GAMEKO enpresan greba egingo dute langileen kaleratzea salatzeko
Ekaineko astearte eta ostegun guztietan greba egingo dute. Bi langile kaleratu dituzte eta langileen iritziz enpresak bilatzen duen bakarra "jendea beldurtzea eta lan baldintzak prekarizatzea da".
CIE Automotive taldeko GAMEKO enpresako langileek greba egingo dute asanbladako gehiengoak hala onartu eta gero: ekaineko astearte eta ostegun guztietan greba egingo dute. ELA sindikatuak salatu duenez, “kaleratze bidegabeei aurre egiteko eta enpresak darabilen jazarpenarekin bukatzeko” asmoarekin egingo dute greba.
Sindikatuak salatu duenez, Goiaineko (Legutio) Industrialdean kokaturik dagoen enpresak bi langile kaleratu ditu “inongo arrazoirik gabe”. Gainera, ELAren esanetan, kaleratze horiek enpresako enplegu politikaren barnean daude eta “bilatzen duten bakarra jendea beldurtzea eta lan baldintzak prekarizatzea da”.
Langileen iritziz, otsailetik aurrera enpresak “beldurraren, jazarpenaren eta hertsapenaren” politika abiatu zuen langileeak presiontzeko. Orduan, enpresa-batzordeak (3 ELA 1 CCOO) lan-ikuskaritzan salaketa bat jarri zuen enpresa egiten zegoena salatzeko. Langileek asanbladan onartu zuten grebara joatea kaleratua izan nahi ez zuen langile bat kaleratzen bazuten.
Eta hala gertatu da: bi langile kaleratu dituzte eta asteartean lehen greba eguna egingo dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!