LABek Frenos Araba enpresan zuen delegatua kaleratu dute
Sindikatuaren iritziz, langilearen osasun eskubidea eta askatasun sindikala urratuak izan dira.
Gasteizen kokatuta dagoen Frenos Arabako nagusiak LAB sindikatuko delegatua kaleratu du. Jundizeko poligonoan dagoene honetan, hauteskunde sindikaletan pertsona hau LABekin aurkeztu zen eta, aurrekoetan bezala, langile gehienen babesa izan zuen.
“Nagusiarekin harremanak betidanik zailak izan dira, bere jarrera oldarkor eta prepotentea dela eta. Hauteskundeetan bertan, beste langile guztiak presionatu zituen hauteskunde mahaikide ez izateko, nahiz eta legeak hori arautu. Sindikatuoi ere ez zigun sartzen utzi, eta propaganda eta informazio sindikala banatzeko debekuak izan genituen”, salatu du sindikatuak.
Aukeratua izanda ere, LAB sindikatuko delegatua bajan zegoen min larri baten ondorioz eta urte eta erdiko epea pasatu ondoren, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak alta eman zion. Lantegira bueltatu ondoren eta enpresako medikuak azterketa arina egin ondoren, ez zuen lanerako inolako eragozpenik jaso, nahiz eta mina agerikoa izan. Hori gutxi ez, eta nagusia bere ondo-ondoan denbora osoan zehar egon zen eta lan egiteko aginduak eman zizkion, LABek azaldu duenez.
Delegatuak mina argudiatu eta gero, nagusiak zuzenean kaleratu zuen. Orduan amaitu zen delegatuaren ibilbidea enpresan.
LABen iritziz, langilearen osasun eskubidea eta askatasun sindikala urratuak izan dira eta salaketa publikoa izango duen dinamika bat abiatuko duela adierazi dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!