Urriaren 12ko errepresioa salatzeko agerraldia deitu dute ostiralean
18:00etan Foru plazara hurbiltzeko deia egin diete herritarrei. Salatu dutenez, pertsona bati matrailezurra eta hortzak apurtu dizkio Ertzaintzak pilotakada batez, eta beste hainbat zauritu larri ere eragin ditu igandeko errepresioak.
Urriaren 12an poliziaren errepresioa jasan zutenekiko elkartasunez, eta salaketa publikoa egiteko, agerraldi masiboa deitu dute biharko, urriak 17 ostirala, arratsaldeko 18:00etan Foru plazan. U12 Jazartuak – Inpunitaterik ez! leloarekin deitu dute prentsaurrekoa, eta iragarri dute bertan zabalduko dituztela Ertzaintzaren kargek utzitako ondorioak.
Igandean Falange Españolaren bisitari aurre egiteko kalera irten ziren ehunka antifaxista, eta Ertzaintzarekin istiluak sortu ziren, polizia autonomikoak falangistak babestu zituelako. Hemeretzi antifaxista atxilotu zituzten ertzainek, faxistarik bat ere ez, eta beste hainbat laguni zauri larriak eragin zizkien Ertzaintzaren bortizkeriak, hainbat eragilek salatu dutenez.
Hainbat momentutan falangistekin batera herritarrak kolpatzen aritu zen Ertzaintza, bideo ugaritan ikus daitekeenez. Gazte gasteiztar bati matrailezurra apurtu zion ertzain batek, metro gutxiko distantzian aurpegira pilotakada bat botata. Poliziak berak dituen protokoloen arabera ertzainen jaurtigaiak ezin dira horizontalean jaurti, jendearen aurpegia edo gorputzaren goikaldea jopuntuan izanda, baina hainbat iruditan frogatua gelditu da Ertzaintzak hala egin zuela tiro hainbatetan.
Aipatutako gazteak berak sareetan zabaldutako argazkietan ikus daiteke ahoa txikitu ziola kolpeak, hainbat hortz erauzi zizkion eta matrailezurra apurtu. Ebakuntza ugari beharko ditu gazteak ahoa osatzeko. Salaketa jarri du epaitegian Ertzaintzaren kontra, eta Ertzaintzak berak esan du barne ikerketa bat abiatu duela gertatutakoa argitzeko.

Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
