PPk erdira murriztu nahi du Arabako euskararentzako aurrekontua
Datorren urtera begira, PPk erdira jaitsi nahi ditu euskara sustatzeko aurreikusita dagoen diru partidak, milioi bat euroko murrizketak proposatuz.
2026ko aurrekontuei begira, Alderdi Popularrak erdira jaitsi nahi ditu euskara sustatzeko diru partidak. Ramiro Gonzálezen gobernuak proposatu dituen 1.972.816 euroetatik 914.812 eurora jaitsi nahi dute popularrek.
Arabako udal eta kontzejuek euskara sustatzeko jasotzen duten dirulaguntza desagerraraztea proposatu du, eta baita euskararen garapenerako plan estrategikoa zero euroan uztea ere. Euskara sustatzen duten elkarte eta kolektiboek jasotzen duten laguntza %93 jaistea proposatu du, 150.000 eurotik 10.000 eurotan utziz.
Euskarazko hedabideei ematen zaien dirulaguntzari dagokionez, 92.500 euro kentzea proposatu du Alderdi Popularrak, eta Arabako Bertsolari Elkarteak jasotzen duen laguntza 28.000 eurotatik 8.500 eurotan uztea proposatu du.
Euskararen normalizazioaren aurka
Voxekin batera, Alderdi Popularrak Enplegu Publikoaren Legean jasotako euskararen normalizazioaren aldeko araudiaren aurkako helegiteak aurkeztu dituzte EAEko Auzitegi Nagusian. Zehazki 187.5 artikuluaren aurka aurkeztu dituzte helegiteak. Artikuluak hizkuntza eskakizunak arautzen ditu, eta EAEko Auzitegi Nagusiak Espainiar Estatuko Auzitegi Konstituzionalari eskatu dio iritzia, lege horren konstituzionaltasuna zalantzan jarriz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
