Eskorbuto eta La Polla Recordsen kondaira beltzaren sorburua Laudion dago
Rockak eta punkak mito bat sortu badute Euskal Herrian, hori izan da Eskorbuto eta La Polla Recordsen arteko ika-mika, Laudion gertatu zena, hain zuzen. Duela aste batzuk argitaratutako liburu biografikoan Evaristok bere bertsioa jaso du, ohartarazita, gainera, ez dela berriro horri buruz mintzatuko. Laudioko protagonista batekin ere hitz egin dugu gertakariari buruz gehiago jakiteko.
Aitor Aspuru | Aiaraldea.eus bidez
Euskal Herria txikia bada ere, gai izan da kulturaren esparruan mitoak, heroiak eta maltzurrak sortzeko. Batzuetan absurdoak bezain dibertigarriak. Edonola ere, kontakizun mitologikoren bat zabaldu bada euskal punk eta rockean, hori izan da Eskorbuto eta La Polla Recordsen arteko gatazka.
Polemikak lortu du hautsak harrotzea urte luzez eta gaurdaino irautea. Izan ere, bi talde punk horien arteko arazoari kutsu politiko harrigarria eman zio, zeinean dirua, maltzurrak, manipulazioa, saldukeria eta zapalduak uztartu diren, gertaera bera guztiz lurperatu eta desitxuratu arte.
Edonola ere, goaz korapiloaren muina azaltzera. Eskorbutoren aburuz, -bereziki Josu Expositoren arabera- Rock Radical Vasco deiturikoa eta bereziki “Martxa eta Borroka” kontzertu sorta, Ezker Abertzalearen asmakizuna izan ziren, bereganatzeko garai horietan aktiboa zen euskal gazteriaren zati handi bat. Manipulazio horren azken urratsa, antza, izan zen Eskorbuto taldea bera kontzertu gehienen karteletik kanpo uztea. Horretarako, Ezker Abertzaleak laguntzaile bikaina izan zuen: La Polla Records taldea.
Santurtziko musikarien ustez, La Polla Recordsek boikota egin zien aitzaki faltsua baliatuta: balizko gitarra baten lapurreta Lamuzako frontoian, jaialdi baten ostean.
Urteen poderioz Eskorbutoko kideen bertsioa lapurreta horren inguruan geroz eta nahasiagoa bilakatu bazen ere, Euskal Herriko giro politiko gorabeheratsuak gainerakoa egin zuen bere tesia sendotzeko. Horren arabera, Ezker Abertzaleko kide zitalek Eskorbutoko gizagaixoak utzi zituzten RRVtik kanpo -baita kontzertuek ematen zuten pezetetatik at- eta horrela, nolabait, Santurtzikoek lortu zuten euren arimak ez saltzea diruaren mundura, La Polla Recordsek ez bezala.
Atmosfera politikoak ez ezik, aipatu beharra dago santurtziarrek ere bere aldetik ahalegina egin zutela historia zabaltzeko. Eskorbutoko kideek maiz errepikatzen zuten istorio bera -lapurretaren ñabardurak aldatuta- elkarrizketetan, La Polla Recordsekoek ezer esaten ez zuten bitartean.
Gero etorri zen IHESA eta Josu eta Juanma eraman zituen behin betiko, eta jakin badakigu hildakoek beti arrazoia dutela. Bizirik ez dauden einean, mito bilakatzen dira, ezin zaie kontraesanetan harrapatu, bere hankasartzeak eta ahulguneak ahazten edo ezkutatzen dira. Bizirik daudenek -La Polla Recordsek, alegia-, ordea, huts egiten jarraitzen dute eta, hori gutxi balitz, kontzertuetan kobratzen!!!
Bukatzeko, polemika honetan goraipatu behar da ere Eskorbutoren bertsioa jakinarazteko tresna izugarria egon zela: taldeari buruzko dossierra, DDT banaketak taldeak saldutakoa. Ez da gehiegikeria adieraztea Euskal Herrian inoiz saldu den aldizkari monografikorik arrakastatsuena izan dela (15.000 aletik gora, agian). Milaka ale saldu dira hemen eta atzerrian. Gainera, liburu bi, gutxienez, idatzi dituzte santurtziarrei buruz.
Evaristoren bertsioa, azkenik
30 urte baino gehiago igaro ostean, nahi duen orok du La Polla Recordsen ikuspuntua jasotzeko aukera, azkenik, Evaristo Paramos abeslariak Qué dura es la vida del artista liburua plazaratu baitu berriki.
Testua ez da, inondik inora, goi mailako literatura, baina Evaristoren zein La Polla Recordsen hainbat pasadizo jasotzen ditu eta taldea gogoko duenak gozatuko du Aguraingo astapotro hauen gehiegikeriekin. Ez dira falta adiskidetasuna, borrokak, bidaiak, drogak, irainak, labankadak (metaforikoak zein benetakoak) eta mendekuak.
Esan dezakegu Evaristok parada baliatu duela hainbat jenderekin zuen zorra kitatzeko. Zordun horien artean zegoen Eskorbuto taldea, eta nahiz eta bere izena ez aipatu, argi dago santurtziarrei buruz mintzatzen dela kontatzen duenean Laudion gitarra lapurtu zietela. Are gehiago, Evaristok zehazten du lapurreta gertatu bezain laster, euren Laudioko lagunak jabetu zirela eta uste zutela furgoneta baten barruan zegoela musika tresna.
Evaristoren arabera, berari beldurra eman zion laudioarrek furgoneta eta jabeak txikitzea, eta eskatu zien gauzak zeuden moduan uzteko. Bitartean, furgonetako erabiltzaileak -Josu Expositok- ukitu surrealista ematen zion egoerari, ibilgailua miatzeko baimen judiziala eskatuta.
Liskarra baretu eta gero, furgoneta joan eta 20 minutura itzuli zen. Orduan bai, gidariak esan zien, nahi izanez gero, arakatzeko aukera zutela. Horrekin Evaristok argi izan zuen eurek lapurtu zietela gitarra.
Evaristoren borondatearen aurka, hurrengo egunean Briviescasen jo zuten Eskorbutok, La Polla Recordsek eta talde nazi batek. Antza, Eskorbutoko baten batek behin eta berriro zirikatu zuen Evaristo, naziekin primeran konpontzen ziren bitartean. Hortaz, La Polla Recordsekoek erabaki zuten berriro eurekin ez jotzea.
Azalpena aski motza da, baina Evaristok ironia eta pozoi nahikoz betetzen du bere testua, eta nahiz eta Eskorbutoren abestiak goraipatu, bistakoa da bere kideei buruz mintzatzen denean, amorrua eta mespretxua direla nagusi, denbora asko igaro arren.
Laudioarren bertsioa
Evaristo Paramosek liburuan argitzen duen moduan, talde guztiek zuten herriko koadrila bat eurekin, La Polla Recordsek ezik. Agurainen profetak izatea ez zutenez lortu, Laudioko lagun talde bat joaten zen eurekin eta Lamuzako frontoiko kontzertua ez zen salbuespena izan, are gutxiago laudioarrak etxean egonik.
Liskarraren erdian egon zen Juan Jose Arto Rodriguez. Norbaitek ezagutzen badu, izen horrek ez dio ezer esango. Izan ere, jende orok “Pelukas” deitzen du eta izen bereko ile-apaindegia dauka Laudioko tren geltokiaren alboan.
Albiste hau aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu Hala Bedirara. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!