Sei emakume kaleratu ditu Artiachek, Lan Ikuskaritzak kontratu mugagabea egin behar zitzaiela esan ostean
Urte andana (6-17 artean) zeramaten beharginek fabrikan lan egiten, baina aldi baterako laneko enpresa batek kontratatuta.
Artiachen Orozkoko lantegian lan egiten zeuden sei emakume kaleratu ditu enpresaren zuzendaritzak. Denbora andana zeramaten fabrikan lan egiten (6-17 urte artean) aldi baterako laneko enpresa baten bidez, baina ekainean sei beharginak kaleratzea erabaki zuen Artiachek, lan ikuskaritzak pertsona horiei kontratu mugagabea egin behar zitzaiela esan zuenean.
Fabrikako zazpi emakumek jo zuten urte hasieran lan ikuskaritzara, LAB sindikatuaren bidez. Antzeko egoeran zeuden zazpiak: urte asko zeramatzaten Orozkoko lantegian, baina aldi baterako laneko enpresa batek (Randstad) kontratatuta, kontratu labur baina jarraituekin.
“Edozein ordutan deitzen gintuzten, eta gu beti geunden lan egiteko prest, batzuetan lan-txanda hasi baino ordu eta erdi lehenago deitu izan gaituzten arren. Batzuetan bajak betetzeko kontratuak egiten zituzten, baina gero baja horretatik harago zioan edozein lan eskatzen ziguten edo, egunaren arabera, etxean geratzeko esaten ziguten”, salatu dute emakumeek.
Horietako batek kasu zehatz bat ekarri du gogora: “Behin fabrikako aparkalekuan lanera sartzera nindoala gelditu ninduten, egun horretan lanik ez zegoela eta etxera joatea hobe nuela esanez. Egun horretako soldata ez zidaten eman, baja bat betetzeko kontratua nuen arren”.
Urteetan zehar pairatutako baldintzak salatu dituzte langileek: “Irainak, degradazio pertsonalak eta erasoak sufritu ditugu, guk geuk erosi behar izan dugu lanerako arropa… oso bigarren mailako langile sentiarazi gaituzte”.
Hala ere, eurek beti baiezkoarekin erantzun dutela nabarmendu dute, “beti egon gara lan egiteko prest. Gure familiekin eztabaidak izan ditugu urte hauetan zehar, hemen lan egiteari lehentasuna eman izan diogulako beti”.
Lan ikuskaritzaren ondorioak
Lan ikuskaritzak ekainean erantzun zien langileei. Erakunde horrek plazaratutako txostenak bi ondorio nagusi barnebiltzen ditu: Artiachen behin-behinekotasun handia dagoela (lan hitzarmenean jasotakoa baino handiagoa) eta zazpi langile horiei kontratu mugagabea egin behar zitzaiela.
“Behin-behinekotasuna oso handia da enpresan. Txanda zehatz batzuetan aldi baterako kontratua dutenak dira gehiengoa”, salatu dute emakumeek, “aldi baterako enpresaren bulegoa giza baliabideenaren alboan dago, lantegiaren instalazioen barruan”.
Artiacheko behin-behinekotasunaren afera ez da berria. Iaz mobilizazioa egin zuten lantegiko beharginek Bilbon, “enplegu finko eta duinaren defentsan”.
Horrez gain, enpresak egiten dituen integritate-testak ere kritikatu dituzte, galdetegi horien irizpideak argi ez daudela argudiatuta: “Ez dituzte lanerako gaitasunak neurtzen, oso bestelako aferak baizik”.
Enpresaren erantzuna: Kaleratzeak
Enpresak, baina, zazpi langile horietako bakarrari egin zion behin betiko kontratua. Gainontzekoak, aldiz, kaleratu egin zituen, modu ezberdinetan. “Kontratua indarrean genuenoi (hau da, fabrikan une horretan lan egiten geundenoi) gutunak bidali zizkiguten gurekin kontatzeari uzten ziotela esanez, ‘alperrak’ ginelako”, azaldu dute beharginek, “higuingarria da, 17 urte daramagu alferkerian ala? Sekulako gezurra da hori”.
Kontratua indarrean ez zutenekin ere kontatzeari utzi zioten. “Aldi baterako laneko enpresak lan gutxi zegoenaren aitzakia jarri zigun. Udako lana aurre-jubilatuek egingo zutela esan ziguten, orain arte egin ez dutenean. Horrez gain, aldi baterako beste langile batzuei ere deitzeari utzi diete, errepresalia gisa”.
Epaiketen zain
Egoera ikusita, auzitara jotzea erabaki dute langileek. “Udan izan genituen adiskidetze-egintzak, baina enpresa ez zen horietako batera ere ez aurkeztu”. Gauzak hala, ebazpen judizialen zain daude. Datozen hilabeteetan izango dituzte epaiketak, bana behargin bakoitzeko.
Ez da Orozkoko fabrika auzitara doan lehen aldia izango. Duela bi urte Bilboko epaitegi batek arrazoia eman zion Artiachek kaleratutako langileari, enpresak bidegabeki kaleratu zuelako. “Horrelako kasu asko daude, baina askotan akordioetara iristen dira, langileek beldurra dutelako”, nabarmendu dute emakumeek.
Ebazpenak ebazpen, borrokatzen jarraitzeko determinazioa erakutsi dute sei emakumeek. “Gure partetik ahal den guztia egiten jarraituko dugu Lan Departamentuak eta Justiziak esan dutena eta urte luzez aldarrikatu duguna defendatzeko. Emakume langileak gara, eta ez digute horrek ematen digun duintasuna ezabatuko”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!