Su-etenik ez Amedeko batailan
Amedeko (Diyarbakir) hiri zaharra inguratzen duten harresietako gaina da Sur auzoaren suntsiketaz jabetzeko lekurik aproposena. Handik ikusten da hondamendiaren tamaina. Milaka lagun bizi ziren auzoa hondakinetara murriztu dute. Soilik hondemakinak eta bi mezkita ikusi daitezke triskantzaren barnean. Ez da kasualitatea. Turkiako estatuaren proiektua islatzen dituzten elemenduak dira: hondemakinak eta hondakinak herri kurduaren suntsiketa; mezkitak, ordea, AKPren proiektu islamizatzailea. Tartean ikusten diren polizia postuak, azkenik, estatu errepresiboaren ikurra dira.
Testua: Euskal Herriko brigada Newrozen | Argazkiak: Kauldi Iriondo
Amedeko bataila
Amed 930.000 biztanleko hiria da, Bakurreko (Turkiako Kurdistan) hiriburua. Hiri zahar hau gertakizun askoren lekukoa izan da. Gertakizun gehienek herri kurduaren erresistentzia dute amankomunean. Izan ere, Amedeko biztanleriaren gehiengoa kurdua da, soilik ehuneko txiki bat turkiar jatorrikoa izanik. Hautako asko poliziak eta funtzionarioak dira. Urteen poderioz, lehen aipatutako harresietatik haratago hedatu da hiria. Hiriaren zabalpen horren arrazoi nagusienetako bat 90. hamarkadan Turkiako estatuak herri askoren kontrako eraso militarrak dira. PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) ahultzeko nahian ehundaka herri suntsitu eta erraustu zituen Turkiak. Suntsipenetik ihesitako askok Ameden bilatu zuten babesa, harresietatik kanpo eta Surreko auzoan bertan.
Surreko auzoaren suntsiketa Bakurreko beste herri batzuk desagerrarazteko planaren barruan zegoen. 2013-2015eko PKK eta Turkiako gobernuaren arteko bake-elkarrizketak burutzen ari ziren bitartean, Turkiako gobernuak plan hau antolatu zuen. Garai honetan Turkiako estatua militarki indartu eta planaren ezaugarriak zehaztu zituen, tartean zenbat pertsona hiltzea beharrezkoa zen plana burutzeko. Bakurreko beste 12 barruti ere jomugan zeuden: HDPek bozken gehiengoa (%92a) lortu zuten barrutiak, alegia.
Turkiako estatuak bake-elkarrizketak zapuztu zituenean, Kurdistango Askapenerako Mugimenduak autonomia demokratikoa aldarrikatu zuen aipatutako barrutietan eta beste askotan. Zonalde askatuak ziren hauek, Konfederalismo Demokratikoaren ideien pean autogobernua eraikitzeko sortuak. Orduan jaio ziren YPS eta YPS-JIN milizia kurduak, Turkiako armadaren oldarraldiari aurre egiteko eta eremu hauek defendatzeko. Autonomia demokratikoaren aldarrikapenei jarraitu zion gatazka armatuan, Turkiako armadak sarraski handiak egin zituen. Ameden, eta bereziki Surren, era gordinean bizi izan zen enfrentamendu hau.
Biziberritze artifiziala
2016ko guda atxiakiatzat hartuz, Turkiako Gobernuak Surreko auzo ugari suntsitu ditu. Ez soilik gatazka armatua pairatu zuten guneak, Surreko beste auzo asko eta asko eraitsi dituzte ere. Jabetzak halanola desjabetu eta hondeamakinak sartu dituzte den-dena lurrera botatzeko. Hau izan da jokabidea. Honek lekualdatze masibo bat eragin du 35.000 desplazatu inguru sortuz. Eta tiro hotsak aspaldi ez entzun arren, aurrera jarraitzen du Turkiako Gobernuaren proiektua.
Zenbakiek argi hitz egiten dute: 148 Ha ditu Surrek eta horietako 46 suntsitu dituzte. 75 Ha-etan ezin da sartu: hesitu dituzte hondamendia ikustezina bihurtzeko.
Baina ez da suntsiketa hutsa Turkiako gobernuaren helburua. Eraikinen eraisketarekin batera, Sur berraikitzera abiatu da gobernua. Porlanaren negoziopean, aberatsentzako auzoa sortzen ari dira. Surreko memoriarekiko arrotzak suertatzen diren eraikinak ugarituz, auzo artifiziala sortzen ari dira. Garestituz doa pixkanaka-pixkanaka Surreko bizimodua. Jatorrizko auzokideek ezin diote garestitzeari aurre egin.
Militarizazioa prozesuaren beste atal bat da. 6 polizia-etxe egin dituzte azken 3 urteetan. Hondatutako errepideak, lehen estuak eta bihurgunetsuak izanik, zabalak berregin dituzte, polizia-autoak eta militarren blindatuak erraz pasa daitezen. Surreko harresiko sarreretan checkpoint iraunkorrak ezarri dituzte eta edonon aurkitu daitezke kalez jantzitako poliziak. Presentzia poliziala itogarria da.
Inposaketaren tresnak
Lehenengo momentu batean, operazio militarra eta suntsiketa erabili arren, orain beste tresna batzuk erabiltzen ari da Turkiako gobernua bere proiektua aurrera eramateko.
Dagoeneko, auzoaren %90a Turkiako Estatuarena da. 2017ko Newrozaren (martxoak 21) ostean desjabetzeekin hasi ziren. Hala ere, proiektua 2016ko gatazka armatua baino lehenagokoa da: 2012an Amedeko udaletxeak, Turkiako gobernuak eta estatuak akordioa sinatu zuten Surreko biztanleria lekualdatzeko eta kanpoaldeko eraikin berrietara bidaltzeko. Bizitzarik gabeko auzoak dira hauek: eraikin altuak eta mimetikoak, komertziorik ez eta kotxeen igarotzeko kaleak.
Gainera, kasu askotan desjabetzeengatik familiei agindutako 10.000 (2.125 euro inguru) lirako kalte-ordainketa ez da inoiz heldu. Familiak etxe berrietako alokairuei aurre egiteko arazoak dituzte. Asko eta asko familiarren edo ezagunen etxeetan bilatu dute babesa.
Desjabetze hauek aurrera eramateko, Turkiako gobernuak bere menpe dituen tresna guztiak erabili ditu. Elektrizitatea eta ur-korrontea kendu, adibidez. Edo osasun eta hezkuntza zerbitzuak Surretik mugiarazi beste auzoetara eramateko. Hala eta guztiz ere, familia batzuek bere etxeetan jarraitzearen aldeko erabakia hartu dutenean, hondamakinak sartu egin dituzte etxeak lurrera botatzeko.
Degradazio soziala sustatu dute ere. Turkiako gobernuak drogak eta prostituzioa sartu ditu Surreko kaleetan. Bizimodua gaiztotzearekin batera, gazteriaren desmobilizazioa bilatu dute drogen hedapenarekin. Ukaezina da Sur auzo politizatua zela. Familia asko Surrera etorriak ziren gatazka armatuaren eta Turkiako armadaren jazarpenaren eraginez. Kurdistango Askapen Mugimenduak auzotar gehienen babesa zuen. Horren erakusle, 2016ko Turkiako armadaren oldarraldiari eman zitzaion erantzuna.
Herri kurduaren bizimodua jo-puntuan
Harreman sozialei eragiten die Turkiako Gobernuaren ofentsibak. Amedeko basaltozko harresi ospetsuetatik haratago, Amed eta Surreko etxe tradizionalak historia luzea duten eraikinak dira. Ameden bizi izan diren armeniarren eta kurduen aztarna dira, hain zuzen ere. Herri kurduaren bihotzaren islada.
Harreman berezia dute eraikinen eta kaleen antolaketa eta kurduen identitatearen eraikuntza soziala. Herri kurduaren idiosinkraziaren erakuslea dira erakinak. Kurduen jendearteak komunitatea du oinarri. Kale estuek auzokideen artean harremanak sustatzen dituzten ingurua osatzen dute. Dendatxoek, tailerrek, erakin armeniarrek eta kafetegiek arriskuan dagoen geografia soziala konposatzen dute. Eraikin askoetako erdigunea patio bat izatea ez da kasualitatea. Familien arteko topagunea dira. Historian zehar familia hauek pairatutako jazarpenek haien arteko elkar-laguntza eta auzolana garatzea ekarri du.
Erresistentzia modu berri bat
Baina hondamendi honen aurrean ez dira geldirik egon. Duela urtebete Sur Babesteko Plataforma sortu zen. Izenak ongi aditzera ematen duen moduan, plataformaren helburua Sur babestea da: auzoaren idiosinkrazia bere horretan mantentzea. Plataforma honen barruan eragile desberdinak aurkitu daitezke (feministak, ekologistak, alderdi ezkertiarrak…) eta plataformako kideen arabera 1.000 ekintzaile inguru parte hartzen dute bertan.
Lehenengo hilabete hauetan sentsibilizazio kanpainarekin ari dira. Auzokideekin bilerak egiten dituzte egoera gordinaren inguruan hausnartzeko. Surreko biztanleak mobilizatzea dute helburu. Honekin batera, Amedeko eragileekin batzartzen ari dira, gero eta babes gehiago lortzea garrantzitsua ikusten dute eta.
Bide legala ez dute baztertu. Desjabetutako familiekin batera, espropiazioaren kontra prozedura judizialari hasiera eman diote desjabetze hauek salatuz. Turkiako Justizia kolapsatuta dagoela probestuz, salaketek ez dute ez aurrera ez atzera egin. Gauzak horrela, desjabetzeak eta lekualdatzeak ez dira ikertu nahiz eta ilegalak diren zantzuak egon.
Kurdistango gatazka politikoa laburbiltzen duen adibidea da Amedeko bataila. Turkiak erasoaldi militarra eta garbiketa etniko-kulturala uztartu ditu herri kurduarekin amaitzeko. Baina egoera zaila izan arren, Kurdistango Askapen Mugimenduak borrokarako bide guztiak baliatuz bere proiektu politikoa garatzen ari da: Konfederalismo Demokratikoa.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!