Iñaki Viñasprek jantzi du Arabako txapela
30 urtez azpiko bost kide izan ditu aldamenean Viñasprek. Oholtzako lagunak gintonic, marianito eta abarrekin deskribatu ditu hasierako agurrean, eta bere buruaz “carajillo” edo kafe-pattarra esan du. Jendearen barreak eragin ditu. Oro har jostari aritu da ariketaz ariketa, zukua umoretik ateratzen. Guztira 1.141 puntu osatu ditu. Buruz burukoan estreinako finala izan duen Unai Andarekin aritu da (1124,5 puntu). Honela gelditu da sailkapen segida: Peru Abarrategi (749,5), Aroa Arrizubieta (749), Maddi Agirre (740,5) eta Martin Abarrategi (710). Andaz gain, azken bi horientzat ere estreinako finala izan da. Irati Martinez Izaga aritu da gaiak ematen. through Argia.eus | Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Korrika Gasteiztik igaro den biharamun gozoan elkartu dira 800 bertsozale Europa Jauregian, Arabako bertsolari txapeldun berria nor izango ikusmiran. Guztira bost saio jokatu dira finalerako bidean: lehenengo faseko hiru saio eta finalaurreko bi, bata Dulantzin eta bestea Aramaion. Txapelketa honetako berrikuntza izan da bertsoaldi guztiek puntuatu dutela finalera sailkatzeko, hau da, finalaurrekoek bezainbeste balio izan dutela lehen faseko saioek, esan nahi baita finalaurrekoak ez direla hutsetik hasi.
Seiko final honetara laugarren eta bosgarren sailkatu diren bertsolariak heldu dira buruz burukora: Iñaki Viñaspre (Abetxuko, 1984) eta Unai Anda (Ametzaga Zuia, 1999). Viñaspre final guztietan egon da 2004tik, eta Andarentzat, berriz, lehenbizikoa izan da.
Ausart eta jostari agertu da oholtzan Anda hasiera-hasieratik. Eta halaxe aritu da buruz burukoan Viñasprerekin ere bai. Gai kitzikagarria ipini diete: lankide bi dira, duela gutxi hasitakoak, eta jabetu berri dira pertsona beraren bikotekide eta maitale direla; Viñaspre bikotekidea eta Anda maitalea. Viñasprek lehen bertsoan esan du ez liokeela bikotekideari giltzurrunik transplantatuko, eta honela erantzun dio Andak: “Enioke emango berea / hark nahiko balu bezala / gu biok beti egiten dugu / horren bikote itzela / beti ezkutatzekotan gabiltza gu benetan / ta esan zidan horrela / beti leihotik irtetearena / ohitura kontua zela”. Viñasprek bizi-bizi bi bertso geroago: “Ta demostratzen zizun ederki / ez dut ezer esateko / konparaketa eginez gero / guztiak ditut galtzeko / nolako aurpegia, joe, ze inbidia / gainera horren koketo / berarekin hasi ta har nazazu / zure maitale izateko”.
Ganbarako lanerako, hauxe izan da gaia: “Ikasten ari zara egoera eta pertsona batzuekin lekuz kanpo sentitzea batzuetan ederra dela”.
Viñaspre izan da lehena kantatzen. Urte askoan belarriak jaitsi eta ingurukoen komentarioak entzutera eta irenstera ohituta egon den pertsonaren paperetik kantatu du. “Izaten nintzen leiala, / jatorra eta goxoa / baina kontua aldatu da / jada ez da erosoa”. Puntu honekin amaitu du lehen bertsoa: “Hemen gustura banengo / hor legoke arazoa”. Hauxe izan da bere bigarren bertsoa: “Txorakeriak entzuten / lehen nenbilen hain alai / orain bat entzun orduko / jada ez naiz sentitzen lasai / ingurukoei hainbeste irain / botaz hor nolanahi / aldatzen dira pertsonak / ta beti garaiak garai / jada ondoan ez ditut nahi / lehen nituenak anai / hobe esanda: hori bai / ta beste hori ez dut nahi / lagunak lagun baitira / baina pertsonak ere bai”.
Gaia gehiago zehaztearen hautua egin du Andak. Enpresa handi batean lan egiten duen beharginaren gorputzetik, deserosotasunak kontatu ditu; keinu txarrak eta ordu estrak, besteak beste: “Ukatu ohi digu berak / baja eskubidea / sekula ere ez dugu / egun bat guk librea”. Baina aldamenean dituen lankideek men egin eta eskerrak ematen dizkie nagusiari. Anda ez da horrekin kontent. Horregatik, bazkalorduan, aparteko gela batera joaten da bere jatekoarekin. Honela bukatu du bertsoaldia: “Otordu orduan beti / beteta dago gela / halare bakar-bakarrik / egoten naiz horrela / txarto begiratzen naute / besteek dena dela / barnean sentitu ohi dut / nik bake bat itzela / aspaldi da gustura ni / bertan ez nagoela / ez naizelako haien gisan / ta eskerrak ez naizela”.

Bertsozale
Saio bizia ariketaz ariketa
Finalera puntu gehienekin sailkatuta iritsi da Maddi Arregi (Gasteiz, 2005). Lehen finala izan du, Martin Abarrategik (Aramaio, 2001), Unai Andak bezalaxe. Arregik izu edo bertigo puntua aipatu du hasierako agurreko bertsotan. Baina gerora segurtasunez nabaritu zaio saio osoan. Nonbait nabarmendu bada, beharbada bakarkako ariketan izan da. Psikologoak erretiro batera joateko gonbidatu duen udal langile baten gorputzetik kantatu du. Hauxe izan du bigarren eta azken bertsoa: “Eta kontsultara joaten / daramatzat hainbat urte / psikologoak badauka / lanean zenbait bertute / baina ez da erraz konpontzen / buru hau ez ezazu uste / guztia da zentzugabe / dena ilun eta kutre / esan dit eskapa bat / egin beharko zenuke / ta nahiz lasaituko naizen / bidaiatxo horren truke / bueltatzean arazoek / hemen jarraituko dute”.
Bakarkakoetan aise aritu den beste bertsolarietako bat Peru Abarrategi (Aramaio, 1997) izan da. Eskatu diote posizio batean jartzeko zeinetan albiste den berak gustuko duen artista bati abusuak egitea leporatzen diotela. Ayax eta Prok musikarien kasua hartuta abestu du bigarren bertsoa, kritiko: “Ez zutenez aurkituko / haiek laztanen epela / nahi dutena egitea / da beraien erregela / ta gaur ikusi duguna / horren zerrenda krudela / ez baditugu gelditzen / segiko dute horrela / beti izaten baitute / inpunitate itzela / tratatu behar ditugu / merezi duten bezala / beraien amildegian / izorratu daitezela”.
Binaka, zortziko handian, Korrikaren inguruan kantatzen jarri dituzte Unai Anda eta Aroa Arrizubieta (Gasteiz, 2001). Lehen aldia dute furgonetan joaten, eta jendearengandik poza eta zirrara jaso badute ere, komunikabide batzuetan kontrako jarrerak ere sumatu dituzte. Anda hasi da: “Jarrera batzuk ikusi izanak / ni neu zinez harritu nau / Comisionesen (CCOO) kasu horrexen / segida baino ez da hau / gure ibilbide osoan zehar / hau izan baitugu arau / ze euskararen aurka borrokak / oraindik bizirik dirau”. Furgonetako bozgorailutik zer esan eta zer ez eztabaidan aritu dira gero, atrebentziak eta beldurrak medio, eta bultzada ematearen alde egin du Arrizubietak: “Esan ezazu ta beharbada / aterako gara hegaz / ezin damutu gaitezkeelako / hartu genuen aukeraz / ez zait inporta niri PSOE / ta Comisiones Obreras / begira zenbat jende dagoen / hemen korrika euskaraz”.
Binaka baita ere, baina seiko motzean, publikoaren barrea eragin du Martin Abarrategiren eta Unai Andaren arteko bertsoaldiak. Gai zelebrea zeukaten. Lankide bi dira, taldeko bilera batean daude, eta biei aldi berean jo die telefonoak. Bikotekideak edo sexurako lagunak bilatzeko aplikazio ezagun baten jakinarazpena zen; match egin dute. Bilera bukatu eta bakarrik gelditu dira gelan. Andak bota dio: “Ze toki match izateko / baina hemen dagoeneko / bakarrik gaude ta nire ustez / gabiltza ederto / astea ondo ixteko / behar denera iristeko / niri gogoa sartu zait / ordu estrak egiteko”. Abarrategik gero: “Fantaseatzen hasita / nik aldatuko dut txipa / ta berotzen naiz jefe horrexen / mahai hortan jarrita / egingo dugu hau ti-ta / ta izango da polita / bihar goizeko zazpietan da / bigarrengo zita”.
Azkenik, zortziko handian, fin aritu dira Peru Abarrategi eta Iñaki Viñaspre. Nerabe bailiran, eskolan, 1976ko martxoaren 3ko gertakarien ikasgaia eman ostean, Martxoak 3 elkarteari gutun bat idazteko lana eskatu diete. Memoriaren garrantziaz mintzatu da Abarrategi: “Denon artean idazten dugu / zentroetan eskutitza / nahiko krudela delako oraindik / langilearen bizitza / biok ez gara hara iritsi / baina ikasten gabiltza / transmisioa ez da etengo / eman dezakegu hitza”. Eta Viñasprek osatu du, oraindik ere mina badela oholtzara ekarrita: “Justizia eskatuko dugu / ozen ta lau haizetara / berdin da pasatzea bi urte / edota bost hamarkada / azken finean gure andereñok / esaten duen erara / denborak ez du zauririk ixten / ondo sendatu ez bada”.
Martxoak 3 elkarteak ipini dio txapela Iñaki Viñaspreri, 2026ko Arabako Bertsolari Txapelketako irabazleari.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
