Gasteizko gaztetxeak 38 urte beteko ditu
Urteurrenaren astean egitarau oparoa antolatu du asanbladak, gaztetxeari bizitza ematen dioten kolektibo zein norbanakoei espazio bat emateko asmoz.
Aurten 38 urte beteko dira Gasteizko gaztetxea okupatu zenetik. 1988ko San Prudentzio eguneko eguerdi aldera, 250 gazte inguru elkartu ziren, eta apezpikuaren jabetza zen lorezainaren etxea okupatu zuten. Ordutik, asanblada eta lantaldeen bitartez funtzionatu du muinoko etxeak, eta herri mugimenduarentzat zein hainbat eragileentzat babesleku eta erreferentziazko espazioa izan da urteetan zehar.
Bere jarduna hasi zuenetik, gaztetxeak hainbat oztopo gainditu behar izan ditu, besteak beste desalojo mehatxuak eta poliziaren jazarpena. Duela hiru urte, hain zuzen, 35. urteurrenaren egitaraua ospatzen ari zirelarik, udaltzaingoa bertaratu zen, eta gaztetxeko soinu teknikaria atxilotu eta bertan zeuden gazteak mehatxatu zituen. Hala ere, egitaraua aurrera eraman zuten gaztetxeko kideek.
38. urteurrena ospatzeko, egitarau oparoa prestatu du asanbladak. Egitarau zabala antolatu dute, eta urte osoan zehar gaztetxeari bizitza ematen dioten kolektibo zein norbanakoei euren espazioa ematen ahalegindu dira. Igandean eman zioten hasiera aste osoko egitarauari, umeen egunarekin. Auzoko txikientzat ipuin kontalaria, jolasak, eskulanak eta merendola antolatu zuten.
Apirilaren 22an, okupazioaren egoeraren inguruan hausnartuko dute. Arratsaldeko 18:30etan, Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak aurkeztuko dituzte, eta ordu erdi beranduago “Okupazioa Gasteizen. Hausnarketa kolektiboa” izeneko mahaingurua izango dute. Bertan Gasteizko kolektibo ezberdinek okupazioaren inguruko hainbat gogoeta partekatuko dituzte, eta okupazioren kontrako ofentsibaz eta honi aterabideak emateko proposamenaz solastuko dira.
Apirilaren 23an, ostegun unibertsitarioa izanda, ikasle eguna antolatu dute Herri Unibertsitatearekin batera. Gaztetxeak 18:30etan irekiko ditu bere ateak, eta arratsaldeari hasiera emango diote bertso saio batekin. Ostean Berandu Baino Lehen eta Mutiko & Marmitako Trap banda taldeak izango ditugu oholtza gainean.
Ostiralean Zea Mays talde bilbotarra ekarriko dute, gazte eta ez hain gazte direnak dantzan jartzeko, gaztetxetik pasa diren belaunaldi ezberdinak elkartzeko asmoarekin.
Larunbata izango da urteurreneko egun zentrala. Gaztetxearen egunean egun osoko egitarau bat antolatu du asanbladak. Eguerdiko 12:00etan kilometro bertikalarekin hasiko dute eguna, Andra Mari Zuriaren plazatik gaztetxera igoko dira korrika egiten. Sari banaketa eta gero, karropoteoa antolatu dute Kutxitik, eta Auzolana pilotalekuan bazkalduko dute. Bazkaldu eta gero bingo musikatua egingo dute eta arratsaldeari bertso poteo batekin emango diote hasiera, Eli Zaldua eta Aroa Arrizubietaren eskutik. Ostean zumba saioa izango da Rafa Plazan, eta 20:30etan kontzertuak hasiko dira White Carters, Kumbialari eta DJ Rosa Marirekin.
Zea Maysen kontzerturako sarrerak eta larunbateko bazkariko tiketak Hala Bedi tabernan, Botxon, Txapelarrin eta Garrazin daude salgai.

Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
