Tornado batek milaka pago bota du Entzia mendilerroan
Asteazken goizaldera Entzia mendizerra ingurutik igarotako haize zurrunbilo indartsu batek hondamendia ekarri du naturgune horretara. Hamaika kilometro inguruko perimetroan milaka pago bota ditu lurrera eta beste asko kalteturik utzi ditu.
ARGIAk jaso duen informazioaren arabera, tornadoa Araban dagoen Baio mendiaren atzealdetik igaro –Legaireko zelaietatik gertu– eta Nafarroa alderantz abiatu da, Bagaio amildegia gurutzatu ondoren mendizerrako haitzekin topo egin du.
Arbola guztien enborrak norabide bererantz erori dira eta hondamendia begiztatzen aritu diren lekukoak ziur daude tornado batek eraginda izan dela.
2 kilometro luze eta 200 metro zabaleko orbana utzi du haize boladak Entziako pagadietan, baina hortik kanpo txikitutako pagoak ere asko dira, denera hamaika kilometroko perimetroa du kalteturiko eremuak. Segidako bideoan ikus daiteke hondamendiaren neurria norainokoa izan den, pagoak errotik aterata.
Iturri berberen arabera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun saileko arduradunak ere izan dira eremuan eta tornadoa baieztatu dute; datorren astean drone batekin begiztatuko dute ingurunea.
Arabako Foru Aldundiak, bestalde, egur kopuruaren estimazioa egingo du, baina baso ustiaketarako “esleipen soil bat” baino askoz gehiago dela ziurtatu dute, “izugarria da lurrean dagoen arbola kopurua, sekula ez nuen horrelako ezer ikusi”, dio lekuko batek
Entzia mendilerroa Arabako Batzar Nagusiek Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuten eta etorkizunean babestu beharreko naturgunetzat dauka Eusko Jaurlaritzak. Arabako ipar ekitaldean dago, Urbasako natur parkearekin mugan eta 5.000 hektareako azalera dauka. Balio ekologiko itzela dauka barnebiltzen dituen baso eta putzuengatik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!