Mintzalagun kanpaina abian da
Elkarrekin pausoka
GEU elkarteak, ikasture berriarekin batera, mintzalaguna berriro ere martxan jarriko du. Lagun-arteko bilera mota hauen bitartez programan izena ematen dutenek, astero praktikatu eta erabiliko dute euskara. Mintzalagunaren helburua da “taldekideak lagun bilakatzea eta euskara izatea lagun talde horren eremu naturala”. Gainera, pandemia garaiak eragindako aldaketak atzean utzi dituztela azaldu du GEU elkarteak eta betiko formatura itzuli direla.
Nola
Mintzalagunak astean behin elkartzen dira, gutxienez, ordu betez adostutako leku zehatz batean. Taldeetan euskara maila ezberdina duten pertsonak elkartzen dira eta euskara lagunen arteko komunikazioan erabiltzen dute. Talde bakoitzeko Mintzalaguntzaile bat egoten da, bidelagun den hizkuntza erreferente hau, euskaraz hitz egitera ohituta dagoen pertsona da.
Euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi dutenak eta euskaraz normaltasunez erabiltzen duten laguntzaileekin elkartzen dira 8-10 laguneko taldeetan. Mintzapraktika talde hauek Gasteizko auzo ezberdinetan elkartzen dira asteko egun guztietan.
Parte hartzeko bi baldintza bete behar dira:
- Euskaraz komunikatzeko gaitasun minimoa izatea. (B.2.1 maila gutxi gora behera)
- Astean ordubetez elkartzeko prest egotea.
Zer gehiago
Ekintza osagarriak bereziki Mintzalagunentzat pentsatuak, sarrerak deskontuarekin, zozketak eta GEU Elkarteak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko aukera dute programaren parte hartzaile guztiek.
Astero biltzeaz gain, hiruhileko programazioa osagarria antolatzen du GEU Elkarteak Mintzalagunentzat. Beraien taldekideak ezagutzeaz gain, Gasteizko beste euskaldun batzuekin elkartu daitezela ekintza berezi bat egiten duten bitartean.
Hauek dira momentuz urrirako planteatuta dauden ekintzak. Doakoak edo prezio murriztuan eskaintzen dira guztiak, beti ere aurretik izen ematea bete behar delarik www.geuelkartea.eus web gunean:
- KALE SCAPEROOMA
- SARRERAK DESKONTUAREKIN “Lurtarrok”
- IBILBIDE GIDATUA “Ikustarazi beharreko historia: emakumeak gasteizen”
Izen ematea
Izena emateko beharrezko informazioa, www.geuelkartea.eus webgunean aurki daiteke.
Urriaren 3an ireki zen izen ematea eta 31era arte egongo da zabalik galdetegia. Izena eman ondoren 24€-ko kuota ordaindu eta aukeratutako eguna eta zonaldean bilduko den taldea proposatuko die elkarteak partehartzaile berriei.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!