Olarizu eta giza eskubideak
Sinatzaileak: José Ángel Cuerda, Juan Ibarrondo, Filomena Abrantes, Bartolomé Jiménez, Pascual Borja, Lourdes Oñederra, Jesús Prieto, Antonio Duplá, Iñigo Antepara, Amelia Barquín.
Gasteizko herritar agurgarriak. Uneotan ehun pertsona baino gehiago daude Olarizu hiribideko bloke batzuetan, haien artean gazte eta ume dezente, hutsik eta eraisteko prest zeuden udal etxebizitza batzuetan.
Gizakiak ote dira etxe horietan bizi diren pertsonak? Giza eskubideak ote dituzte, menturaz?
Gizakiak balira, geurea bezalako gizarte aurreratu batean, etxebizitza duin baterako eskubidea izango lukete, urarekin eta elektrizitatearekin. Baina ez da horrela. Izan ere, udalaren erabakiaren ondorioz, ura eta argindarra moztu zaie.
Neguan, Gasteizen, arratsaldeko seietan gaua da jadanik, eta sekulako hotza egiten du. Egongo da hiri honetan esaten duenik pertsona horiek beti oheratu daitezkeela ilundu bezain laster (oherik eta mantarik badute, behintzat), eta arropa jantzita egin dezaketela. Baina kandelarik piztu gabe, noski, sute bat eragin dezaketelako, eta ez dagoelako etxeetan hura itzaltzeko urik. Egongo da esaten duenik pobrezia egoeran dauden pertsonek hotza pasatu behar dutela, eta ilunpean egon. Eta uraren bila joan behar dutela duela mende bat egiten zen bezala.
Egongo da hiri honetan esaten duenik arropa eta baxera garbitzea, janaria prestatzea, etxe barruan berokia kentzea, dutxa hartzea eta seme-alabak iturriko urarekin bainatzea –are gutxiago ur beroarekin– ez dela beharrezkoa, pertsona horietako bat bazara.
Bloke horietan 30 adin txikiko inguru bizi dira. “Haurren Lagun den hiria” izateaz harro dagoen udalerri batean! Argi dago ez dela haur guztien laguna; ez da, bederen, bloke horietan bizi diren haurrena. Egongo da esaten duenik pobreek ez daukatela haurtzarorako eskubiderik.
Kaleratze mehatxua presente dago uneoro. Egongo da hiri honetan esaten duenik pertsona horiek ez dutela pasatzen estresa edo antsietatea edozein egunetan kalean geratuko direla pentsatzean, nora jo jakin gabe; ez dutela haien egoeragatik sufritzen, ezta beren seme-alabak sufritzen ikusita ere; ez direla deprimitzen jasaten dituzten bizi-baldintzengatik edo sentiarazten zaien mespretxuagatik. Egongo da hirian esaten duenik etxebizitza ordaintzeko gai den jendearen osasun fisiko eta mentalak arreta osoa merezi duela, baina Olarizuko blokeetako pertsonen osasun fisiko eta mentalak ez duela batere axola. Ez helduena, ezta haurrena ere.
Egongo da hiri honetan esaten duenik onena dela jende hori aienatzea, desagertzea… jende jatorrak ikus ez dezan, eta lasai asko bizi dadin. Baina hori ez da usu gertatzen…
Gizakiak ote etxe horietan bizi direnak? Giza eskubideak edukiko ote dituzte?
Ikasten ariko al gara, gure gizarte aurreratu honetan, badaudela gizakiak diren pertsonak (eskubideen jabe), eta beste batzuk gizaki ez direnak (eta, hortaz, eskubiderik gabe bizi behar dutenak)?
Testu honen sinatzaileok pertsona guztien gizatasunean sinesten dugu. Eta uste dugu hori pentsatzen duten Gasteizko herritar asko ordezkatzen dugula.
Erakundeei ardura eskatzen diegu, eta konponbideak bilatzeko Olarizuko blokeetan bizi diren pertsonen oinarrizko giza-eskubideak bermatzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!