«Parad la guerra contra lxs pobres» lelopean mobilizatu dira Gasteizen, Koldo Arribillagaren heriotza salatzeko
Inor Ez Etxerik Gabe/Derecho a Techo-k deitu du kontzentrazioa, Osasun Publikoa Aurrera plataformarekin eta Osakidetzako errepresentazio sindikalarekin batera. Erakunde publikoen "utzikeriak" eragindako heriotza salatu dute, eta arduradunak seinalatu.
Atzoko egunez, urriak 5, kontzentrazioa egin dute Andra Mari Zuriaren Plazan. Helburua «erakundeen utzikeriak» eragin zuen heriotza salatzea da eta, zehazki, ardura Osakidetza, Gasteizko Udala, Lanbide eta Etxebidek dutela seinalatzea. «Parad la guerra contra lxs pobres» lelopean elkartu dira, Inor ez etxerik gabe plataformak Osasun Publikoa Aurrera plataformarekin eta Osakidetzako errepresentazio sindikalarekin batera deitutako kontzentrazioan.
Joan den irailean hil zen Koldo Arribillaga gasteiztarra bihotzeko gaitz baten ondorioz. Osakidetzak uko egin zion behar zuen ebakuntza egiteari, Arribillagak ebakuntza-ostekoa egiteko bizitoki egokirik ez zuela eta. Etxegabetze baten ondoren, familiaren lonja batean bizi zen gizona eta zerbitzu sozialek ez zioten alternatibarik eskaini, egoera kritikoa izan arren. Lanbidek legez kanpoko 9000 euroko zorra eskatu zion. Udalak hileroko 600 euroko isunarekin mehatxatu zuen, lokala uzten ez bazuen.
Inor ez etxerik gabe plataformak hilabeteak eman ditu Koldoren kasua salatzen. Maiatzaren 19an enparantza berrian egindako prentsaurrekoan eman zuten publikoki egoeraren berri eta bertan, bizileku-larrialdiaz gain, erakunde publikoen babesgabetasuna eta aporofobia salatu zituzten. Inor ez etxerik gabe plataforman behin eta berriro mahaigaineratu nahi izan dute Gasteizen etxebizitza problematikak eragindako egoera lazgarriak. Koldorena askoren artean kasu lazgarriena izan dela deritzote.
Hala ere, Koldo Arribillagaren egoera beretsuan bizi diren beste milaka pertsona daudela gogorarazi nahi izan dute, “instituzioen gizatasun faltagatik egunerokotasunean haien bizitza arriskuan jartzen dutenak, diruenez axola ez direnak”. Gauzak horrela, kontzentrazioa deitu duten eragileek euskal erakundeei eskatu diete berma ditzatela osasun arretarako eskubidea eta etxebizitza duina izateko eskubidea pertsona guztientzat. Gizarte-bazterkeria behingoz amaitzeko behar den borondate politikoa ere eskatu dute. Bestalde, herritarrei ere mobilizatzeko deia luzatu nahi izan diete, “horrelako gertakari larririk berriro kontatu behar ez izateko”.
Mirari Ullibarririk Araba Hizpiden egindako elkarrizketan azaldu du sakonago Arribillagaren kasua eta Inor ez etxerik gabe plataformaren salaketa:
-
Erredakzioa: «Parad la guerra contra lxs pobres» lelopean mobilizatu dira Gasteizen, Koldo Arribillagaren heriotza salatzeko00:09:05
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!