Bazkaldu gabe geratuko naizela
Duela urte batzuk zabalki hedatu zen bideo meme hori, benetazkoa ez izan arren, baizik eta filme baten eszena. Banku baten lapurretan, kanpoaldean dagoen gizon bat elkarrizketatzen dute, eta garbiketa langilea den bere izekoa barruan dagoela azaltzen du. Janaria jartzeko itxaroten ari zela eta ez diola jarri. Ea zerbait gertatuko zaion beldur dagoen galdetzen diotenean, zera erantzuten du: “bai, bai, bai… bazkaldu gabe geratuko naizela”.
Oso ona zen, bai, eta barre egin genuen askok umore beltzaren egoera surrealista horrekin. Hala ere, errealitatearen mundura bueltatuta, muturreko berekoikeria eta enpatia faltaren parodia hori egunerokoan ikusten dugu. Ez da meme bat, baina normalizatuta dago. Eta ez du inolako graziarik.
Bai, munduan zehar milaka lagun akabatzen dituzten bitartean, sionistek genozidio bat gauzatzen duten bitartean, eskolak eta ospitaleak lehertzen dituzten bitartean, herriak gosez eta gaixotasunez suntsitzen dituzten bitartean, zentzura inolako lotsarik gabe ezartzen duten bitartean, ideologia faxista munduan zehar eta gure gizartean hedatzen den bitartean, gasolina zenbat igoko den eta gure bizitza zenbat garestituko den askori kezkatzen zaien gauza bakarra omen da. Ormuz itsasartean jarri omen dute beren arreta hiritar askok, ez Teheran, Shiraz, Beirut edo Gazan… ez. Bai. “Bai, bai, bai… nire kontsumo-maila orain arte bezala mantendu ezin geratuko naizela”.
Burgesia atlantista eta sionismoa gerra zabaltzeko saiakeretan daude, bai Errusiaren kontrako enfrentamendu irekian sartzeko baita Iranen aurkako erasotzaileen taldera gehitzeko ere. Europako elite kapitalistak gerra nahi du; gerra behar du. Errusiako petrolio eta gasik gabe, ekonomia maldan behera eta munduko beste zonaldeetan influentziaren galera progresiboa izanda, militarizatze bidea seinalatu digute. Armagintza bultzatu eta zerbitzu militarra pixkanaka-pixkanaka berrezarri. Euskal Herrian Zedarriak lobby-ak iragarri zuen euskal burgesiak haututako bidea, instituzio eta alderdi politiko batzuen txaloen artean. Armagintzari, era zuzenean edo ez-zuzenean, lotutako aktibitate ekonomikoek eta ikerketak lehiakortasuna emango digu, euskal ekonomia indartuko eta lanpostu asko sortuko omen ditu. Langile asko pozik, sabela beteko omen. “Bai, bai, bai… bazkaldu gabe geratuko ez naizela”.
Sionismo supremazistak, inpunitate osoz, Gazan eta Zisjordanian zigorgabeko sarraskia garatzen jarraitzen du, presoak torturatzen eta hiltzen, lurrak lapurtzen, olibondoak mozten, Libano bonbardatzen… Aldi berean, euskal enpresak sionistekin harremanetan, azken hilabeteetan CAF eta beste enpresa batzuekiko presioa gutxitu bada ere. Aldi berean, sionistek beren odoleztatutako aurpegia zuritzeko saiakera arrakastatsuan, Europako kultura-ekitaldietan, Eurovision-en eta kirol lehiaketetan Israel marka zabaltzen. Euskal Herrian ere, Tel Aviv-eko Hapoel eta Maccabi saskibaloi taldeak, sionismoaren enbaxadoreak, alfonbra gorriarekin jasoko ditu hemengo eliteak. Pabiloiko kanpoaldean protesta ozenak egongo dira, baina barruan memearen bezalako bazkide asko, langile asko, Palestinarren tragediari eta partidura ez joateko eskaerei bizkarra emanda. “Bai, bai, bai… Baskonia ikusi gabe geratuko ez naizela”.
“Jatearen gauzak” (“las cosas del comer”) kontuan hartzeko ezinbesteko alderdiak dira, baina ezkerretik mezua horretan zentratzeak piztia baino ez du elikatzen. Ordez, errealitatea interpretatzeko eta eraldatzeko herriaren formazio politikoa da elikatu behar dena, sabelaren epe-laburkeriatik baino askoz harago doana. Langile klasearen bizi-baldintzak okertzeak, hemen eta, zer esanik ez!, munduko beste leku askotan, erantzuleak dauzka, eta ez dira Ormuz itsasertzean ontzien kontra jaurtitzen ari diren misilak eta droneak. Eta irtenbideak ez dira etorriko zerga batzuk jaistetik edota erregaia merkatzeko diru-laguntzak ematetik. Euskal Herriak NATOri ezetza eman zion 40. urteurrenean Iruñean egindako manifestazioan era argian seinalatu zen zein den irtenbidea, zein den norabidea, zein den jopuntua, zein den herrion eta langileon etsaia: inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena, baita tokian tokiko bere laguntzaile zitalak ere. Askorentzat oso etereoa omen den kontzeptu hori, Euskal Herrian alderdi zehatzetan gauzatzen da: okupatutako Bardeak, euskal armagintza, militarismorako zergak eta ikerketa, edota enpresa yanki eta sionisten produktuen kontsumoa ere. Izan ere, inperialismo yankia, sionismoa eta Europako burgesiaren militarismoa egunerokoan elikatzen jarraitzen dugu. Besteak beste, aisialdiari lotutako produktu asko axolagabe kontsumitzean (kirola, zinema eta serieak, musika, arropa…) herrien zapaltzaileen kultura hegemonikoa ontzat ematen ari gara eta etsaia finantzatzen ari gara. Eta ez gaude, inolaz ere, behartuta hautu hori egitera. Alternatibak daude eta, kasu batzuetan, ez dago beharrik produktu horiek kontsumitzeko.
Elite kriminal horiek elikatzen jarraitzen dugun bitartean, beste herri asko eta gu ere, bai, bai, bai, bazkaldu gabe geratzera kondenatuta gaude.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
