Lan, bizi eta pentsio duinen alde, ofentsibara egingo dute salto Gasteizko gazteek urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean
Urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren testuinguruan sortutako Gasteizko Gazte Komiteak agerraldia egin du gaur Andra Mari Zuriaren plazako balkonadan. Euskal herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba deialdiarekin eta honen aldarrikapenekin bat egin eta bertan parte hartzeko gonbitea luzatu diote hiriko gazteriari.
Dozenaka gazte elkartu dira gaur goizean Andra Mari Zuriaren plazan Gasteizko Gazte Greba Komiteak burututako agerraldian. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30erako deitu duen Greba Orokorraren antolaketarako duela hilabete eratu zen Gasteizko Gazte Komitea, auzoetako greba batzordeekin batera. Gaur, hilabeteko lanaren ostean, “Gazteok Ofentsibara!” dinamika eta Geba Orokorrari begira prestatutako egitaraua aurkeztu dituzte.
Egungo testuinguru sozioekonomikoan ematen den prekarizazio prozesuak gazteak “modu berezituan” kolpatzen dituela azpimarratu dute: enplegu prekarioak, emantzipatzeko zailtasunak, etxebizitza merkatuan ematen den espekulazioa, lan-aldi partzialak, kontratu ezak… Oso larritzat jo dute egoera gazteak baldintza hauetan bizitzera ohitzen ari baitira, “Sistemak gu desmobilizatuta eta atomizatuta mantentzeko interes berezia dauka” ohartarazi dute.
Indibidualismoaren amua irentsi ez eta gazteria haserre eta prest dagoela erakusteko hautua egingo dute urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean. Kaleak hartzeko deia luzatu diote Gasteizko gazteriari, bai eta grebaren aurreko asteetan antolatu duten egitarauan parte hartzeko. Urtarrilaren 9an, 19:00etan, Hala Bedi ondoko lokalean egingo duten Gazte Komitearekin emango diote hasiera egitarauari, eta hurrengo asteetan zehar hainbat ekimen eta tailer prestatuko dituzte.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!