Ekainak 28, adreilua eskuan eta Stonewall gogoan
Gasteizko E28 Koordinadorak manifestazioa eta jaialdia antolatu ditu ostiralerako.
50 urte betetzen dira New Yorkeko Village auzoan emandako Stonewall istiluetatik. 1969ko ekainaren 28an, polizia Stonewall Inn tabernara agertu zen ohikoak ziren sarekada trabestiak, maritxuak eta bollerak egiteko eta hauek adreiluekin erantzun zieten. Hamar urte geroago, Euskal Herrian, Oreretan zehatzagoak izateko, polizia batek Francis Vadillo trabestia erail zuen tiro batekin. Biak ala biak, egun ezagutzen dugun Transbollomaribi egunaren bultzada suposatu zuten.
Egun hauek gogoratuko dituzte ostiral honetan Gasteizko E28 Koordinadorak antolatutako mobilizazioetan. Izan ere, koordinadorak azpimarratu duenez, gertaera horien ondorioz Gasteizko transak, bollerak eta marikak kalera atera ziren lehenengo aldiz. Hurrengo urteetan, berriz, Arriskugarritasunaren Legearen aplikazioa dela eta, marika eta trans ezberdinek espetxea ezagutu behar izan zuten.
Gaztelesbos, ALA edo 7menos20 eragileei esker eta bollerak lehen lerroan zeudela, Transbollomaribi mugimenduak indarra hartu zuen. “Hamarkadetan zehar egurra eman ziguten kapitalismoa gure existentziaz ohartu zen arte. Orain, gure borrokak irentsi eta negozio bihurtu nahi dituzte”.
Bizirik dagoen mugimendua
Gasteizko E28 Koordinadorak salatu duenez, euren historia eta borrokarako grina ezabatuak izan dira, “mobilizazioak ikuskizun soilak bihurtuz”. Hori gutxi ez eta gay kolektiboa hegemonikoa bilakatu dela uste dute, transak eta bollerak ezabatuak izan diren bitartean: “Gorputz normatiboen goraipatzeak, aniztasun funtzionala duten ahizpen bazterketak edota ahizpa migratuen jazarpenak ikusi behar izan ditugu”.
Horretaz gain, kapitalismoa alderdiekin eta instituzioekin aliatu dela uste dute, Transbollomaribi mugimendua “irentsiz” eta euren ametsei prezioa jarriz. Zentzu honetan, enpresek, erakunde ezberdinek, instituzioek eta alderdiek LGTBI mugimendua “etxekotu” nahi dutela gaitzetsi dute.
“Orain dela 50 urte kolektibo hau normaren aurka altxatu bazen, gaur egun borrokak jarraitzen duela aldarrikatu behar dugu”, adierazi dute ostiraleko mobilizazioen atarian.
Manifestazioa eta jaialdia
Ekainaren 28 honetan, ostiralean, bi hitzordu nagusi egongo dira Gasteizen. Alde batetik, 19:00etan manifestazioa egigno dute Andra Maria Zuriaren plazatik Stonewall mugarri, kaleetan harro! lemapean.
Ostean, Gasteizko Gaztetxean jaialdia egingo dute 21:00etatik aurrera Zaharraz Harro!-ko jaiak dira aprobetxatuz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!