Gasteizko Udaltzaingoak migratzaileen aurkako legez kanpoko identifikazioak burutzen dituela salatu dute
Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba elkarteak ohar batean salatu duenez, Gasteizko Udaltzaingoak legez kanpoko identifikazioak egiten dizkie migratzaile eta aterpe bila dabiltzan lagunei. Udalaren pasibotasuna gogor kritikatu dute.
Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba elkarteak Gasteizko Udalak martxoaren 14tik 23ra hirian ospatutako Arrazakeriaren Aurkako Astearekin bat egitea ospatu du. “Pentsatu nahiko genuke horrek aldaketa ekarriko duela Udalak hiri honetara aterpe bila edo migratzaile gisa heltzen diren pertsonei aplikatzen dien politikan […] Baina gaurkoan, Gasteizko udaltzain askok izaten duten jokabide bat aipatu nahiko genuke: identifikazio eta sarekada arrazistak“.
Zentzu honetan, Urtaranen Gobernuaren pasibotasuna ere gaitzetsi dute, Udalaren zerbitzura dauden agenteei legez kanpoko identifikazioak aurrera eramaten uzteagatik.
Gainera, OEE Arabaren salaketa hau ez da lehenengoa. Orain dela urte batzuk, Gasteizko Sindikoak egoera horren berri eman zuen eta Udaltzaingoa egiten ari zena ez zela zuzenbidearen araberakoa esanez. “Horregatik ez zuen sinatu gure mugimenduak Udalaren ondoan arrazakeriaren aurkako astearen deialdia”, argitu nahi izan dute.
Amaitzeko, elkarteak Udal agintariei agenteei formakuntza emateko eskatu die, “berdintasunean, herritar guztienganako eta, beriziki, gizarte- bazterkeria egoeran daudenenganako errespetu eta babesean. Era berean exijitzen dugu jar daitezela jarri beharreko baliabide guztiak udaltzainek identifikazio arrazista eta legez kontrakorik egin ez dezaten”.
Bestalde, Gasteizko Sindikoa eta Arartekoa jakinaren gainean jarri dituztela azpimarratu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!