzen dutenak. Alde batetik, errolda etxebizitzaren sarbidearekin dagoelako guztiz lotuta eta bai migranteak eta pobreak baitira etxebizitza merkatutik kanpo geratzen direnak. Eta bestetik, migranteentzat existitzeko eta haien egoera administratiboa erregularizatzeko, oinarrizko eskubideak izateko beharrezko dutelako.
-Zertarako da beharrezkoa errolda edukitzea? Ze oztopo mota dakartza erroldarik ez izateak?
Errolda edozertarako eskatzen dizute: haurrak eskolarizatzeko, osasun txartela izateko, lan eta erresidentzia baimena eskatzeko, lanbiden eta etxebiden izena emateko, bankuko kontu bat irekitzeko, ezkontzeko, bozkatzeko, gizarte zerbitzuetarako sarbidea izateko etab. Erroldarik ez izateak guzti honetatik kanpo uzten zaitu.
-Aste honetan bertan, Erroldarik gabe izaterik ez! plataformatik publiko egin dituzue Gasteizko Udalaren errolda emateko barne irizpideak, zeintzuk dira hauek? Zer topatu duzue bertan?
Gasteizko Udaleko bi barne dokumentu egin ditugu publiko. Batetik, Aholkularitza Juridikoaren 2019ko txostena eta bestetik, udalaren erroldatzeko barne protokoloa.
2019an Udalaren Aholkularitza Juridikoak barne txosten bat igorri zuen, bertan agintzen zuten errolda ukatzea udalaren edo Ensanche XXI-en etxebizitzetan titulu legalik gabe bizi den edonori. Probintzia Auzitegiaren sententzi batean oinarrituz, errolda ukatzen die ustez okupatuz bizi direnei, edota jabetza publikoa daukan etxebizitzetan alokairuan kontraturik gabe direnei. Baina aipatutako sententziak ez du horrelakorik esaten inolaz ere, besteren artean Auzitegi Penala izanik ez baitu erroldaren kudeaketa arautzeko eskumenik. Are gehiago, hortik urrunago joan da udala eta jabetza titulurik gabeko edonori ukatzen ari zaio errolda.
Bigarrenik, udalaren barne protokoloa izan dugu eskura, bertan Udalak derrigorrezko jarraibideak ezartzen dizkie erroldaren kudeaketan diharduten langileei. Txostenak ezartzen du soilik errolda daitezkeela etxejabeak, alokairu kontratua edo jabearen baimena duten maizterrak eta berrakuradunak, etxebizitzaren “erabilera eskubidea” demostratu ezin dutenak baztertuz. Hau Gasteizko ehunka auzokideen oinarrizko eskubideak ukatzea da.
-Irizpide hauek bazterketarako tresna direla seinalatu duzue, eta baita jakinarazi ere udalak ehunka pertsonari oztopatu diela erroldara sarbidea…
Bai, urteak daramatzagu salatzen udalaren erroldatzeko irizpideek ehunka pertsonari errolda ukatzen ari diotela. Izan ere, udalak erroldatzeko eskumena etxejabe eta errentisten esku utzi du. Udalak jartzen dituen irizpideen artean alokairu kontratua edota etxejabearen baimena izatea dira. Eta errealitatea da, jende asko bizi dela alokairu kontraturik gabe, edo jabearen baimenik gabe, edo bertan bizitzako jabearen baimenarekin baina bertan erroldatzeko baimenik gabe eta hor dago gakoa. Erroldak berez, islatu behar du non bizi zaren eta berdin du eta lege estatalak ere hala dio, jabearen baimena duzun, etxebizitzaren egoera fisiko, higieniko edo juridikoa.
-Udalak “legez kanpoko baldintza bidegabeak” eskatzen dituela eta muga arbitrarioak ezartzen dituela diozue.. zeintzuk dira hauek?
Aipatu bezala, etxejabe eta errentisten baimena izatea orokorrean. Baina badaude beste batzuk ere.
- Dokumentu ilegal eta ez beharrezkoen exijentzia: urtebete baino gutxiago indarrean daramaten alokairu kontratuak, Jabetza-Erregistroko notak, ordainagiriak edota etxejabearen presentzia sinadura balioztatzeko.
- Erregularizatu gabeko edo infraetxeetan erroldatzeko debekua, alde batera utziz erroldak egiazko bizitokia adierazi behar duela, eta ez etxebizitzaren legalitate urbanistikoa.
- Etxean erroldatzeko gehienezko pertsona kopuru bidegabea, 7 pertsona salbuespenak salbuespen, kanpoan utziz etxebizitza partekartzen duten pertsonak.
- Informazioa ezkutatzea, “itxitzat” ematen diren etxebizitzak kasu, ez baitiote informazio hau jakin behar duten pertsonei adierazten.
- Kontratu pribatuen bidegabezko kontrola, Udalaren konpetentzietatik guztiz haratago doan praktika bat baita, eta eginkizun hau Epaitegiek eta Jabetza Erregistroak egin beharko luke. “Administrazio onaren” printzipioa urratzen dute horrela.
-Ba al da aukerarik legeak Gasteizko Udalaren erabakia babesteko? Edo legea aurka agertuko da?
Duela urte bete bide judizialari ekin genion, autodefentsa juridikoaren gidaren bitartez.
Lege estatalak dioenari eutsita udalaren erroldatzeko baldintzei juridikoki kontra egiteko aukera ikusi genuen. Parentesi bat egin nahiko nuke hemen azaltzeko gu ez garela legalistak, hau da, ez dugu uste legala dena legitimoa dela eta ilegala dena ilegitimoa, eta bestetik ez dugula justizia burgesean sinisten baina momentu konkretu batean legea gure alde erabili badezakegu erabiliko dugu. Argi dugu ere, ezin dugula apustu guztia fronte juridikoaren alde egin, beste fronteak ere beharrezko ditugula.
Udalak jarritako baldintzak juridikoki borrokatzeko bide bat Autodefentsa Juridikorako Gidan azaldu eta zabaldu genuen. Hau da, Autodefentsa Juridikorako Gidak azaltzen du nola erroldatu bizi zaren tokian nahiz eta etxejabearen baimena ez izan. Prozesu luzea da eta baditu bere mugak baina prozesu “indibidual” honen bitartez epaitegietan amaitu eta epaile batek udalari aginduko dio bizi zaren tokian erroldatzeko nahiz eta udaleko baldintzak ez bete. Hori da espero duguna eta aurrekariak badaude.
Ahalik eta jende gehienak prozesu “indibidual” hau hasita, kolektiboki udalari presio egiteko balio izango digu, lorpenak komunikatiboki zabaltzeko eta behin gure aldeko epai batzuk lortuta, udaleko baldintzak orokortasunean juridikoki ere salatzeko.
-Mafiek eta etxejabeek auzoko zaurgarrienetatik etekin ekonomikoa ateratzeko erabiltzen ari da errolda, baina zein da erroldaren berezko funtzioa?
Errolda berez da administrazioak jakiteko non bizi zaren, zurekin kontaktuan jarri nahi ezkero eta bestetik, udalerri eta auzo bakoitzeko biztanle kopurua zein den jakin eta beharrezko zerbitzuak eskaintzeko.
-Zer diote EAEko eta Espainiako ebazpenek? Biltzen al dute derrigorra dela jabetza edo alokairu kontratua aurkeztea erroldatzeko?
Estatu legedia argia da: edozein pertsonak dauka eskubidea eta betebeharra bizi den udalerrian erroldatzeko, etxebizitzarekiko duen egoera bata zein beste izan. Horrela dago jasota 7/1985 legean, edo Instituto Nacional de Estadística (INE)ren jarraibideetan. Arau hauek ezartzen dute errolda gertakarien eta ez eskubideen erregistro bat dela. Ez dio axola okupatutako etxe batean, etxola batean, karabana batean edota teilaturik gabe ere bizi. Bakoitzaren bizi-tokia erroldan egon behar du islatua.
-Beraz legea zein den jakinda, beste arau batzuk ezarri dituztela baieztatu dezakegu? Hau da, prebarikazio zantzuak egon daitezke udalaren baldintzetan?
Bai, hori da. Udalak legearen gainetik jokatzen ari dela argia da. Horrek dakarren bidegabekeria larria da ere. Eta bai, guk prebarikazio zantzuak egon daitezkeela uste dugu Gasteizko udalaren baldintzetan.
-Ez orain dela hainbeste urte Errekaleorreko auzokideak erroldatzera hurbiltzen ziren udaletxeko langileak. Noiz aldatu zen egoera hainbeste? Zerk bultzatu zuen baldintzen gogortze hau?
2019 urte inguruan aldatzen hasi ziren gauzak. Politika arrazistek, okupazioaren kontrako ofentsibak, pobreen aurkako gerrak eta etxejabe eta errentisten botere eta inpunitateak zeresan handia dute Gasteizko udaleko errolda politiketan.
-Zein da udalaren helburua? Ze arrazoi ditu errealitatea soilik islatzen duen erroldatzea ukatzeko edo oztopatzeko?
Alde batetik, etxejabe eta errentistei boterea ematea eta haien inpunitatea babestea. Hau da, udaleko erroldatzeko baldintzek etxejabeei eta errentistei ez diete araurik edo mugarik jartzen hien jabetzako etxebizitzetan nahi dutena egiteko. Kontraturik eta erroldarik gabe alokatu dezakete eta beste aldetik errolda saldu. Eta nahi dutenean errolda kendu, etxeetatik jendea bota. Legeak maizterrentzat ezarri ditzakeen babes minimoak ere ez betetzeko balio die udaleko errolda politikak.
Bestetik, migranteen kontrako jarrera da udalarena. Ez baititu errekonozitzen eta ez baitizkie oinarrizko eskubideetarako sarbidea ematen. Hau da, migrazioari oztopoak jartzea ere badela udalaren helburua esango genuke.
-Finean, Errolda merkantilizazioa ematen ari dela salatu duzue baita ere, nor dago negozio honen aztean?
Guk argi eta garbi uste dugu udala dela erroldaren salerosketaren arduradun nagusia. Udalak jartzen dituen baldintzen ahalbidetzen dutela errolda saltzea. Hau da, udalak bakoitza bizi den tokian erroldatzeko bideak martxan jarriko balitu ez litzateke posible izango, jendeak ez bailuke behar izango errolda erostea.
-Zenbat diru eskatu ohi dute?
100-300 euro hilean. Hau da, jende asko dago, egoera zaurgarri eta prekarioenean daudenak gainera, hilean alokairu bat ordaintzen kontratu eta erroldarik gabe eta aldi berean errolda ordaintze. Hau da, gela batengatik errolda eta kontraturik gabe 300-500 euro ordaintzen hilean gehi errolda ordaintzen. Kriston dirutza da.
-Ba al daude edo izan dira horrelako kasu gehiago Euskal Herrian? Estatu mailan?
Esan genezake geroz eta ohikoak direla bai Euskal Herrian eta bai estatu mailan udalek ezarritako baldintza hauek.
-Gasteizek Premia de Marreko kasuak izan zuen bilakarea izan dezakeela uste duzue?
Bai, aurrekari hori badugu. Premia de Marren, katalunian, udalak hemengo baldintza antzekoak jartzen zituen eta bertako etxebizitza sarearen borrokaren bitartez lortu zuten epaile batek legalitatea errespetatzen ez zutela erabaki eta udala behartu baldintza horiek kentzera.
-Ze inpaktu izan dezake estatu mailan gasteizko udalean erabakitakoak?
Jurisprudentzia markatu dezakeela uste dugu. Hemen egiten dugunak beste hainbat tokitan eragina izatea, kontutan hartuta errolda lege estatalak arautzen duela.
-Zein da erroldaren merkantilizazioari aurre egiteko bidea?
Antolatzea da gure erantzuna horren aurrean, bermatu dezagun Gasteizen bizi den edonor errekonozitua izan dadin, eta gutxienez dagozkion eskubideak eduki ditzan.
-
Hizpidea: Trilar (Erroldarik gabe izanik ez): "Udalak erroldatzeko eskumena etxejabe eta errentisten esku utzi du"00:22:35
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!