HALA BIDEO | ‘Tortura, zauri irekia’
Otsailaren 13a, Torturaren Aurkako Eguna da gaur. Honen harira, Ertzaintzak, Espainiako Poliziak edo Guardia Zibilak torturatutako belaunaldi ezberdinetako lau arabarren testigantzak bildu zituen Hala Bideok 2018ko erreportaje honetan: Marina Sagastizabal, Xabier Izaga, Txiki Donnay eta Susana Atxaerandio. Horiekin batera, Ixone Legorburu psikologoak ere parte hartu zuen erreportajean. Erreportajea sei hizkuntzatara azpititulatua izan da: Euskara, Gaztelania, Katalana, Galegoa, Italiera eta Ingelesa
2017ko abenduan, Eusko Jaurlaritzak torturaren inguruko txostena aurkeztu zuen. Ikerketa Paco Etxeberria auzitegi medikuak eta Laura Pego Kriminologia Institutuko zuzendariak gidatu dute. Txostenaren arabera, 1960 eta 2014 urteen artean, gutxienez 4.113 tortura kasu izan dira EAEn: Guardia Zibilak 1.792; Espainiako Poliziak 1.782; eta Ertzaintzak 336. Salaketak aurkeztu zituztenetatik %83 gizonezkoak dira eta %17 emakumezkoak. Ikerketaren sinesgarritasuna %95’5ekoa dela azaldu dute. 202 kasutan, Istanbulgo Protokoloa aplikatu dute, tortura eta honen eraginak peritatzeko.
Hala ere, Giza Eskubideen Auzitegi Gorenak, 7 aldiz zigortu du espainiar estatua, tortura salaketak ez ikertzeagatik. Era berean, ikerketak dio agintariek “sistematikoki” ukatu dutela torturaren existentzia, eta inkomunikazio erregimena aplikatzeak “torturak eta tratu txarrak ematea erraztu” eta “ikertzea zaildu” duela.
Ohiko torturen testigantzetatik haratago doan erreportaje bat da hau, eta torturaren sustraietara jo du: tortura metodo ezberdinek eurengan eragindako sufrimendua, Eusko Jaurlaritzaren txostena eta bizitakoaren zein etorkizunaren inguruko hausnarketa dira erreportajearen ardatz nagusiak, protagonisten ahotsak oinarri.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!