Hala Bediren adierazpena Errekaleorreko gertaeren harira
Maiatzaren 18an Eusko Jaurlaritzako industria sailak Errekaleor auzo askea argindarrik gabe uzteko agindua eman zuen. Agindu hori betetzeko, Iberdrola enpresako zenbait langile, Ertzaintzaren zazpi furgoik lagundurik, auzora gerturatu ziren.
Auzo okupatuko biztanleak, Eusko Jaurlaritzak zeuzkan asmoen jakitun, erresistentziarako prest zeuden goizean goizetik. Hala Bediko kide pare bat ere bertan zeuden ordurako, han gertatzen ari zenaren berri emateko.
Beranduago hurbildu ziren komunikabideek, ordea, ez zuten han gertatzen ari zenaren inguruko informaziorik behar bezala emateko aukerarik izan, ertzainek auzora sartzea eragotzi baitzieten. Hori dela eta, han zeuden komunikabide gehienek, kordoi polizialaren bestaldetik ikusi eta kontatu behar izan zuten bertan gertatzen ari zen guztia.
Hala Bedi izan zen, beraz, gertatzen ari zena barrutik kontatu ahal izan zuen medio bakarra.
Beraien bizilekua defenditzen ari ziren auzokideen eta ertzainen arteko tentsioa areagotuz joan zen eta momentu batean, ertzainetako bat Hala Bediko kideengana hurbildu eta haien kontra kolpeka eta bultzakadaka hasi zen sakelakoarekin grabatzen ari zirelako. Kolpe eta bultzakada horien ondorioz, Hala Bediko kazetariari sakelakoa apurtu zioten. Kazetariak orduan, prentsa txartela erakutsi eta identifikatzeko eskatu zion poliziari. Honek, inongo azalpenik eman gabe, prentsa txartela eskuetatik kendu eta nortasun agiria eskatu zion Hala Bediko kideari. Azkenik, eta ahalegin askoren ondoren, txartelak itzuli eta ertzainak bere plaka zenbakia jakinarazi zion kazetariari, tonu mehatxagarrian honako hau gehituz: “sabemos quiénes sois, sabemos que sois del entorno radical”.
Gertaera hauen aurrean, honako hau adierazi nahi du Hala Bedik:
- Herritar guztiok dugu gure inguruko gertaerei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea. Horregatik, ez zaigu bidezkoa iruditzen Errekaleorrera hurbildu ziren kazetariei auzoan gertatzen ari zena kontatzeko aukera ukatzea. Ertzainek, heldu eta berehala, kordoi poliziala zeharkatzea debekatu baitzioten hurbildu zen mundu guztiari.
- Hala Bedi izan zen kordoi poliziala saihestuz (polizia baino lehenago heldu ginelako) gertatzen ari zena bertatik bertara kontatzeko aukera izan zuen komunikabide bakarra. Hau, argi eta garbi, adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat hartzen dugu. Eta poliziaren gehiegikeriak ezkutatzeko helburuz hartutako neurri bidegabea dela uste dugu.
- Haiek gu nortzuk garen badakiten moduan, guk ere badakigu sakelakoa apurtu zigun ertzaina nor den. Izan ere, ahalegin dezenteren ostean, bere identifikazio zenbakia zein zen esatera behartu baikenuen.
Erradikalak gara, bai. Bertsio ofizialaren gainetik, gertaerak lehen pertsonan kontatzearen aldekoak garelako. Bitartekariak saihestu eta albistearen sustraietara jotzea nahiago dugulako. Herri mugimenduaren bozgorailu izateko jaio ginelako eta horrela izaten jarraituko dugulako. Erradikalak gara, bai. Eta erradikalak izaten jarraituko dugu.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!