Irati Antia: “Ideia abolizionistak gero eta indartsuagoak ziren arren, Zuluetak beti defendatu zituen pertsonen trafikoa eta esklabotza”
Nor izan zen Julian de Zulueta?
Araban jaio zen 1814an eta oso gazte joan zen Kubara, osaba bati laguntzera. Osaba hil zenean haren herentzia guztia jaso zuen eta negozio asko egin zituen diru horrekin: pertsonen trafikoa, besteak beste. Hori izan zen Zuluetaren negozio nagusia. Dirutza egin zuen eta botere handia lortu zuen Kuban eta Espainiako Inperioan.
Nekazari familiakoa zen eta aberastu egin zen Kubara joanda. Ohikoa al zen garai hartan?
Kuba Espainiar Inperioaren azken kolonietako bat zen, Filipinekin batera. Kuba zen aberatsena, munduko azukre esportatzailerik handiena. Hemen lanik ez eta jende asko joaten zen hara lan bila, kontaktu bidez batez ere. Extremadura eta Galiziatik ere jende asko joan zen azukre kanaberetan lan egitera. Hor ere historia asko daude, galiziarrak esklabizatu zituzten galiziarrak, lana emango zietela esanda… Euskaldun eta katalan asko merkatari egin ziren, ingenioak lortu zituzten eta, ondorioz, posizio sozial eta ekonomiko altua. Kontaktuak zituzten.
Julian de Zuluetak pertsonen trafikoa eta esklabizazioa, biak praktikatu zituen. Afrikan pertsonak hartu eta Kubara eramaten zituen esklabo bihurtuta, beretzako lan egiteko edo saltzeko. Alokatu ere egiten zituen pertsonak. Berak bost azukre-lantegi edo ingenio zituen. Álava deitu zion handienari.
Zuluetak ere botere ekonomiko eta politiko handia lortu zuen.
Ekonomikoa dirutza irabazi zuelako. Hil zenean Espainiar Inperioko pertsonarik aberatsena zen, aristokrazia kenduta. Botere politikoari dagokionez, Zulueta Espainiar Koroarekin posizionatu zen eta horrek estatusa eman zion. Hau da, Kubaren independentziaren aurka egin zuen. Hamar Urteko Gerran koronela izan zen. Gainera, Habanako alkatea izatea lortu zuen, baita Habanako Casino Españoleko presidentea ere. Hor batzen zen Espainiar Koroaren aldeko “klub soziala”.
Irlako Ogasundunen Batzar Orokorreko zuzendaria zelarik, zera esan zion kapitain jeneralari esklabutzaren abolizioaren harira: “Zuzendaritzak frogatu beharko du esklabutzaren abolizioa, beste beso batzuek ordezkatu gabe, lana antolatzeko legerik gabe, langileak sartzeko baimenik gabe, Kubaren heriotza aitortzea dela, epe gutxi gorabehera luzean, uhartearen hustea, penintsulako itsas-merkataritzaren amaiera, familia askoren miseria eta probintzia honetan ekoizten diren produktuen amaiera izango dela” (azukrebeltza.eus web orritik hartutako aipua)
Zer posizio hartu zuen esklabotzaren abolizioaren aldeko mugimenduarekin?
Pertsonen trafikoa abolitzeko ituna aspaldi egina zuten Britainiar eta Espainiar Koroek. Britainiarrak saiatzen ziren jazartzen (Zulueta bera bi hilabetez egon zen espetxean), baina espainiarrek ezikusiarena egiten zuten. Ideia abolizionistak gero eta indartsuagoak ziren arren, Zuluetak beti defendatu zituen pertsonen trafikoa eta esklabotza. Hau hil eta urte gutxira abolitu ziren, baina emantzipatutako pertsonek traba burokratiko asko gainditu behar zituzten egoera administratibo erregularra izateko.
Txinatik ere ekarri zituen esklaboak Zuluetak. Hainbeste zirenez Afrikatik ekarritako pertsonak Kuban, momentu batean biztanleriaren erdia baino gehiago beltza zen. Abolizionismoa indartsu zegoen eta, aldi berean, arrazakeria oso gogorra eta bortitza zen. Haitiko iraultza ere gertatu berri zen. Azkenean, esklabista zuriak matxinadaren beldur ziren. Horregatik planeatu zuten esklaboak beste nonbaitetik ekartzen hastea eta zuriak izatea. Zulueta izan zen bultzatu zuena Asiatik eta bereziki Txinatik ekartzea, horren aldeko diskurtso bat eratu zuen.
Julian de Zuluetak, afrikarren ezkutuko salerosketan izandako esperientziagatik, honako hau planteatu zuen txinatarrak Kubara eramatearen inguruan: “Lan-beharrak hornitzeko modu enpirikoei beste modu zientifikoago batzuk ordeztu zizkien, eta hemen sortu zen Asiako kolonoak herrialdera eramateko ideia, txinatarren aukera hobestu zena, Asiako gizon langile eta industrialenak sortzen dituena” (azukrebeltza.eus web orritik hartutako aipua)
Nola bizi ziren esklabutzapean pertsonak?
Barrakoietan bizi ziren, lurrean, oherik gabe eta 16 orduko lanaldiak egiten. Gizonak ziren batez ere, emakumeei etxeko lanak egitea eta haurrak zaintzea egokitzen zieten. Haurren trafikoa ere egin zuen Zuluetak, itsasontzietan gutxiago okupatzen zutelako eta arazo gutxiago ematen zutelako. Oso gogorra da. Zigor fisikoak ere baziren, noski. Ciriako-rena, adibidez, Kuban kontatu zidaten, ez dut inon irakurri. Ciriako pertsona esklabizatua zen. Liberatzen saiatu zen, altxamendu bat mugitu zuen eta harrapatu egin zuten. Zigor gisa, barrakoien sarreran dagoen dorre batean eskegi zuten bizirik, egunero esklaboek ikusi zezaten usteltzen. Usteldu arte utzi zutela da kontatzen dutena.
Kuban ere egon zara, Zuluetaren arrastoaren atzetik.
Hori da. Kuban egon nintzen, Álava ingenioa zegoen lekuan. Gaur egun herrixka da. Barrakoiak etxebizitza bihurtu dituzte eta hor bizi dira. Esklabizatutako pertsonen ondorengoak dira gehienak eta Zulueta abizena dute askok. Bertan bizi den emakume batek, Eneida Villegas Zuluetak, ikerketak egin ditu “Tras las huellas de nuestros ancestros” proiektuarekin eta museoa dauka barrakoi batean. Gu han egon ginen “El día del alavés ausente” egunean. Abuztuaren 21ean ospatzen duten jaia da Álava ingenioan, kutsu erlijiosoa ere baduena, yoruba erlijiokoa. Ospakizun itxura du, baina esklabizatutako pertsonen ondorengoak elkartzeko jaia da. Eneida Villegas Zuluetak bultzatu zuen. Erritualak egiten dira, baina elkarrekin egon ere bai, istorioak kontatu, komunitatea egin, negar egin, emozioak atera.
Ezagunagoa da han Zuluetaren figura hemen baino, dirudienez.
Bai, belaunaldi arteko transmisio handia egin dute, modu natural batean. Emozio handiz kontatzen dituzte istorioak, senideek kontatu dizkiete, arbasoen eta norbere bizitza da. Guk daukagu guzti honi buruz ez pentsatzeko pribilegioa, beste pribilegio askoren artean. Deserosoa da guretzako, ez badugu kontzientzia hartzetik pentsatzen daukagun historia kolonialari buruz. Elvira Zulueta ezagutzen nuen kaleagatik, baina ez nekien honi buruz ezer Kutxaratxas musika taldeak abesti bat egin zuen arte. Baina historiak zuzenean interpelatzen gaitu.
Kamisetak diseinatu eta salgai jarri dituzu “Tras las huellas de nuestros ancestros” proiektu komunitarioa sustatzeko.
Bai, 17 euro balio dute. Saltzen den kamiseta bakoitzarekin 7 euro hara bidaliko ditugu, proiektua ekonomikoki bultzatzeko. Preorder bidez eskatu daitezke.
Proiektua 80ko hamarkadaren erdialdean sortu zuten Villegas Zulueta anai-arrebek, tokiko historia berreskuratu eta berreraikitzeko, ez baitzegoen ikerketa historikorik egiteko baliabiderik. Bizitza bera ere oso prekarioa da eta horretarako ere laguntzen dute. Proiektua sortu zenetik ikerketak egin dira esklabotza garaiko bizitzari buruz eta komunitatea indartzeko ekimenak ere bai.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!