Norbanako eta eragile ezberdinek babesa adierazi diete 11/13 sumarioko bost arabarrei
150 norbanako ezagunek, eragilek eta sindikatuk euren babesa adierazi diote 5ak Gasteizen kanpainari eta Arabako auziperatuei. Patxi Zubizarreta idazleak landu du manifestua eta Jose Angel Cuerda Cuerda alkatea, Maider Unda, Pou anaiak, Evaristo, Juanito Oiarzabal edo Toti Martinez de Lezea daude sinatzaileen artean.
Irailean hasiko da Herrira plataformaren, Etxeraten eta euskal presoen abokatu, mediku eta psikologoen aurkako epaiketa, 11/13 sumarioa deritzona. Testuinguru honetan, auzipetuei babesa adierazteko ekimen sorta egiten ari dira hilabeteeotan Gasteizen eta Arabako beste puntu batzuetan 5ak Gasteizen dinamikaren baitan.
izan ere, auzipetutako 47 lagunetarik bost Arabako bizilagunak dira: Ane Zelaia, Nagore Lopez de Luzuriaga, Gorka Gonzalez, Egoitz Lopez de la Calle eta Izaskun Abaigar. 14 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen dute Zelaia eta Gonzalezentzat, 11 Abaigar eta Lopez de Luzuriagarentzat, eta 12 Lopez de la Callerentzat.
Behin dinamika aurkeztuta, atxikimenduen unea iritsi da. Oraingo honetan, Araba mailako norbanako eragile edo sindikatu ezberdinek sinatutako manifestua aurkeztu dute Gasteizen, atxikimendu zerrenda luze eta anitz batekin batera.
Patxi Zubizarreta idazleak idatzitako manifestua irakurri dute agerraldian -beherago osorik irakurgai- Zubizarretak berak eta Arantza Basagoiti etika irakasleak: “Horrexegatik gaude hemen, temati, Ez eroso, epaiketa honi Ez esateko, hitza gastatuta eta nekatuta dagoen arren, Jon Maiarenak bezalako hitz baikorrekin, hitz eraikitzaileekin bidegabekeriak salatzeko eta mezu ederrak zabaltzeko, Gasteizko bostekin bat egiteko, Ane, Egoitz, Izaskun, Nagore eta Gorkarekin, elkartasunez, Bai, elkartasunez blai“.
Bestalde, datozen egunetarako prestatu dituzten zitak ere gogoratu dituzte. Uztailaren 27an, larunbatean, Txapuzoi Eguna egingo zuten, baina eguraldi txarra tarteko, hau bertan behera geratu da. Horren ordez, bizikleta-martxa bat egingo dute:
- 12:00etan abiatuko da Konstituzio Plazatik abiatuta eta urdinez jantzita joateko deia egin dute.
- 13:00etan hurrengo eta azken geltokia Faroloia izango da, non luntxa eta argazki masiboa egongo diren.
Abuztuaren 5ean, Gasteizko jaietako elkartasun egunean, Elkartasuna elkartasunari. Berriz ere egingo genuke! izeneko ekitaldia egongo da Txosnaguneko eszenatoki nagusian. Eta, amaitzeko, iraileko zita garrantzitsuak: irailaren 2tik 7ra elkartasun astea mahainguruekin, emanaldi kulturalekin eta bestelakoekin, irailaren 7an mobilizazio nagusia eta irailaren 14an Bilbora joateko deia.
150 atxikimendu inguru
Testua Patxi Zubizarretak landu duen arren, kanpainari euren atxikimendua adierazi diotenen zerrenda askoz luzeagoa da. Norbanako ezagunek, sindikatuek edo Arabako herri mugimenduko beste hainbat kolektibok euren atxikimendua adierazi diote kanpainari eta auziperatuei.
- Norbanakoen atxikimenduak: Agustin Gil (Herria 2000 Eliza), Aitziber Porras (Gaztedi taldeko jokalari ohia), Alex Larretxi (argazkilaria), Alfredo Hernandez Zirika (artista plastikoa), Amets Martinez (Lumagorri), Amparo Lasheras (Kazetaria), Andoni Txasko (Martxoak 3), Andres Bezares (aktorea), Ane Gebara (ipuin kontalaria), Antonio Escalante (Herri mugimenduko kidea), Arantza Basagoiti (Etika irakaslea), Arrate Chillón (Badaiotz Sokatira), Belen Arrondo (Legebiltzarkide ohia), Belen Nevado (aktorea), Beñat Goitia (musikaria), Bernardo Atxaga (idazlea), Berta Gaztelumendi (Giza Eskubideen eta Botere Publikoen EHU-ko UNESCO Katedrako iketzailea), Bingen Mendizabal (musikaria), Carmelo Ortiz de Elgea (artista plastikoa), Cesar Manzanos (EHU Irakaslea), Dani Zuazagoitia (EHU irakaslea), David Tavares (artista plastikoa), Eloina Mayo (Arabako Foru Aldundiko Gizarte Sustapen Saileko zuzendari ohia), Eloy Beato (aktorea), Eneko eta Iker Pou (alpinistak), Ernesto Murillo ‘Simonides’ (TMO marrazkilaria), Estibaliz Breñas Gonzalez de Zarate (irakaslea eta legebiltzarkide ohia), Evaristo Páramos (musikaria), Felix Placer (teologoa), Gladys Giraldo (Mugimendu Feminista), Haizea Pastor (argazkilaria), Iban Zaldua (idazlea), Imanol Olabarria (Gasteizkoak), Iñaki Aldekoa (legebiltzarkide ohia), Iñaki Viñaspre (bertsolaria), Iñaki Landa (Zeledon), Iñaki Ortiz de Villalba (musikaria), Iñaki Ruiz de Pinedo (diputatua), Iñigo Velez de Mendizabal (futbol entrenatzailea), Irantzu Lekue (artista), Irantzu Mendia (soziologia eta Gizarte Langintza Saila EHU), Itziar Rekalde (aktorea), Javier Hernandez Landazabal (artista plastikoa), Jesus Garay (EHU irakaslea), Jesus Mª Alegria Pintu (Músicos sin Fronterase Lehendakaria), Jesús Perez de Biñaspre (Legebiltzarkide ohia), Jesus Valencia (Internazionalista), Jon Basaguren (musikaria), Jose Angel Cuerda (Gasteizko Alkatea), Jose Miguel Ollora Txapela (EAJ), Joseba Baleztena (musikaria), Josu Zabala (musikaria), Juan Arrosagaray (ID Arte irakaslea), Juan Mieg (artista plastikoa), Juan Sagastizabal (artista plastikoa), Juan Vallejo (alpinista), Juanito Oiarzabal (alpinista), Koi Lertxundi (futbolaria), Koldo Zuazo (EHU irakaslea), Luis Galdos (medikua), Maider Unda (borroka librean Olinpiar Jokoetan dominaduna), Manex Agirre (bertsolaria), María del Mar Lledó (Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakaslea EHU), Marixa Oses (aktorea), Marta Aldanondo (abokatua), Mati Iturralde (medikua), Mikel Mintegi (batzarkide ohia), Mikel Otero (legeiltzarkidea), Mikel Urdangarin (musikaria), Miren Narbaiza (musikaria), Oier Zearra (pelotaria), Oihane Perea (bertsolaria), Oskar Bañuelos (kazetaria), Patxi Bisquert (aktorea), Patxi Zubizarreta (idazlea), Rosa Plazaola (idazlea), Santos Iñurrieta (artista plastikoa), Sergio Garacía Ibañez de Garayo (Soziologia eta Gizarte Langintza Saila EHU), Tania Cañas Siriany (Mugimendu Feminista), Toño Cuerda (sindikalista), Toti Martinez de Lezea (idazlea), Txema Ramirez de la Piscina (EHU irakaslea), Txerra Bolinaga (musikaria), Txubio Fernandez de Jauregui (aktorea), Unai Villalba (Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakaslea EHU), Uri Ruiz (idazlea), Veronica Werckmeister (artista), Xabier Añua (Baskonia), Xabier Izaga (idazlea eta kazetaria) eta Zuriñe Eziolaza (Europako karate txapelduna).
- Atxikimendu Kolektiboak: 7menos20, Gasteiz Txiki Auzo Elkartea, Zazpigarren Alaba Auzo Elkartea, ADI! elkartea, AHT-rik EZ! Lautada, Aldarte, AMAR, Arabako Emakumeen Asanblada, Arabako Pentsionistak Lanean, Arkillos 10, Askapena, Asociación de amigos y amigas de las RASD Araba, B.A.L.A., Bilgune Feminista, Comisión Antisida, Desazkundea Gasteiz, Ernai, Errekaleor Bizirik, PDS Gasteiz, Etxerat Araba, Euskal Herriko APEZ Koordinakundea, Gasteizko Abesbatza Feminista, Gasteizko Blusen eta Nesken Elkartea, Gasteizko E28 Koordinadora, Gasteizko Gaztetxea, Gasteizko Txosnak, Gasteizko Talde Antimilitarista, Gazte Abertzaleak, GOIAN, Gure Esku Dago Araba, Haizem@n Albokari Elkartea, Hala Bedi, Herria 2000 Eliza, Judimendiko Momotxorroak, Judimendiko Gazte Asanblada, Konpost -musika taldea-, Kristau Elkarte Herritarrak, Kultura ACT, Lumagorri HAT, Martxoak 3 Elkartea, Montauk -musika taldea-, Negeak, Oneka Gasteiz, OEE Araba, Oneka Gasteiz (emakume pentsionistak) Santo Domingo Bizirik!, Salhaketa Araba, Sare Gasteiz, SETEM, Sueltak, Talka, Trikuharri Gazte Asanblada, Txapa Ahotsa Asanblada, Zaharraz Harro eta Zapateneo Kultur Elkartea.
- Sindikatuak: CGT, CNT, EHNE, ELA, ESK, Gasteizko Udaleko Langileen Enpresa Batzordea, HIRU, LAB, Junta de Personal de Araba, Mercedes Benz Enpresa Batzordea eta STEE-EILAS.
Patxi Zubizarretak landutako testua
Irtenbidera
Ederra da Jon Maiaren mezua, ederrak dira haren hitzak: askatasuna, eskubideak, gure etxea… Baina ez da erraza epaiketa hau bezalako bidegabekeriak salatzea, berriro ere justizia aldarrikatu behar izatea. Zizek filosofo esloveniarrak Siberiara zigortu zuten presoaren historiaren berri eman zigun: lagunak agurtzerakoan, adierazi zien eskutitzak idazten saiatuko zela, baina, zentsuraren beldur, lagunei gaineratu zien kontatzen zuena egia baldin bazen, tinta urdina erabiliko zuela, eta gorria erabiliko zuela kontatutakoa faltsua izanez gero.
Eta, hara non, presoaren lagunek lehenengo eskutitza jaso zuten, tinta urdinez idatzia: Siberian uste baino askoz hobeto zegoela, janaria nahikoa onaz ela, lanak ez zirela hain-hain gogorrak, asteburuetan futbolean jokatzeko aukera zutela, igandeetan dantzaldia izaten zutela eta neskak ere joaten zitzaizkiela; baina lagunei gaineratu zien txarrena zela tinta gorririk ez eskura izatea… Hitzak hain gastatuta daudenez, hain nekatuta, mezuak ere gastatuta daude, apenas geratzen zaien esanahirik, salaketek indarra falta dute, balioa galdu dute. Eta hala ere ederra da Jon Maiaren mezua, ederrak dira haren hitzak: askatasuna, eskubideak, gure etxea… Mezu baikorrekin Ez esaten jarraitu beharra dago, bidegabekeriak gaitzesten, epaiketa honi ezetz esaten. Horrexegatik gaude hemen.
Hitz gastatuen eta eskubide zapalduen ustezko demokrazia honetan, norbaitek esan zuen errepublika idealean hiru pertsona mota izango direla ezinbestekoak, hiru pertsonaren artean sortuko eta eraikiko dela errepublika ideala: ~irakasle bat, maistra edo maisu bat, bizitzen irakatsiko diguna. ~sendagile bat, jaiotzen lagunduko diguna, eta bizitzen ez ezik hiltzen ere irakatsiko diguna. ~eta azkenik Ez esaten duen pertsona bat, giza duintasuna aldarrikatuko duena. Horrexegatik gaude hemen, temati, Ez eroso, epaiketa honi Ez esateko, hitza gastatuta eta nekatuta dagoen arren, Jon Maiarenak bezalako hitz baikorrekin, hitz eraikitzaileekin bidegabekeriak salatzeko eta mezu ederrak zabaltzeko, Gasteizko bostekin bat egiteko, Ane, Egoitz, Izaskun, Nagore eta Gorkarekin, elkartasunez, Bai, elkartasunez blai.
- Juicio a la solidaridad | Cinco alavesas frente al sumario 11/13
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!