Bidaia asegurua erostean, “aseguratzen” duzun bakarra engainatuko zaituztela da
Ba al zenekiten bidai aseguruek beraien betebeharrak bertan behera utzi dituztela COVID-19 garaietan? Eta ba al zenekiten Ekonomia Sozial Eraldatzailearen barruan kokatzen diren batzuk ere pertsonen beharrak alboratu dituztela haien poltsikoei begira? through Argia.eus
Ea bada, nire kasua kontatuko dizuet, egun hauetan heldu zaizkidan informazioen arabera nahiko ohikoa den arren. Euskal Herritik kanpora denboratxoa pasatzen dugunok, eta gehienbat nekazari eta indigenen komunitateetan denbora ematen dugunok, bidai asegurua kontratatzen dugu normalean: gaixotzen bagara, bidaiak bertan geratzen badira, lapurtzen bagaituzte edota beste atsekaberen bat izatekotan lasai egoteko, eta gauden tokian egonda bertako herri mugimenduentzat zama ez izateko… badakizue, nonbaitera baldin bazoaz, agian ezin izango duzu askorik lagundu, baina behintzat bertako dinamika ez zapuztu!
Oraingo honetan oso pozik erosi nuen, behingoz eta lagun baten aholkuari esker Ekonomia Sozial Eraldatzailearen barruan kokatzen den Arç Cooperativa topatu nuelako. Dirua ekonomia alternatiboan mugitzeaz gain, bestelako lasaitasuna eman zidan horrek.
COVID-19ak ordea, erakutsi digu gure bidaia aseguruek badutela klausula bat zeinaren arabera “epidemia edo bat-batean agertu eta berehala kutsatzen diren infekzio gaixotasunen kasuetan” ez dituzten gastuak kitatzen. Norbaitek aurreikusi al du hori asegurua erosterakoan? Nik ez… nire errua izango ote da! Norbaitek pentsatuko du pandemian gaudela eta ez epidemian, Osasunaren Mundu Erakundearentzat bi gauza diferente dira, aseguru etxeentzat ez ordea.
Asegurua bera Europ Assistance aseguru etxekoa da (https://www.europ-assistance.es/sobre-nosotros/quienes-somos). Egindako erreklamazioen harira, COVID-19ak baldintzatutako kasu guztietan aseguru barik geratu naiz. Bidai batzuk bertan behera geratu ziren Brasilen (non bidai asko oraindik ere egiten diren koarentena oso malgua egiten ari direlako) eta aseguru etxeak esan zidan kaltea ez zidatela ordainduko, kononabirusak eragindakoa denez. Orduan piztu zen nire alerta eta bestelako galderak egitea bururatu zitzaidan: Argentinatik ezin naiz atera eta horrek bisatu gastu berriak sortaraziko dizkit, pandemiaren errua denez, aseguruak ez dit ordainduko. Gaixotzen banaiz ere, edozelan gaixotuta ere, erantzuna berdina izango da, abisatu didate.
Jakin badakigu aseguruen lana ordaintzen ez saiatzea dela, eta beraz, azaroan urte osorako erositako asegurua izan arren, martxotik aurrera aseguru gabe geratu naizela jakin izan dut. Izan ere, aurkeztutako kasu eta galdera guztiei emandako erantzuna klausula hori izan da.
Kasua are larriagoa da, asegurua Ekonomia Sozial Eraldatzaile arloko Arç Cooperativaren bidez erosi nuelako (aseguru artekaritza da Arç). Beraien erantzuna aseguru etxearekin bitartekaritza lanetan lagunduko zidatela izan zen eta ez zela beharrezkoa kasua publikoa egitea, beraiek beti ere jendea lehenesten dutelako. Jaso nuen azken berria, Europ Assistancek niri bidalitako erantzuna eskatzea izan zen, eta horren ostean ezer gehiagorik ez, hilabete pasatu da. Aurretik, dirua bueltatzeko eskatu nien (745€ ordaindu nituen) eta erantzuna kasu honetan, isiltasuna izan zen; negoziatzeko saiakerak ere bertan behera geratu ziren erantzukizuna aseguru etxearena dela esaten zidatelako. Beste batzuen kasua ere badelako edo izango delako erabaki dut kasua publikoa egitea.
Klausula honen existentziarekin, galdera batzuk datozkit burura… oraindik ere bidai aseguruak salduko dituzte? Gauden egoeran eta datozen hurrengoetan gure diruarekin geratuko dira? Zertarako balio du bidai aseguru batek orain? Nire aholkua momentuz, bidai asegururik ez kontratatzea da (orain arte kontrakoa pentsatu izan badut ere)… Eta nire zalantza: horrelako aseguruak Ekonomia Sozial Eraldatzailearen barne kokatu ahal izango ditugu inoiz? Nire iritzi apalean, ez behintzat gure osasunaren gainetik beraien diru zorroa jartzen duten bitartean.
ESTI REDONDO
2020ko uztailaren 13a
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!