Falangearen elkarretaratzeari erantzun diote ehunka antifaxistak Gasteizen
Protesta antifaxistara batu diren ehunka lagunen aurka kargatu du poliziak. Dozenatik gora lagun atxiki, atxilotu eta zauritu dituzte, Falangearen bilkura babesteko dispositiboan.
Hispanitatearen Egunean elkarretaratzera deitua zuen Espainiako Falangeak Gasteizen, Probintzia Plazan. Hogei bat minutu lehenago Ertzaintzaren dispositiboa inguruko kaleetan zabaldu da, eta Siervas de Jesus kaleko bi sarrera ixten saiatu dira. Hitzordua hurbildu ahala jendea hasi da gerturatzen. Elkarretaratze faxistari aurre egiteko mobilizatzeko deialdiak ere zabaldu dira azken astean.
Falangearen mitina hasi aurretik dagoeneko ehunka lagun batzen zituen protesta antifaxistaren aurka kargatzeari ekin dio Ertzaintzak. Falangistek ere makilekin eta burdinazko barrekin eraso dute jendea. Karga polizialak izan dira Siervas de Jesus kalean. Foam jaurtigailu mordoarekin egin du Ertzaintzak mobilizazio antifaxistaren aurka. Jendea autoz harrapatzen ere saiatu dira: furgonetarekin gutxienez pertsona bat zapaldu dute. Protestak barrikadekin eta harriekin eutsi dio posizioari. Dozena bat protestaritik gora atxiki dituzte poliziek, eta atxilotuak eta zaurituak ere izan dira. Anbulantzia bat etorri da Falangista batzuk artatzera ere. Oraindik ez da ezagutzen zenbaki zehatza. EITBren arabera, 17 dira atxilotuak.
Dozenaka Falangistak elkarretaratzea hasi eta bukatu egin dute Probintzia Plazan, Ertzaintzak jarritako kordoi-polizialaren atzean, inguruan protestak gero eta zaratatsuagoak ziren bitartean. Espainiaren batasuna aldarrikatu dute hamaika Espainiako bandera artean, keinu faxistak egin dituzte eta Falangearen banderak atera. Bota dituzten oihuen artean “Euskal presoak, cámara de gas” edo “No sois vascos, sois hijos de puta” bezalakoak izan dira. Cara al sol abestu dute mitina bukatzeko. Bien bitartean, Ertzaintzak protesta antifaxistaren aurka kargatzen jarraitu du.
Elkarretaratze falangista bukatu denean, Francisco Juan de Ayala plazara erretiratu dira bertan zeuden pertsonak; kalean zegoen jendeari oihuka, irainka eta mehatxuka. Une horretan istiluak izan dira berriro Domingo Beltran eta Beato Tomás de Zumarraga kaleetan, Ertzaintzak berriro egin du manifestari antifaxisten aurka. Beste hainbat lagun atxiki eta zauritu ditu poliziak Juan de Ayalatik gertu. Gutxienez bat atxilotu egin dute. Beato Tomás de Zumarragan ere jarraitu dute istiluek eta barrikadek.
Aske antolakundeak manifestaziora dei egin du arratsalderako, goizeko zaurituak eta atxiloketak salatzeko. 17.00etan izango da Andra Mari Zurian.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!














