Zaldibarko zabortegiko hondakinak Gasteizera ekartzeko aukera mahai-gainean
Gasteizko Udala prest agertu da Zaldibarko hondakin "ez arriskutsuak" Gardelegiko zabortegian hartzeko. Urte luzez lindanoa metatu da Gardelegin eta hainbatetan isurketak gertatu dira Zadorra ibaira.
Duela astebete Zaldibarreko mendi magal batean jaso zen luiziak, herri horretako Verter Recycling 2002 SL enpresak kudeatzen duen zabortegiko milioi erdi tona amildu zituen AP-8 autopistaraino. Geroztik bi behargin desagertuta jarraitzen dute hondakin pilaren azpian.
Desagertutako langileen bilaketa lanak abiatu eta ordu batzuetara amiantoa aurkitu zuten larrialdi zerbitzuek zabortegiko hondakinetan. Antza, enpresak amiantodun 4.239 tona material metatu izan ditu urteetan zehar Zaldibarreko zabortegian.
Luiziak sortutako “premiazko kudeaketari” erantzuteko Eusko Jaurlaritzak laguntza eskatu die Euskal Autonomi Erkidegoko zabortegiei eta Gasteizko Udala prest azaldu da Zaldibarreko material “ez arriskutsuak” Gardelegin metatzeko.
Lindano isurketak
60 hektareako zabortegia da Gasteizko Gardelegi zabortegia. Urteetako ikerketek Zadorra ibaira egindako lindano isurketak atera ditu argitara. Uren tratamendu estazio bat eraiki zen isurketa horiek kontrolatu eta gelditzeko baina honen eraginkortasuna aztertzeke dago oraindik.
Pestizidak fabrikatzeko Bizkaiko Ezkerraldean oso erabilia izan zen bere garaian lindanoa eta inguruko enpresek gertuko herrietako zabortegietan isuri zituzten hondakinak inongo kontrolik gabe.
Sustantzia toxiko honen erabilera zeharo debekatuta dago Europar Batasunean baina urte luzez inongo kontrolik gabe erabilia eta isuria izan ostean itzal luzea utzi du gurean. Gardelegiko zabortegia ere kontrol falta arriskutsu horren lekuko izan da, 80ko hamarkadan Bizkaitik hainbat tona lindano ekarri baitziren bertara.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!