Harrika Kolektiboak urtebetetzea ospatuko du ostiralean
Urtebete egin du Harrikak. Apirilaren 14an ospatuko dute Jimmy Jazzen, artista gonbidatu eta performaceekin.
2022ko martxoan sortu zen Harrika, musika elektronikoa eta hainbat adierazpen artistiko sustatzeko helburuarekin. Aniztasuna du jaialdiak abiapuntu: “aniztasuna gure jarduera guztien ardatz nagusitzat hartuta, inguratzen gaituzten espazioetan jai-eredu orokorrean identifikatuta sentitzen ez diren pertsona guztientzat gune bat sortzea erabaki genuen”.
Sortzaileen arabera, “gizon cishetero zuriaren hegemonia” nagusi da musika elektronikoaren munduan. Horren kontra, Harrikan emakume artistak, transak, pertsona ez-bitarrak, queerrak, artista gayak, arrazializatuak eta, orokorrean, sektoreak alde batera uzteko joera duen eszenako profesional guztiak sustatzearen aldeko apustua egiten duela aldarrikatzen dute.
Urtebetean 13 ekitaldi antolatu dituzte: 11 Jimmy Jazz aretoan, bat Alde Zaharreko Zaharraz Harro jaietan Txapelarri tabernarekin batera, eta beste bat Gasteizko Txosnetako karpan. Jaialdi horietan osotara 23 artista ezberdin gonbidatu dituzte, bertakoak zein nazioartekoak: Alemaniako, Hungariako, Hebereetako zein Erresuma Batuko artistak, baita Madril eta Bartzelona hirietako DJak ere.
Bi artista egoiliar ditu egun kolektiboak: Villatek eta Santa Klaux. Laster egoiliar berriak izango dituztela ere iragarri dute.
Orain esku artean duten apusturik handiena Zaintza Taldea da. Jaialdietan emakumeek osatutako talde bat egoten da “egoera deserosoei aurre egin eta jaialdian emakumeen zein pertsona queerren erosotasuna eta protagonismoa bermatzeko”.
“Gune segurua izatetik urrun bagaude ere, Zaintza Taldeari esker muga hau geroz eta gertuago daukagu, eta horren alde lanean jarraituko dugu, gizon cisheteroei protagonismoa kendu eta beste jai eredu ezberdinak posible direla demostratuz”, azaldu dute.
Urtebetetze jaialdia apirilaren 14an
Apirilaren 14an urtebeteko ibilbidea ospatuko dute. Horretarako, Harrikaren hasieretan inspirazio iturri izan zuten Madrilgo SKIN taldea izango dute gonbidatu bere bi artista egoiliarrekin: Reitze eta Saint SInner. Gainera, Gasteizko La Enredadera kolektiboarekin elkarlanean Shibari teknikaren auto-lotura performance bat ere egingo da jaialdian. Ostiral honetan izango da Jimmy Jazzen, 01:00etatik aurrera.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!