Joko-aretoen aurkako alegatu bateratua
Dozena bat eragilek joko-aretoen aurkako epaiketa sinboliko bat burutu dute Gasteizen. Ekainaren 23an, apostu-etxeen aurka hiriburuan egin den lehen manifestazioa ospatuko da.
2019ko ekainaren 7a, Arabako hiriburua, Gasteiz. Joko-aretoen afera gero eta kritikoagoa da. Gaur egun, 8.000 biztanletik, joko-areto bat dago hiriburuan. Auzo bakoitzeko, bi joko-areto. Bitartean, Baskonia edo Alaves kirol taldeen babesle nagusia apostu-etxe bat da.
Hilabeteak eta hilabeteak daramatzagu joko-aretoekin bueltan gurean. Gasteizen, adibidez, herri mugimenduan zentralitate handia hartu duen gaia da: Judimendiko Gazte Asanbladak lanketa bat abiarazi zuen gaiarekin eta egun elkarretaratzeak egiten dituzte hilabetero auzoan, hainbat joko-aretori markajeak egin zitzaizkien urtarrilean, Txagorritxuko bizilagunak Abendaño Ikastolatik gertu ireki duten aretoarekin kezkatuta daude, Salburuan beste berri bat ireki nahi dute… Eta egutegian gorriz markatutako data iristeko, bi aste eskas: ekainak 23. Egun horretan, joko-aretoen aurkako lehen manifestazioa egingo da Gasteizen.
Horren aurretik, ordea, hainbat eragilek herri epaiketa bat egiteko hautua hartu dute. Hori dela eta, Euskal Herrian Bizi! zigilupean ekitaldi moduko bat egin dute ostiral arratsaldean Dato kalean kokatuta dauden joko-aretoen aurrean.
Epaiketa sinboliko honetan, eragile eta pertsona-talde ezberdinek joko-aretoen kontrako euren alegatua eman dute jakitera. Bertan izan dira, besteak beste, ikasleak, neska gazteak, Ernai, Indar Baskonia, Iraultza 1921, Astindu Gasteiz, Judimendiko Gazte Asanblada, Kilima(k) Aisialdi Taldea, Gasteizko Gaztetxea, Olarizuko Gazteak, Trikuharri Gazte Asanblada…
“Emakumeok objetu sexual gisa erabiltzen dituzte areto hauetan. Ez dugu eredu honen parte izan nahi”, adierazi dute neska gazteek apostu-makina bat kolpeka apurka-apurka apurtu duten bitartean.
“Ez ditugu lokal hauek gure eskola edo parkeetatik gertu nahi. Aisialdi alternatibo baten alde egiten dugu”, esan dute Kilima(k) Aisialdiko kideek. Eta horrla, gutxinaka-gutxinaka, eragile bakoitzak bere alegatua egin du joko-aretoak zigortu arte.
San Juan bezperan, manifestazioa
Duela bi urte inguru zabaldu zuten Judimendi auzoan joko-areto berria, eta auzoko gazte asanbladak larritasunez ikusi zituen herritarren artean eragin zitzakeen kalteak. Helburu horrekin, txosten bat landu eta jokoak sor ditzakeen kalteez ohartarazteko liburuxka bat banatzeari ekin zioten auzokideen artean eta, ostean, dinamika auzo guztiari irekitzeko hautua hartu zuten, gazte problematika batetetik haratago. Urte honetan, hilabetero elkarretaratzea egiten hasi ziren joko-areto berriaren aurrean, auzokideen artean banderolak zabaltzearekin batera.
Aldarrikapen horri jarraipena emanez, manifestazioa iragarri dute auzoko jaiekin bat eginik: ekainaren 23an, 19:00etan, auzoko Sefarad plazatik abiatuta. Auzokideen artean adikzioa eta menpekotasuna sortzeaz gain, inguruko negozioetan ere eragin kaltegarria duela salatu nahi dute. “Langileak esplotatu” egiten dituela azaldu dute asanbladatik. “Ia 24 orduz zabalik” egoten direla esan dute, eta prezio baxuen eraginez “konpetentzia desleiala” egitea ere egotzi diete.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!