Okupazioaren aldeko aldarriak lehertu du Gasteiz
Gasteiztar andana batu da Okupazio Mugimenduak egindako deialdira. Etxebizitza eskubidea aldarrikatu, eta okupazioa "gu guztion bizitzak duintasunez betetzeko ezinbesteko tresna" dela azpimarratu dute "Lehertu Gasteiz" dinamikako kideek deitutako mobilizazioan.
Martxoaren 18an aurkeztu zuten Lehertu Gasteiz okupazioaren aldeko dinamika GPS-k, Gasteizko Gaztetxeak, Talkak, Errekaleorrek, Auzolanak eta SUmendik hiria zenbaki eta ekuazioz josi ondoren. Gasteizen etxebizitzarekin dagoen arazoa mahaigaineratu nahi izan dute dinamika honen bitartez: “15.367 etxebizitza daude Gasteizen, horietako 9.470 hutsik eta beste 2.200 salgai, edo beste modu batean esanda, 10 etxebizitzatik bat hutsik dago. Gasteizen 255.052 pertsona inguru bizi dira eta momentu honetan 115.367 etxebizitza daude hirian. Horrek esan nahi du bi pertsonentzako etxebizitza bat dagoela”.
Egoera salatzeko, maiatzaren 15ean laranja koloreak hartu du Gasteiz. Hiriko hiru txokotatik abiatutako zutabeak elkartu dira Andra Mari Zuriaren plazan, bertatik hasi baita manifestazioa Florida parkeraino. Asko izan dira protestara batutako eragile eta kolektiboak (mugimendu feminista, gazte mugimendua, presoen aldeko mugimendua, Arabako Mendiak Aske, LGTBI+ mugimendua…). Aldarri anitzek jantzi dute mobilizazioa.
Pandemia egoeran jasandako oztopo eta medioek hauspotutako kriminalizazioa izan dituzte hizpide, “TALKA espazio feministaren desalojoa, edota Gasteizko Gaztetxearen edo Sumendiren erabilera mugatzeko saiakerak, Errekaleor auzo asketik gaueko ordu txikitan poliziaren probokazioak, Olarizu eta Los Herraneko etxebatzeak…”. Bilbon egondako azken erasoa ere ekarri dute gogora: “Ezin ahaztu Arrakala espazioaren desalojoa eta Bilbon egindako erantzun kolektiboa! Eredu zarete!”.
Azken hilabeteetan hainbat herritarrek bizitako egoera gogorra ere salatu dute: “nahiz eta gure egunerokotasuna hankaz gora jarri duen pandemia baten erdian egon, desalojoak, etxe hutsak, prezioen gorakadak, espekulazioa… etengabekoak dira. Soilik Gasteizen 2021ean hiru egunetik behin etxegabetze bat egon da, hau da, urteko lau hilabete hauetan 40 etxegabetze eraman dira aurrera”.
“Etxebizitzarekin eta oinarrizko eskubideekin negozioa egiten” ari direnen aurrean, okupazioa aldarrikatu dute, “jabetza pribatuaren aurkako bala zuzena” baita. Espazio hutsetatik bizitzak, komunitateak, sareak… sortzeko aldarria egiten dute.
Palestinar herriari elkartasuna adieraziz amaitu da mobilizazioa.
ARGAZKI GALERIA
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!