Euskal Udalekuek eraso politiko eta administratiboa salatu dute
Ehunka lagunek babestu dituzte Euskal Udalekuak Gasteizko Foruen plazan egindako agerraldian. Bernedoko udalekuak ixteko presioa salatu dute, eta abuztuaren 29rako jaialdia iragarri dute jasandako erasoei erantzuna emateko.
Euskal Udalekuetako hezitzaile, guraso, haur eta proiektukideek agerraldia egin dute gaur Gasteizen, azken hilabeteetan haien aurkako salaketa kanpaina salatzeko. “Difamazioen gainetik” urrian esandakoa berretsi dute: “zuzenean jaso ditugun kexa guztiak dutxen funtzionamenduari buruzkoak izan dira, eta ez dugu hezitzaileek egindako eraso-salaketarik jaso, ezta salaketa judizialik ere”. Azaldu dutenez, ez dute “komunikabideetan hainbeste aipatu den prozesu judizialaren berririk” izan. Salatzaileen artean VOX, Hazte Oir, Abogados Cristianos, Manos Limpias eta beste entitate batzuk daudela bakarrik dakitela esan dute.
Salaketa horien inguruko berririk jaso ez dutenez, ikasturtea “ohiko moduan” antolatzen egon direla helarazi dute. Formakuntzak jasotzen, proiektua birformulatzen, eztabaidatzen, programazioak prestatzen eta auzolanean etxeak konpontzen aritu direla azaldu dute, beraien hitzetan “hori baita beraien jardunaren erdigunea”.
Bernedoko kasuaren inguruan azaldu dute, Arabako Diputazioak prozedura administratibo bat ireki diola Sarrea Elkarteari jakinarazpen bat ez egiteagatik. Horrek isuna eta hiru urtez aisialdi ekintzak antolatzeko debekua dakarkio elkarteari. Euskal Udalekuek diotenez, “beti izan ditugu legeak eskatzen dituen dokumentuak”, begirale eta zuzendari tituluak, elikagaien manipulaziorako agiriak, protokoloak eta delitu sexualen ziurtagiriak. Erabakia epaitegietan errekurritu dutela jakinarazi dute. Halaber, salatu dute Diputazioak Euskal Udalekuekin zerikusia duen edozein elkarteri debekatu diola jarduera antolatzea, “Entramado de Euskal Udalekuak” terminoa aitzakia gisa erabilita.
Salaketaren punturik larriena Bernedoko Administrazio Batzarraren kontrako presioa da. Arabako Diputazioak “mehatxua” egin zien batzarreko kideei: “alokairu-kontratua moztu ezean ondorio larriak pairatuko dituztela esan zien”. Presio horren ondorioz, Administrazio Batzarra “behartuta sentitu da Diputazioari men egitera” eta 51 urtez erabilitako etxea galtzeko arriskuan daude. Egoera horren aurrean, “Diputazioaren mafioso eta zapaltzaile papera” salatu dute, eta “prebarikatzen” egotea egotzi diote diputazioari.
Egoera honi erantzuna emateko, abuztuaren 29an jaialdi bat antolatu dute Bernedon. Azaldu dute ondoen egiten dakiten egingo dutela eta egun osoko egitaraua prestatzen ari direla gehitu dute. Bertan jolasak, emanaldiak eta sorpresak egongo direla iragarri dute baita ere. “Urte luzeotan Euskal Udalekuen parte izan den oro gonbidatu nahi dugu, aisialdi alternatiboak duen ahalmen eraldatzailean sinetsi nahi ez dutenei honen balioa ikusarazteko”. Haien esanetan, jaialdiak Euskal Herri osoan aisialdi eredu horrek duen indar eta babesa erakutsiko du.
Amaitzeko, eskerrak eman dizkiete konfiantza eta babesa osoa adierazi dieten “lagun, herritar, familia, gazte eta inguruko guztiei”. “Abuztuaren 29an Bernedon ikusiko dugu elkar! Errepresiorik ez! Aurrera Euskal Udalekuak!” oihukatu eta txalo zaparrada batekin bukatu dute prentsaurrekoa.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
